NOV. 07 2024 Traslosherosko aldare taurobolikoa, protagonista Arkeologia Museoan Bizkaiko Arkeologia Museoaren ‘Museoa aztarnaz aztarna’ programan, berebiziko garrantzia duen pieza bat egongo da ikusgai: Traslosherosko (Artzentales) aldare taurobolikoa. Pieza berezi hori bere motako bakarra da Bizkaian. Taurobolio. (www.bizkaia.eus) Bidaiari Traslosherosko aldare taurobolikoa 2024ko urriaren 30etik 2025eko urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko Arkeologia Museoan, bigarren solairuan programa horretarako erreserbatutako espazioan. Traslosherosko aldare taurobolikoa museoko gordailuetatik atera dute, bertan egon baita azterlanak eta kontserbazio-lanak egiteko, eta Arkeologia Museoko bigarren solairura eraman dute. Prozesu konplexua izan da, pisu handia baitu (200 kilo) eta ezaugarri delikatuak. Lekualdatzeko eta muntatzeko prozedura zorrotz egin izanak piezaren babes egokia bermatzen du, 2024ko urriaren 30etik 2025eko urtarrilaren 31ra arte jendaurrean jartzeko. Bizkaiko Arkeologia Museoaren ‘Museoa aztarnaz aztarna’ programan, berebiziko garrantzia duen pieza hau egongo da. Aparteko aurkikuntza Aldare taurobolikoa 2018. urtearen amaieran aurkitu zuten, saneamendu-obra batzuk egiten ari zirela, Artzentalesko Traslosheros auzoan. Hareharrizko bloke prismatiko bat da; 69 cm garai, 32 zabal eta 36 sakon da, eta 200 kilo inguruko pisua du. Aurrealdean, piezak behe-erliebe bat dauka; bertan zezen baten irudia ageri da, koadro apaingarri batez eta lokarri batez inguratuta. Zezenaren buruak xehetasun bereizgarriak ditu, hala nola maskara edo oihal moduko bat aurpegiaren gainean, adar garatuak eta belarri asimetrikoak. Inguruko basozainak aurkitu zuen pieza, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuari jakinarazi zion. Aurkitu ostean, pieza Arkeologia Museoari eman zitzaion, aztertu eta kontserba dezan. Balio historikoa eta kulturala Aldare hau bere motako bakarra da Bizkaian, eta Erromatar Inperioak Iberiar penintsularen iparraldean egiten zituen erritu erlijiosoen zein praktika kulturalen testigantza arkeologiko garrantzitsua da. Bere jatorrizko testuinguru arkeologikotik kanpo aurkitu bazuten ere, pieza aztertzeak lagundu egin dezake Zibele jainkosa eta erromatar panteoiko beste jainko-jainkosa batzuk gurtzearekin lotutako sakrifizio-erritu misteriotsuak eta sinesmenak argitzen. Antzeko piezak aurkitu dira hurbileko beste eremu batzuetan, hala nola Elexazarren (Amurrio), Nafarroan eta Aragoiko mendebaldean, baina oso ezohikoak dira. Traslosherosko aldarea zezenak sakrifikatzeko errituetarako aldare taurobolikotzat jo da; erritu horiek garbikuntzarekin, pizkundearekin eta emankortasunarekin lotuta zeuden. Gurtza mota hori Ekialdetik iritsi zen Erromara, eta erromatar erlijioak atzerriko sinesmenak bereganatu izanaren erakusgarri da. Hala ere, ikertzaile batzuek iradoki dute aldare horiek zezenen estatuetarako idulki gisa balio izan zutela, jainko zehaztugabeen gurtza-errituetan erabiltzeko. Nolanahi ere, piezaren data K.o. III. eta V. mendeen artean kokatu da. Horrek indartu egiten du erromatar erlijio berantiarrak eskualdean izan zuen presentziaren aztarna gisa duen balioa. Arkeologia Museoan erakusgai Aldare taurobolikoa ‘Museoa aztarnaz aztarna’ programaren esparruan egongo da ikusgai. Ekimen horri esker, erakusgai jartzen dira museoaren erakusketa finkoan sartuta ez dauden pieza bereziak. Pieza horiek, askotan, biltegietan gordeta egoten dira, aztertzeko eta kontserbatzeko, eta garrantzi historikoa eta arkeologikoa dutelako aukeratzen dira erakusgai jartzeko. Arkeologia Museoak historian eta ondarean interesa duten guztiak gonbidatu nahi ditu, pieza bakar hori deskubritu eta erromatarren garaiko Bizkaiko erlijio-errituei buruz gehiago jakin dezaten.