OCT. 18 2024 Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna, Afrikaldian Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren laugarren edizioa egingo da Gasteizen azaroaren 4tik 11ra bitarte. Guztira, 21 film eta dokumental proiektatu eta jarduera ugari eskainiko ditu. Kultura Bendera eta Africanista Manuel Iradier elkarteek antolatu dute ekimena, Arabako hiriburuan bizi diren afrikarren 15 kolektiboren parte hartzearekin. Aurtengo kartela. (afrikaldia.com) Bidaiari Aurtengo edizioaren xehetasunak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Itziar Inza Moraza Afrikaldiaren zuzendarikideak, Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetza zinegotziak eta Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak. Inzak nabarmendu du aurten «ahalegin handia» egin eta bederatzi estreinaldi ekartzea lortu dutela. «Horiei esker, gure hiria industria zinematografikoaren erdigunean kokatuko da, eta horrek agerian uzten du jaialdi honek izaera berritzailea eta aitzindaria dituela», ziurtatu du. Era berean, Lopez de Uraldek Garapenerako Lankidetzaren udal zerbitzuak jaialdiarekiko duen konpromisoa azpimarratu du. Bere hitzetan, «laugarren edizio honetan ere, agerian geratu da hitzordu kulturala eta zinematografikoa dela. Filmen, dokumentalen eta jardueren bidez, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna gerturatuko dizkigu, gurearekin elkartzeko topaguneak eta aliantzak bilatuz. Horri esker, Afrikari buruzko gure ikuspegia zabaldu eta bertako ekoizpen zinematografikoari balioa eman ahal izango diogu». Florida zinema aretoetan Egitarauari dagokionez, bederatzi film narratibo eta hiru dokumental sail ofizialean lehiatuko dira, Florida zinema aretoetan. EHUren campusean, Arte eta Ofizioen Eskolan, ID-Arte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolan eta Mendizabalako Ikus-entzunezkoen Institutuan egingo diren jarduera osagarrietan izango dira beste bederatzi emanaldiak. Inaugurazio ekitaldia azaroaren 4an izango da, Europa biltzar jauregian, Shamira Raphaëlak zuzendutako ‘Shabu’ filmarekin; Rotterdamen bizi den musikari gazte baten bizitza kontatzen du. Amaiera jaia toki berean egingo da azaroaren 11n, eta bertan banatuko dituzte epaimahaiaren, soinu banda onenaren eta publikoaren sariak. Sarrera librea izango da tokia bete arte. Jorge Guerricaechevarria gidoilarik, Assari Bibang aktoreak eta Amal Ramsis zuzendari eta zinema gidoilariak osatuko dute Afrikaldiaren laugarren edizioko epaimahaia. Topaketak Gainera, iazko edizioak izandako arrakastaren ostean, ikus-entzunezko sektoreko profesionalen arteko topaketak egingo dira aurten Montehermoso Kulturunean. Afrikako eta bere diasporako 16 herrialde bilduko dira astean zehar hainbat jardueraren bidez, hala nola Madagaskar, Libia, Kenya, Nigeria, Senegal, Mozambike edo Ginea Bissau. Gainera, aurten, Kamerunek berriro ere protagonismo berezia izango du, bertako emakumeek fikzioarekin lotuta egindako lana omenduz eta aitortuz. Hala, bertakoo hainbat lan egongo dira ikusgai Gasteizen, eta horietako bat izango da ‘Mambar Pierrete’.