NOV. 12 2024 Guggenheimeko Kosmo tresna digitala, «datuak bistaratzeko proiekturik onena» Guggenheim Bilbao Museoaren bildumako artistak modu interaktiboan esploratzeko aukera eskaintzen duen ‘KOSMO’ izeneko tresna digitalak publikoaren eta epaimahaiaren sariak eskuratu ditu Lovie Awards 2024 sariketako ‘Datuak bistaratzeko proiekturik onena’ kategorian, Bilboko museoko iturriek jakinarazi dutenez. Museoko KOSMOS proiektuaren irudia webgunean. (www.guggenheim-bilbao.eus) Bidaiari Museoaren Kide Korporatiboa den La Tempesta etxearekin lankidetzan garatutako proiektua da KOSMO, eta Guggenheim Bilbao Museoaren bilduman ordezkatuta dauden artisten berri emateko eta funtsei zein egileei buruzko begirada, lotura, zeharkako irakurketa eta hurbilketa berriak eskaintzen ditu. Lovie Awards sariak kulturan eta teknologiaren arloan bikaintasun digitala aitortzeko Europako saririk ospetsuenak dira. Epaimahaia Arte eta Zientzia Digitalen Nazioarteko Akademiako kideek osatzen dute –erakunde horrek kultura eta teknologia digitalean aditu diren 4.000 kide baino gehiago hartzen ditu bere baitan–. Sariketaren 14. edizoa izan da aurtengoa eta Europako 35 herrialdetako 1.200 proiektu baino gehiagok hartu dute parte. Tresna digital berritzailea KOSMO tresna digital berritzailea da, artearen eta teknologiaren elkargunean dagoena. Bere diseinu dinamiko eta irisgarriari esker, Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma arakatu eta bertan ordezkatutako artistak eta haien arteko loturak ezagutu daitezke, bai eta museoaren historian zehar haiek parte hartu duten erakusketak ere. Gailuaren merituetako bat da interfaze bakar batean biltzen direla bildumari buruzko eduki kuratorialak eta hezkuntzakoak eta, ezaugarri horri esker, erabiltzaileek arte garaikidearen ulermenean sakontzeko artelanei buruzko informazioa, horien arteko loturak eta multimedia edukiak esplora ditzakete. KOSMO Guggenheim Bilbao Museoaren proiektu estrategikoa da, eta web semantikoaren, datu estekatuen eta adimen artifizialaren zehazpenen arabera eboluzionatuko du.