bidaiari - bidaia aldizkaria

Valderejoko Parke Naturaleko 21. oinezko martxa herrikoia, urriaren 27an

Valderejoko Parke Naturaleko oinezko martxa herrikoiaren 21. edizioa egingo da urriaren 27an, xendazaletasuna bidez bertako baliabide natural eta kulturalak ezagutzera emateko asmoz. Aurreko urtean bezala, ibilbide luzea eta ibilbide familiarra diseinatu dira, Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Valderejo. (Getty Images)

Ibilbide luzea 09:00etan hasiko da (08:40an dortsal banaketa), eta 23,1 kilometroko distantzia eta 977 metroko desnibela izango ditu; ibilbide familiarra, berriz, 10:30ean hasiko da (10:10ean dortsal banaketa), 10,4 kilometroko distantziarekin eta 503 metroko desnibelarekin.

Ibilbide familiarra haurrak dituzten familientzako edo martxa lasaiagoa nahi duten parte hartzaileentzat pentsatuta dago. Gainera, bilaketa jolas bat ere izango du, parte hartzaileek martxan zehar eremua ikuska dezaten (14 urte arte).

Hornidura gune mistoa eta likidoa izango ditu ibilbide luzeak, eta soilik mistoa familiarrak. Ibilaldia amaitu ondoren, parte hartzaileek opari bana jaso ahal izango dute Parketxean, dortsala ematean. Tokiko produktuen zozketa ere egingo da dortsal zenbakiaren bidez.

Ibilaldiak 300 parte hartzaile izango ditu gehienez, eta aldez aurretik izena eman beharko da valderejoparkea web orrian agertzen den formularioan, bi ibilaldietako zeinetan parte hartuko den adieraziz.

Jakina denez, Valderejo Arabako mendebaldean dagoen haran txiki bat da; 1992an izendatu zuten natur parke. Arabako natur parkerik txikiena da, 3.496 hektarea baino ez ditu eta. Parke naturalak ditugu berariaz babestutako eremuak, balio ekologiko handikoak eta eder-ederrak direlako. Halako lekuetan, flora eta faunako espezie anitzak eta denboran zehar iraun duten giza jarduerak nabarmentzekoak dira eta, elementu guztien artean, ondare ekologiko eta kultural bikaina osatzen dute.