JUN. 07 2024 Burdinoletako bideak, ‘Ibilbide Historikoak’ ekimenaren lehen bisita gidatuak Ibilbide Historikoak programaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz ere, aukera eman nahi die herritarrei udako hilabeteetan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta haien natura- eta paisaia-ingurune paregabea eta harrigarria ezagutzeko. ‘Ibilbide Historikoak’ egitasmoan Pobal azaltzen da. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Bidaiari Ibilbide Historikoak ekimenak eskainitako bisita gidatuek Euskal Herria Museoaren, El Pobal Burdinolaren eta Arkeologia Museoaren aholkularitza dute, baita Bizkaiko historiako monumentu paregabe horien indusketan, ikerketan eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalen aholkularitza ere. Ekaineko bisita gidatuak Burdinoletako bideekin hasiko dira. Ibilbide horietan Bizkaiko industriaurreko historia ezagutarazi nahi da, ibaien arroei, inguruko basoen eta meatzaritzaren aberastasunari eta espiritu berritzaile eta ekintzaileari lotua. Burdinola, errota eta tresna hidrauliko horiek oparotasun garaiak ekarri zituzten. Bisita gidatu horietan parte hartzen dutenek Barbadun (Enkarterri) eta Lea (Lea Artibai) ibaietako ur-bazterrak ezagutu ahalko dituzte. Bi ibai-arro horiek kultura-ondasun gisa kalifikatu dira, monumentu-multzoaren kategoriarekin (Lea, 2015ean, eta Barbadun, 2017an), haien ibaiertzetako ondarearen berezitasuna dela eta. Eraikin, presa, ur-biltegi eta ubideek, zubi eta bideekin uztartuta, jarraipena ematen diote multzoari eta burdinaren kultura-paisaiak interpretatzen laguntzen digute. Barbadungo ibilbidea Barbadungo ibilbidea ibai enblematiko horri lotuta dago; izan ere, Bizkaiko Jaurerriko burdinola eta erroten industriaren motorretako bat izan zen ibai hori. Ibaiak, landarediak eta ibaiertzeko basoek sortzen duten atmosfera lasaian, harridura sortzen dute bidean agertzen diren burdinolen istorioek. Bisitatuko direnen artean honako hauek daude: Llantada burdinola (Sopuerta) Ballibiako errota eta burdinola (Galdames) eta El Pobaleko Burdinola ezaguna (Muskiz). Gainera, El Pobal Bizkaiko burdinola-museo bakarra da, eta bertan, garaiko makineria osoa gorde da eta martxan ikusteko aukera dago. Lea ibaiaren burdinolaren ibilbidean, bisitariek ibilgu horren edertasunaz gozatuko dute. Izan ere, ibilgu horretan denbora gelditu dela dirudi, eta han-hemenka burdinolak eta errotak ikusi daitezke, dorre, jauregi, baserri eta baselizekin batera, industriaurreko gizartearen bereizgarri den paisaia batean egongo bagina bezala. Pedro Bernando Villareal de Berriz «ibai-ingeniari» ospetsuaren aztarna nabaria da ibilbide horretan. Besteak beste, Bengolea dorretxea eta burdinola eta Marierrota marea-errota ikus daitezke. Lea ibaiaren burdinolaren ibilbideak Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitio udalerriak zeharkatzen ditu.Bi ibilbideak oinez zein autobusez egin daitezke.