bidaiari - bidaia aldizkaria

Lapurtutako bi artelan, Chagall eta Picassorenak, Anberesko soto batean aurkitu dituzte

Hamakau urtez desagertuta egon diren Picassoren ‘Burua’ eta Marc Chagallen ‘Gizona otoitzean’ artelanak aurkitu ditu poliziak Anberesko soto batean ezkutatuta. Margolanak Israelen lapurtu zituzten 2010ean.

Picassoren lanak izan dira ikusgai Bilbon. (Raul BOGAJO | FOKU)

2010ean Israelen lapurtutako bi koadro, bata Pablo Picassorena eta bestea Marc Chagallena, Belgikako Anberes hirian bereziki egokitutako soto batean aurkitu dituzte. Picassoren ‘Burua’ eta Chagallen ‘Gizona otoitzean’ mihiseak dira, Belgikako prentsaren arabera.

Artelanak 2010eko otsailean lapurtu zizkioten Tel Aviveko arte bildumagile bati, eta joan den astean aurkitu zituzten, Namurreko (Valonia eskualdea) polizia judizial federalak egindako ikerketa baten ondoren.

Ikerketa 2022ko amaieran hasi zen, polizia judizialari jakinarazi ziotenean Namurreko bizilagun batek salgai jarri zituela bi obrak.

2023an abian jarritako ikerketei esker, susmagarria obren jabe zela eta bere etxean edo senideren baten etxean gorde zitzakeela ondorioztatu zen.

Miaketak

Baina berriki Namurreko polizia judizialak, instrukzioko epaileak eskatuta, bi miaketa egin zituen susmagarri nagusiaren etxean.

Atxilotuta dagoen gizonaren etxean diru kantitate handia aurkitu zuten, baina koadroen arrastorik ez. Artelanak bazituela aitortu arren, hasieran ez zuen nahi esan non zeuden.

Azkenik, koadroak Flandriako Anberes portuko hiriko soto batean aurkitu ziren, bereziki egokituta zegoen txoko ezkutuan, eta, beraz, obrak egoera ezin hobean omen daude, baita jatorrizko markoak ere.

Adituen esanetan, lapurretaren unean, aipatutako artelanek 900.000 dolarreko balioa zuten. Beraz, polizia pozik agertu da aurkikuntzarekin. Guztira, hamalau urtez egon dira desagertuta.