APR. 08 2024 Bilbo, fado doinuaz inguratuta Apirilean eta maiatzean, Noites de Fado zikloaren hamargarren edizioa izango da, beti bezala, BBK Aretoak antolatuta. Carminho konpositore eta interprete portugaldarrak zabalduko du eta itxi, berriz, João Caetanok. Carminho konpositore eta interprete portugaldarra (salabbk.bbk.eus) Bidaiari Bilbon, urtero bezala, fado doinuak entzungo dira apirilaren 10etik aurrera, BBK Aretoak antolatutako Noites de Fado zikloaren hamargarren edizioari esker. Carminho konpositore eta interprete portugaldarrak eskainiko du lehen kontzertua. Zikloa apirilean eta maiatzean egingo da, eta Carminhoz gain, Cristina Branco eta João Caetano ere izango dira. Emanaldi bakoitzerako sarrerak salgai daude, 25na euroan, BBK Salaren webgunean, eta aretoko leihatilan ere eros daitezke, 30na euroan, antolatzaileek jakinarazi dutenez. ‘Portuguesa’ Carminho izar portugaldarrak bere azken eta seigarren diskoan, ‘Portuguesa’ (2023) lanean, konpositore eta interpreteak ekoizle rola ere hartu du bere gain, fado berri originalak sortuz, baina tradizioari lotuta. ‘Portuguesa’k 14 konposizio ditu, batzuk letra eta musika propioekin. Fadoari buruzko bere pentsamenduan sakontzeko asmoz, Carminhok kanonen barruan hainbat konbinazio aztertzen ditu, forma birpentsatuz eta uretan arraina bezala mugituz. Obra grafikoa, beste behin, Giovanni Biancoren lana izan zen. Astebete geroago, apirilaren 17an, Cristina Branco izango da BBK Salako oholtzan. Mende laurden baino gehiagoko ibilbidean 15 diskotik gora argitaratu ondoren, 2023ko amaieran plazaratutako ‘Mãe’ azken fado bilduma aurkeztuko du.João Caetanoren zuzenekoak emango dio bukaera aurtengo Noites de Fado zikloari, maiatzaren 2an. Orain arte kaleratu duen disko luze bakarrean, ‘Rhythm & Fado’ izenekoan, fadoa eta jazza nahastu ditu, eta iaz fadoa eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizun bat asmatu zuen. ‘Cada vez mais’ disko berria argitaratuko du aurki, eta Bilbon izango da zuzenean.