JUN. 25 2024 Ekoetxea Urdaibain, ekoizpen ekologikoaren metodo eta onurei buruzko erakusketa Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak egiten duen euskal produktu ekologikoen sustapen ekintzen baitan, ‘Dena hobetzen da elikadura ekologikoarekin!’ izeneko erakusketa zabaldu berri du Ekoetxea Urdaibain. Ekoetxea. (turismourdaibai.com) Bidaiari Ekoetxea Urdaibaik ‘Dena hobetzen da elikadura ekologikoarekin!’ izeneko erakusketa zabaldu berri du, Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak egiten duen euskal produktu ekologikoen sustapen ekintzen baitan. Erakusketaren helburua da ekoizpen eta elikadura ekologikoaren ikuspegi osoa transmititzea, ingurumenean dituen abantailak eta onurak azalduz, eta doan bisita daiteke, irailaren 26ra arte. Busturian kokaturiko zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, elikagai ekologikoen 61 ekoizle eta 373 hektarea zeuden 2001ean Euskl Herrian, eta egun 740 operadore eta 11.000 hektarea daude. Edonola ere, nekazaritza ekologikoak hazten jarraitzen badu ere, Euskal Herriko nekazaritza lurren %5ek baino ez dute ekologia ziurtagiria. Horrela, oraindik asko dago egiteko Europako Itun Berdearen “Baserritik Mahaira” estrategiaren helburua betetzeko, hau da, 2030ean lurren %25 ekologikoak izatea. «Egungo egoerak erakusten du Euskadiko nekazaritza ereduak bilakaera nabarmena izan behar duela datozen sei urteetan, helburua bete dadin», esan dute Ekoetxea Urdaibaitik. Panelak eta bideoak “Dena hobetzen da elikadura ekologikoarekin!” erakusketak 15 panel ditu, bat edo bi minutuko bideo laburrekin osatuta, eta bakoitzean jarritako QR kodeekin ikus daitezke. Ibilbide osoan, elikagaien ekoizpen ekologikoaren onurak nabarmentzen dira, besteak beste, ziklo naturalak errespetatzen dira, biodibertsitatea mantentzen da, ongarriak, herbizidak eta pestizida sintetikoak erabiltzea saihesten da, animalien ongizatea ziurtatzen da, ez dute transgenikorik onartzen, elikadura balio handiagoa sortzen da edota tokiko ekonomia bultzatzen da. «Oro har, modu ekologikoan ekoitzitako elikagaiak nutritiboagoak dira, ingurumena hobetzen dute, arreta eta osasun printzipioei erantzuten diete, garbi daude, gure planeta zaintzen dute eta tokiko eta konfiantzazko elikagaiak dira. Gainera, abeltzaintzarako eredu ekologikoa izatearen onurak ere garrantzitsuak dira, ez baitago abereen ongizate maila handiagoa eta karbono aztarna txikiagoa duen abeltzaintza sistemarik», azaldu dute. Erakusketa irailaren 26ra arte bisitatu ahal izango da eta aretora sartzea guztiz doakoa da. Busturian kokatutako Ekoetxea Urdaibai Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sarearen parte da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.