bidaiari - bidaia aldizkaria

San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako kultura, Galerna jaialdian

Kulturarteko Galerna izeneko jaialdia egingo da maiatzaren 18an Bilboko San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan. Bertako kultura, sormen eta arte eskaintza berezi eta askotarikoa ezagutzera ematea du helburu topaketak.

San Franzisko auzoan Munduko arrozak ekimena egiten da. (Monika del Valle | FOKU)

Bilboko Udalak eta KOOP SF 34 gizarte erakundeak antolatuta, Kulturarteko Galerna izeneko jaialdia izango da maiatzaren 18an, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako Zubirik 2025 plan bereziaren testuinguruan. Bada, Bilboko auzootan bizi diren kulturen aberastasunaren erakusgarri izango da egun horretan Emakumeen plaza, familia osoarentzako antolatutako 20 jarduera baino gehiagorekin.

Bilboko Udaletik nabarmendu dutenez, hiriko lekurik «kosmopolitenetakoa» osatzen dute San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoek, askotariko auzotarrak baititu, eta, jaialdiaren bidez, auzoen irudi ona hedatu eta hiriarentzat eta lurralde osoarentzat daukaten kultura, sormen eta arte eskaintza berezi eta askotarikoa ezagutzera eman nahi da.

20 jarduera baino gehiago

Kulturarteko Galerna jaialdiak familia osoarentzako 20 jarduera baino gehiagoko programazioa du, hala nola kulturalak, musikalak, kirolekoak, gastronomikoak edo modakoak. Goizean, adingabeentzako kirol tailerrak egongo dira Athletic Club eta Bilbao Basket taldeekin eta capoeira edo taekwondo moduko kirolekin; arratsaldean, berriz, helduentzak kick boxing, boxeoa, afrofit boxing, kalistenia edo crosscyrille tailerrak izango dira.

Halaber, egunean zehar agertokira igoko dira, besteak beste, Etorkizuna Musikatan elkarteko musikariak, Betto Snay abeslaria eta Salah bakarrizketa egilea. Dantza erakustaldi bat ere izango da, euskal, peruar edo boliviar dantzekin, eta flamenko eta cumbia emanaldiak, henna tatuaje, txirikorda eta aurpegi pinturen tailerrekin batera.

“Kulturarteko elkarrizketak”

Gainera, Emakumeen plazako espazioetako batean “Kulturarteko elkarrizketak” egingo dira, Esther Saugga, King Nelson, Malick Fall eta Riddick eduki sortzaileen eskutik. Auzoko gastronomien dastaketak ere izango dira.

Gainera, argazkilari talde profesional batek argazkiak egingo ditu, eta material hori eta parte hartzaileen eta bisitarien argazki eta bideoak erakusketa ibiltari batean bilduko dira, ExpoDistrito udal programaren barruan, datorren urtean ikusteko.