bidaiari - bidaia aldizkaria

BBK Mendi Martxak «berritasunez beteta» hasiko dira Lemoatxan ibilaldia eginez

BBK Mendi Martxak ekimenaren hirugarren edizioa hasiko da maiatzaren 12an, Lemoatxan barrena ibilaldia eginez. Helburua betikoa da: ezagutzera ematea mendi federazioak homologatutako bidezidorrak eta beste bidezidor, bide eta balio handiko naturguneak.

Zenbait irteera izango dira denboraldi berrian. (Getty Images)

BBK-k eta Bizkaiko Mendizale Federazioak antolatuta, BBK Mendi Martxak egitgasmoa «berritasunez beteta» dator, nahiz eta helburua berbera den: mendi federazioak homologatutako bidezidorrak eta beste bidezidor, bide eta balio handiko naturguneak ezagutzera ematea, askotan ezezagunak baitira herritarrentzat.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, izena emateko modua da inklusiboa eta pet friendly izaten jarraituko den aurtengo edizioaren berritasunetako bat. Parte hartu nahi dutenek www.buscametas.com webgunean eman behar dute izena, federatuek 2 euroko eta federatu gabeek 3 euroko kuota solidarioa ordainduta; 16 urtetik beherako umeek doan parte har dezakete. Izen-emateekin batuko den dirua irabazi asmorik gabeko gizarte erakunde bati emango zaio.

Bestalde, aurreko deialdien arrakasta dela eta –irteera bakoitzean, batez beste, adin guztietako 725 pertsonak parte hartu zuten–, aurten parte hartzaile kopurua 400 edo 500 pertsonara mugatuko da ibilbidearen arabera, masifikatu ez dadin.

Parte hartzaile bakoitzak txip bat jasoko du irteera gunean, eta irteera eta helduera kontrolatzeko aukera emango du, helmugako arkutik igarotzean. Ibilaldiek ez dute lehiaketa izaerarik, baina BBK Mendi Martxak 2024ren beste berritasun baten arabera, programaren zazpi ibilbideetatik hiru edo gehiago burutzen dituzten mendizaleek antolakundearen opari bat jasoko dute, irteera guztiak amaitzean BBK Salan egingo den finalisten galan.

Halaber, BBK Mendi Martxak ekimenak herritar guztientzako proposamen inklusiboa izaten jarraitzen du eta, horretarako, Getxoko Ibilki klubaren eta Gaude elkartearen laguntza du, desgaitasuna duten pertsonak gidatu eta horiei laguntzeko.

Lemoatxa

Bada, maiatzaren 12an, 360 metroko Lemoatxarako martxa egingo da, Lemoan; 8,3 kilometroko ibilbide zirkularra da, bi ordu eta erdian egin daitekeena. Taldea 08:45ean irtengo da Lemoako 1936ko Gudarien parketik.

Hurrengo ibilaldia ekainaren 23an izango da, Galdakaon, eta ondoren etorriko dira irailaren 22koa Barakaldon, urriaren 20koa Mungian, urriaren 27koa Ortuellan, azaroaren 10ekoa Basaurin eta abenduaren 8koa Bilbon.

Irteerak antolatzeko, eskualde bakoitzeko mendi kluben laguntza izango da. Beraz, zailtasun teknikorik gabeko mendi bide eta bidezidorretan barrena izango dira ibilaldiak, edozein pertsonak seguru egiteko modukoak, eta egiteko bost ordu baino gutxiago beharko dira.

BBK Mendi Martxak egitasmoaren jarduerak ‘Liga Ibérica de Senderismo’ delakoan eta Bizkaiko zazpigarren mendi ibilaldien ligan sartuta daude.