bidaiari - bidaia aldizkaria

Lekeitio, ohi baino koloretsuago eta alaiago Kaleka jaialdiari esker

Lekeitioko kaleak ohi baino koloretsuago eta alaiago egongo dira uztailaren 5etik 7ra bitartean, Kaleka jaialdiari esker. Guztira, dozena bat ikuskizun eskainiko ditu Kaleko Arteen Jaialdiak. Beraz, herrira hurbiltzeko asmoa dutenek aitzakia bat gehiago dute bertaratzeko.

Aurtengo kartela. (kaleka.eus)

Kaleka Lekeitioko Kaleko Arteen Jaialdiaren 34. edizioa ospatuko da uztailaren 5etik 7ra arte. Guztira, 12 ikuskizun eskainiko ditu, Katalunia, Italia, Frantzia, Asturias, Valentzia, Gaztela eta Leon, Aragoi eta Euskal Herriko taldeenak. Hiru egunetan zehar kaleko arteen alor ezberdinak elkartuko dituen egitaraua izango da, hizkuntza, generoa eta izaera anitzak landuz.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Compagna del Buco talde italiarraren ‘G.A.S.’ ikuskizunak hasiko du jaialdia, kanpin batean batzen diren bi lagunen ekintza komikoak, hain zuzen. Ondoren, La Roca Producciones konpainia asturiarrak ‘Zozobra’ aurkeztuko du, ezohiko espazioetara bideratutako clown ikuskizuna.

‘NOEUD’

Aurtengo Kalekan parte hartuko duen lehen euskal konpainia DAB Dantza Artea eta Bitartekaritza Elkartea izango da, ‘NOEUD’ lanarekin, non dantzaren bidez «iraganera begiratu eta garaikidetasuna eraikiko den». Jaialdiko lehen eguna bukatzeko, La Troupe Malabó konpainia valentziarraren ‘Karpaty’ zirku, antzerki, akrobazia, magia eta clownak izango dira.

Uztailaren 6an, adin guztietako pertsonei zuzendutako esperientzia kolektibo batekin hasiko da eguna, Itineraria kolektibo katalanaren ‘El Laberint’ lanarekin, hain zuzen ere. Ondoren, Kaleka Scratch atala aurkeztuko da Okamika taldearen ‘Herriaren bihotza’ obrarekin (atal honetako lanak sortze prozesuan daude eta ikusleen hartu-eman bilatzen dute lana garatzen jarraitzeko).

Programazio ofizialera bueltatuta, Underclouds Cie frantziar konpainiak ‘Inertie’ eskainiko du, zirkuko artista eta eskultore baten sormen prozesuari buruzko laana. Kataluniako Guga & Silvia konpainia izango da ondoren, ‘Here we go!’ 1990eko hamarkadan oinarritutako zirku ikuskizunarekin.

Jarraian, Twisting the Balance euskal konpainiak ‘Antzaren dantza’ trapezio ikuskizuna aurkeztuko du Isuntza zubian, eta larunbata amaitzeko, Gaztela eta Leongo Cal y Canto Teatro taldearen ‘El Jardín del Viento’ ikuskizun ibiltaria izango da.

Uztailaren 7an, jaialdiko azken egunean, Aragoiko Cía D’click konpainiaren ‘Isla’ lanak itsasoan galdutako hiru pertsonaren ametsak azaleratuko ditu, eta 34. Kalekari amaiera emateko ardura Kamikaz Kolektiboa euskal taldearena izango da, ‘Troia’ izeneko emakumezko hiru superheroien abenturarekin.