bidaiari - bidaia aldizkaria

Turista kopuruak gora egin du udan Bilbon

Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera, Bilbok marka historikoa lortu du udan turismo alorrean. Lau hilabetetan (ekainetik irailera bitarte) 454.828 turista zenbatetsi ditu, 2022ko epealdi berean baino %3,6 gehiago.

Turisten kopurua gorantz doa Bilbon. (Getty Images)

Bilbok beste marka historiko bat erregistratu du udako turismo helmuga gisa, ekainetik irailera bitarte 454.828 turista zenbatetsi ondoren, 2022ko epealdi berean baino %3,6 gehiago. Hoteletako gaualdiek ere gora egin dute, 916.198 izateraino, iaz baino %6,4 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Hala jakinarazi du Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak. Bere iritziz, datuok agerian jartzen dute «udalak aldundiarekin eta turismo eragile guztiekin batera egiten duen lana, hiria helmuga erakargarria eta kalitatezkoa izan dadin».

Nazioarteko oihartzuna duten ekitaldi handiak eta beste hitzordu batzuk erakartzen eta garatzen ari direla esan du, eta Aste Nagusia (1,8 milioi bisitari baino gehiago), Bilbao BBK Live eta Bilbao Blues Festival jaialdiak, Frantziako Tourraren irteera eta hainbat esparrutako biltzarrak nabarmendu ditu.

Hotelak, gora

Hotel establezimenduetako gaualdien kopuruak ere gora egin du aurreko urtearekin alderatuta; zehazki, 2022an 861.471 izatetik 2023an 916.198 izatera igaro dira, hau da, %6,4ko gehikuntza. Bilboko hoteletako gaualdien hazkundea Bizkaikoa (%5,8) baino handiagoa izan da; ildo horretan, Bilbok Bizkaiko bisitarien %66,9 bildu du eta, EAE osoa hartuz gero, %30,2.

Hoteletara doazen bisitarien jatorriari dagokionez, atzerritarrak iaz 234.156 izatetik aurten 274.156 izatera igaro dira, hots, %17,1 gehiago. Aitzitik, Espainiako Estatuko bisitari gutxiago egon dira hoteletan: 180.672 izan dira, iaz baino %11,8 gutxiago. Bestalde, apartamentu turistikoetako egonaldiak areagotu dira: 10.838 pertsona eta 25.236 gaualdi.

Atzerriko turismoan, Estatu frantsesetik heldu dira bisitari gehien Bilbora, eta ondoren Alemaniatik, AEBetatik eta Erresuma Batutik. Bestalde, Espainiako Estatuaren barruan, hirian ostatu hartu duten pertsonen jatorriaren zerendan Madril izan da lehena, alde handia atereaz Katalunia, Andaluzia eta EAEri.

Azkenik, Bilboko turismo bulegoek aurrez aurreko 133.201 bisitari erregistratu zituzten ekainetik irailera bitarte; %57,7 nazioartekoak izan ziren, %32,2 Espainiako Estatukoak eta %10,1 EAEkoak. Atzerriko bisiten jatorriari dagokionez, zerrendaren buruan Frantzia dago (%12), eta ondoren Erresuma Batua (%10,65), Alemania (%7,53), Italia (%4,76), AEB (%4,06) eta Herbehereak (%3,42). Estatuko bisitarien artean, Madril nabarmendu da (%7,8), eta, ondoren, Katalunia (%6,15), Andaluzia (%4,71) eta Valentzia (%3,48).