bidaiari - bidaia aldizkaria

Afrikaren Astea, Gasteizko Florida parkean

Gasteizko Florida parkean Afrikaren Astearen zazpigarren edizioa ospatuko da maiatzaren 25ean. ‘Oihal artean: la tradición de las telas africanas en Gasteiz’ erakusketa ibiltaria izango da ikusgai.

Aurtengo kartela. (vitoria-gasteiz.org)

Afrikaren Astearen zazpigarren edizioa ospatuko dute Gasteizko Florida parkean maiatzaren 25ean, artisau produktuekin, antzerki, dantza eta musikarekin, eta moda desfile batekin. Ekimena Gasteizko Afrikako diasporako erakundeen elkarteak antolatu du (21 elkarte biltzen ditu), Garapenerako Lankidetzarako Udal Zerbitzuaren laguntzarekin.

Jardueren inguruko xehetasunak eman dituzte Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetzarako zinegotziak eta Fatimatou Barry eta Maria Kyere Kusi antolatutako jardueratan parte hartu duten Afrikako diasporako ordezkariek.

Artisau produktuen erakusketa

Jardunaldia 09:00etan hasiko da, Gasteizko diaspora afrikarreko erakundeek egindako lanaren eta artisau produktuen erakusketarekin. ‘Oihal artean: la tradición de las telas africanas en Gasteiz’ erakusketa ibiltaria eta Nelson Mandelaren eta Ellen Johnson-Sirleafen erretratuak ere izango dira; Ellen Johnson-Sirleaf izan zen Afrikako herrialde batean (Liberia) presidente izendatutako lehen emakumea eta gerora, 2011n, Bakearen Nobel saria eskuratu zuen emakumearen eskubideen aldeko indarkeriarik gabeko borroka zela eta.

Arratsaldean, berriz, dantza, antzerkia eta moda desfilea izango dira. Bertan, BIZAN sareko erabiltzaileak izango dira protagonistak. Egunari amaiera bikaina emateko, Nakany Kantéren eta Kai Nakairen kontzertuak izango dira.

Aurtengo edizioa zazpigarrena da. Antolatzaileek aurreikusten dute aurreko urteetan izandako arrakasta lortuko dutela aurten ere.

Ekitaldiak Euskal Herrian bizi diren Afrikako kolektibo eta pertsonek egiten duten lana ikusarazi nahi du, pertsonen arteko bizikidetza sustatu eta Afrikako artea, musika, dantza eta moda tradizionala ezagutarazi.