bidaiari - bidaia aldizkaria

Machu Picchu-rako sarrerak atari birtual berrian salduko dira

Machu Picchu ikusi nahi duenak plataforma berri batean eroski beharko ditu sarrerak hemendik aurrera, bertako arduradunek aldaketak iragarri baitituzte. Plataforma berria honako hau da: tuboleto.cultura.

Machu Picchuko irudia. (Carolina PAUCAR | AFP)

Machu Picchuko gune arkeologikorako sarrerak plataforma birtual berri batean salduko dituzte, Leslie Urteaga Peruko Kultura ministroak jakinarazi duenez. Zehazki, tuboleto.cultura.pe da plataforma berria.

Joan den abenduaren amaieratik hasi ziren modalitate honetako sarrerak eskaintzen machupicchu.gob.pe webgunean eta Cuzcoko Kultura Zuzendaritzaren estranetean. Horren harira, Urteagak baieztatu du eguneko 1.000 txartel «aurrez aurre saltzen» jarraituko dutela Machu Picchu herrian, gune arkeologikoa dagoen mendiaren magalean.

Gainera, eskerrak eman zizkien Werner Salcedo Cuzcoko gobernadore erregionalari eta Machu Picchuko Kudeaketa Unitateko agintariei, sarreren salmenta-sistema hobetzeko beharraren aurrean emandako babesagatik.

Kultura Ministerioak ziurtatu duenez, horri esker, bertako turistek eta atzerritarrek «aldez aurretik programatu ahal izango dituzte bisitak»; izan ere, aurtengo abenduaren 31ra arte salduko dituzte sarrerak plataforma digitalean.

Gainera, jakinarazi zuen bisitariek 30 minutuko tolerantzia izango dutela, gehienez ere, gune arkeologikora sartzeko txarteletan agertzen den ordutegiari dagokionez.

Sarrera batzuk, merkeago

Horrez gain, sartzeko sustapen-tarifak ezarri ziren, prezioan %50 gutxiago eskaintzen dutenak; Cuzcon jaiotakoek, berriz, igandeetan doan sartzen jarraituko dute.

Machu Picchuri sarrerak modu birtualean saltzeko erabakiak liskarra sortu zuen joan den abenduan Peruko Kultura arduradunen eta bertako agintarien eta Cuzcoko biztanleen artean.

Neurria iragarri zenean, operadore turistikoek eta Machu Picchu herriko biztanleek uste zuten gune arkeologikoa «pribatizatzeko» lehen urratsa zela, eta hori baztertu zuten bertako agintariek.

Deklarazioen ondoren, ministerioak bertan behera utzi zuen salmenta birtuala 2024. urtearen hasierara arte, «plataforma berria ezagutzeko eta ohitzeko denbora labur bat emateko, turismo-sektore formalaren eskaerari erantzunez».