OCT. 09 2024 Zaldialdia, zaldien sektorea ezagutaraztea eta balioan jartzeko hitzordua Amorebieta-Etxanon Urriaren 27an Amorebieta-Etxanon egingo den Zaldialdia Euskal Herriko Zaldien Azokaren lehenengo edizioak 120 zaldi-ale baino gehiago bilduko ditu. Hitzorduaren helburua da «etengabe hazten» ari den zaldien sektorea ezagutaraztea eta balioan jartzea. Lehen edizioa ospatuko da aurten. (Zaldialdia.eus) Bidaiari Hitzordua zuzenduta dago, batez ere, lehen sektoreko profesional eta zaleei, kiroleko zaldiak eta Euskal Herriko arraza autoktonoak gustuko dituztenei eta azoka egun batez gozatu nahi duenei. Euskal Herriko Kirol Zaldi Elkartea, Euskal Herriko Mendiko Zaldi Arrazaren Federazioa, Euskadiko Pottokazaleen Federazioa eta Enkarterriko Astoa Arrazaren Hazleen Federazioa dira azokaren antolatzaileak, Eusko Jaurlaritzaren, Amorebieta-Etxanoko Udalaren eta beste erakunde batzuen laguntzarekin. Zaldien alorra arrakastaz bultzatuz Azokaren antolatzaileen arabera, «gero eta gehiago dira Euskadin lehen sektoretik zaldien alorra arrakastaz bultzatu, hobetu eta sustatzen dutenak, bakoitzak bere esparrutik, arraza autoktonoak berreskuratuz edo horien garrantzia balioan jarriz. Eta aspaldiko asmo garrantzizko bat gauzatuz eta urte askoren lanaren emaitza gisa, zaldien sektoreko elkarte guztiak batu egin dira ekimen bateratuak antolatu eta sektorearen balio eta aniztasuna modu onenean plazaratzeko». Bada, elkarlan horren «adibide esanguratsu eta ikusgarrienetako bat» izango da Amorebieta-Etxanoko Jauregibarria auzoan ospatuko den Zaldialdia Azoka, lehen aldiz batuko baititu eremu berean federazio eta elkarte horien guztien ekoizle eta produktuak. Zaldialdian 120 zaldi-ale baino gehiago izango dira erakusgai, horietako asko salgai ere, besteak beste, haragirako zaldiak, erresistentzia eta jauzi txapelketak irabazitakoak, pottokak, Enkarterriko astoak edo mendiko zaldiak. Era berean, azokaren baitan antolatutako ekintzen artean daude azokan bertan nazioarteko epaimahaikideek kirolerako zaldiei egingo dizkieten balorazio morfofuntzionalak, pottoken oztopo jauzien erresistentzia proba, 0 km-ko produktuen salmenta, moxal okelaren dastatzea, eta gaztetxoenei zuzendutako hainbat eta hainbat ekintza. «Finean, orain arte Euskadiko panoraman ezagutu ez dugun azoka berri bat, zaldi sektorea indartzeko, lehen sektorearen profesional eta zaleen interesa asetzeko, eta herritarren artean bertako animalia zoragarri hauek ezagutzera emateko geratzeko etorri dena», nabarmendu dute antolatzaileek.