bidaiari - bidaia aldizkaria

Ertibil-Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltariaren deialdia, zabalik

Bizkaiko hainbat udalerritan ikusgai egongo da, urtero bezala, Ertibil-Bizkaia arte bisualen erakusketaren edizio berria. Dagoeneko, Diputazioak egin du deialdia. Jakina da ekimenaren helburua: sortzen eta hazten ari diren artisten karreren lehen etapan sormen ekimenak bultzatzea.

Iazko edizioko kartela. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko Foru Aldundiak 2024ko ekitaldirako Ertibil-Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltarirako deialdia onartu berri du. Diputazioak 46.000 euro bideratuko ditu aurtengo edizioan sortzen eta hazten ari diren artisten talentua ikusarazteko, eta erakusketak 18 artelan izango ditu gehienez, Bizkaiko hainbat udalerritan ikusgai jartzeko.

Foru erakundeko arduradunek jakinarazi dutenez, deialdiaren helburu nagusia da sortzen eta hazten ari diren artisten karreren lehen etapan sormen ekimenak bultzatzea, beren lanak erakusteko, beste artista gazte batzuekin loturak ezartzeko eta ibilbide profesionalen garapenean aurrera egiteko aukera emanez. Halaber, artista horien jarduera sortzailea suspertzea eta arte bisualen esparruan egiten duten lana bultzatzea ere bilatzen da.

15 artelan

Gehienez 15 artelan hautatuko dira, eta egileek 2.000na euroko saria jasoko dute beren sorkuntza artistikoa arte bisualen esparruan sustatzen laguntzeko. Aldi berean, 7.000 euro, 5.000 euro eta 4.000 euroko sari bereziak emango zaizkie hautatutako hiru obrari, lortutako puntuazioen arabera.

Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea otsailaren 21etik martxoaren 1eko 13:30 arte egongo da zabalik. Eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira: www.ebizkaia.eus. Halaber, lanak emateko epea martxoaren 18, 19, 20 eta 21ean izango da, 09:30etatik 13:00etara, Basauriko elkartegian.