bidaiari - bidaia aldizkaria

Burdinbidearen Museoaren lurrun trenen denboraldiko azken bidaiak

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenen denboraldiko azken zirkulazioak eskainiko ditu urriko azken asteburuan eta azaroaren 1ean, jaieguna dela baliatuta. Trenean bidaiatzeaz gain, aitzakia aproposa eskaintzen du museoko harribitxiak ikusteko.

Denboraldiko azken bidaiak egingo dituzte lurrunezko trenek. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Euskotrenek jakinarazi duenez, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak denboraldiko azken bidaiak eskainiko ditu. Lurrunezko trenek museoaren instalazioetatik Lasaora bitarteko bidaia egingo dute urriaren 28an (12:00 eta 17:30), 29an (12:00) eta, azaroaren 1ean (12:00).

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin, besteak beste, lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta zenbait bagoi mota.

Makina-erremintak, ikusgai

Era berean, museoak Euskal Herriko makina-erreminta multzorik osoenetakoa du, Urolako trenbideko tailer mekaniko zaharrari esker, eta XIX. mendera arte trenetan erabiltzen ziren uniformeen erakusketa eta munduko tren ordularien bildumarik aberatsenetakoak ditu ikusgai.

Gainera, Museoak Espainiako gerra zibilean eta frankismoan esklabo gisa eskulanetan erabilitako presoen omenezko erakusketa iraunkorra ere eskaintzen dio bisitariari, zeinak erakusten duen nola 1937tik eta diktaduraren zati handi batean milaka gerrako preso eta, ondoren, preso komun erabiliak izan ziren herriak, azpiegiturak, errepideak, urtegiak edo trenbideak eraikitzeko.

Ordutegia

Museoaren ordutegia 10:00etik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era da asteartetik ostiralera; 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan; eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).

Azaroaren 2tik aurrera ordutegia aldatuko da eta hala mantenduko da 2024ko Aste Santura arte: 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era asteartetik larunbatera, eta 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).