NOV. 08 2024 Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaian BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiak mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten 49 film proiektatuko ditu aurtengo edizioan, abenduaren 6tik 15era, guztiak ekoizpen berriak, gehienera jota bi urte baino ez dituztenak. Zinemaldiko kartela. (mendifilmfestival.com) Bidaiari BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, denera 226 film inskribatu dira aurten, propio Bilboko jaialdian parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz. Sekula izan den kopururik handiena da, orain arteko 17 edizioetan oparoena. Mendi Film «nazioarteko jaialdi erreferentea« dela berretsiz, hainbat herrialdetako ekoizpenak daude hautatuen artean: Espainia (15), Frantzia (11), AEB (7), Italia (5), Austria (1), Erresuma Batua (1), Eslovenia (1), Kanada (1), Suitza (1) eta Norvegia (1). Koprodukzioak ere dezente dira: AEB-Belgika (1), AEB-Kanada (1), Suitza-Italia (1), Suitza-Polonia (1) eta Txile-Argentina (1). Euskal Herrian ekoitzi edo euskal zuzendariak dituzten filmak 11 dira. Horrela, antolatzaileek nabarmendu dute euskal ekoizpenek gora egiten jarraitzen dutela, hala kantitatean nola kalitatean. 40 zinta Sail Ofizialean Sail Ofizialean 40 filmek hartuko dute parte, sarien lehian. Aurten 24.800 euro banatuko dira 12 saritan, eta honako hauek osatuko dute epaimahaia: Michael Dillon zinemagile australiarra, Joni Cooper Banff eta Doxa-Vancouver zinemaldietako zuzendari ohi kanadarrak, Oscar Gogorza euskal kazetari eta mendi gidaria, Toon Hezemans Dutch Mountain Film Festival-eko zuzendari herbeheretarrk eta Haizea Huegun euskal musika konpositorea. Zabalandi sailean, berriz, bederatzi pelikula aurkeztuko dira, lehiaz kanpo; tartean izango da iaz Mendi Film Beka jaso zuen ‘Peligro. No asomarse’, aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Renan Ozturk zinemagilearen ‘The Ghosts Above’, SOS Himalaya Fundazioak babestutako ‘Moving Himalayas’ eta hasierako ekitaldirako programatutako ‘Nuptse. L'Inaccessible absolu’. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia abenduaren 6tik 15era egingo da. Emanaldiak Euskalduna Bilbao jauregian eta BBK Salan egingo dira, eta sarreren salmentan deskontuak eskainiko dira egoitza bakoitzerako: bost edo zazpi saiotarako sarrerak eskuratuz gero, %20ko deskontua, eta zortzi saiotarako edo gehiagotarako sarrerak erosiz gero, %30ekoa.