NOV. 08 2024 ‘Bidaiariak, zinemara’ kanpaina, abian ‘Bidaiariak, zinemara’ kanpainaren bederatzigarren edizioa jarriko da martxan azaroaren 8an, publikoa zinema aretoetara erakartzeko asmoz, prezio bereziak eskainiz. Sarrera bakoitzeko bi euroko deskontu zuzena ekarriko du ikusleentzat. Kartelaren irudia. (www.ezae.eus) Bidaiari EZAE Euskadi Zine Aretoen Elkartearen eta Zineuskadi elkartearen arteko hitzarmena da ‘Bidaiariak, zinemara’ kanpaina, zinema aretoetako sarrerak merketzen dituena. Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, zinema aretoen elkarteak film bat edo bi aukeratuko ditu astero deskontuaz baliatzeko, euskal zinemari eta euskarazko zinemari lehentasuna emanez, baita film europarrei ere. Kanpainarekin bat egin duten aretoek automatikoki aplikatuko dituzte deskontuak leihatilan erositako sarreretan, eta zenbaitek sarean egindako erosketetan ere eskainiko dute beherapena. ‘Marco’, abiatzeko Kanpaina azaroaren 8an hasiko da, euskal zinemaren estreinaldi batekin bat eginez: ‘Marco’, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako film berria, Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak ekoitzia. Filmaren aurkezpen ofiziala Veneziako Zinemaldiko Orizzonti atal entzutetsuan izan zen, eta Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko aurretiko aukeraketan egon zen. ‘Bidaiariak, zinemara’ kanpainaren arduradunen arabera, ekimenak «ospe handia» lortu du urteetan zehar, gero eta ikusle gehiago baitira promozioan dagoen filmerako sarrerak zuzenean eskatzen dituztenak. Horrela, 2015ean abiatu zenetik, 192.000 ikuslek jaso dute deskontu zuzena, eta 94 film baino gehiagok izan dute laguntza. EZAEko zazpi bazkidek bat egin dute kanpainarekin: Donostiako SADE taldeko hiru zinema aretoek (Principe, Antiguo Berri eta Trueba); Areto enpresako sei zinema aretoek (Durangoko Gran Cinema Zugaza, Muskizko Meatzari Aretoa, Getxo Zinemak, Bermeoko Nestor Basterretxea, Mungiako Olalde Aretoa eta Urduliz); Bilboko Golem Alhondiga eta Multicines aretoek; Gasteizko Gorbeia eta Florida aretoek; Errenteriako Niessen; eta Hirutek enpresako zinema aretoek (Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti aretoa, Villabonako Gurea aretoa eta Lazkaoko Areria zinema).