bidaiari - bidaia aldizkaria

Mungia, ekoizpen ekologikoaren topaleku

Mungia nekazaritza ekologikoa gustuko dutenen topaleku bihurtuko da irailaren 28an. Frutak, barazkiak, gaztak, marmeladak, kontserbak... izango dituzte salgai bertan parte hartuko duten 20 ekoizleek.

Elikagai ekologikoak izango dira salgai. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Irailaren 28an Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. Azoka egingo da Mungian, herriko Udalak antolatuta Ekolur Bizkaiko Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoaren Elkartearen laguntzarekin. Guztira, 20 ekoizle inguru bilduko dira Foruen plazan.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, azoka 10:00etatik 14:30era egongo da zabalik, eta ekoizleek frutak, barazkiak, gaztak, marmeladak edota kontserbak izango dituzte salgai, besteak beste. Gainera, tailerrak eta zozketak ere izango dira.

Tailerrak produktu ekologikoen ingurukoak izango dira. Horrela, bazkarako eta eskualdeko haragi ekologikoaren dastaketa, sasoiko barazkiekin egiten den pakoras indiar jatorriko janaria egiteko tailerra eta etxera eramateko landare bat landatzeko tailerra izango dira. Azoka bukatzeko, 13:30ean produktu ekologikoen hiru saski zozkatuko dira erosketak egiten dituzten pertsona guztien artean.

Konpromisoa argia eta irmoa

Alaitz Ekoreka Mungiako alkatearen hitzetan, «aurten ere gure udalerriak azoka hau hartzen du, ekoizpen ekologikoarekin dugun konpromisoa argia eta irmoa baita. Cittaslow sarearen parte gara, eta esparru horretan, horrelako ekitaldien aldeko apustua egiten jarraitu besterik ezin dugu egin, modu iraunkorrean eta kontzientean lan egiten duten nekazari guztientzat erakusleiho garrantzitsua baitira».

«Gero eta gehiago gara tokiko kontsumoa ingurumenarekiko arduratsuagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa izateko kontzientziazioa dugun pertsonak», esan du.