MAR. 07 2024 Gaueko hegazti harraparien bila, Zegaman Gaueko hegaztien inguruko ezaugarrien berri izan nahi dutenek aparteko hitzordua dute martxoaren 9an, Nerea Pagaldai adituaren eskutik. Izena ematen dutenak 19:00etan abiatuko dira Zegamako Anduetza parketxetik. deialdiaren kartela. (gipuzkoanatura.eus) Bidaiari Urubiak, hontzak, mozolo zein zatak uste baino ohikoagoak dira Euskal Herrian. Gaueko hegazti harrapari hauek egunez ikusezinak dira ia, inguruko zuhaitzen adarretan, zuhaitz-zuloetan edo habia-kaxetan ezkutuan atseden hartzen baitute. Gauez, ordea, iluntasunera egokituriko begi handiek, ederki garatutako entzumen finak eta isilean hegan egitea ahalbidetzen dieten hegaldi-luma bereziek harrapari bikainak bihurtzen dituzte. Gautxori misteriotsu hauek hurbilagotik ezagutzeko aukera izango da Zegamako Anduetza parketxean, Nerea Pagaldai adituaren eskutik, martxoaren 9an. Nerea biologoa da eta urubien inguruko doktoretza bukatzen ari da. Zehazkiro, hiriguneko eta landa-inguruneko urubien arteko ezberdintasunak aztertzen ari da. Horretarako, urubien zentsoak egiteaz gain, haiek markatu eta radiotracking bidez jarraitu ditu. Azalpen dinamikoa Harrapari gautarren ezaugarri orokorren inguruko azalpen dinamiko bat entzuteko aukera izango da lehenik: orientatzeko erabiltzen duten sistema, ernaltze zikloa, espezie ezberdinak... Eta, jarraian, behaketa-ibilaldia egingo da, hegazti hauen kantu eta banakoen xerkan. Hitzordua honako hau da: Anduetza parketexean, 19:00etan. Antolatzaileen esanetan, komeni da linterna edo frontala eramatea eta parte hartu nahi duenak aurretik erreserbatu behar du. Prezioari dogokionez, 6 euro ordaindu behar dute helduek, eta 4, berriz, 12 urte bitartekoek. Zalitasunik gabeko ibilaldia dela ere aurreratu dute antolatzaileek.