OCT. 16 2024 Bilboko zenbait kultur espazio, antzerki eta dantza garaikidearen topaleku Bilboko hainbat espazio antzerki eta dantza garaikidearen topaleku bihurtuko dira urriaren 17tik 27ra bitarte, BAD jaialdiari esker. Honako hauek izango dira eszenatokiak: La Fundicion, Harrobia, Bilborock, Arte Sakratuaren Museoa eta Campos Antzokiko Kupula aretoa. Jaialdiko kartela. (BAD) Bidaiari Bilboko Udalak antolatutako BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren 26. edizioa hasiko da urriaren 17an. Guztira, 19 konpainiaren 22 emanaldi eskainiko ditu La Fundicion, Harrobia, Bilborock, Arte Sakratuaren Museoa eta Campos Antzokiko Kupula aretoan. Bederatzi Euskal Herrikoak izango dira, zortzi Estatu espainolekoak eta bana Frantzia eta Portugalekoak. Erabateko sei estreinaldi izango dira ikusgai.Lodudo Producción taldeak hasiko du programazioa ‘Dioscures’ lanarekin, Harrobian, eta hurrengo hamar egunetan zehar, honako taldeek hartuko dute parte, besteak beste: Laida Aldaz, Jon Ander Urresti, Camínate Proiektua, Mari Zaunka, La Cocina, Ion Iraizoz, Las Katastrofen Teatro, O Rumo do Fumo, Serrucho eta Doos Colectivo. Ikuskizun bakoitzerako sarrerak salgai daude jada, 8 euroan, urriaren 16ra arte; egun horretatik aurrera 10 euro balioko dute. Aldez aurreko erosketa jaialdiaren webgunean edo La Fundicion eta Campos Eliseos antzokien webguneetan eta leihatiletan egin daiteke. Ikuskizun bakoitzaren egunean bertan ere sarrerak erosi ahal izango dira lehiatiletan, 10 euroan. Sarrerak eskuratzeko informazio guztia eskuragarri dago badbilbao webgunean. Gainera, jaialdian zehar EDADEI Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketaren V. Topaketa profesionalak ere egingo dira, Euskal Herriko profesionalekin batera dantza, arte dramatiko, hezkuntza eta ikerketaren inguruko elkarrizketa eta esperientzien trukea errazteko. Urriaren 19an izango da, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolan.