FEB. 04 2022 AIAKO HARRIAN Erroilbide: Zaharrena, eta berezienetakoa Gipuzkoako ipar-ekialdeko eta Nafarroa ipar-mendebaldeko zaintzailea da Aiako Harria, Kantauri itsasotik oso kilometro gutxira jaikitzen den granitozko mole ikusgarria. Duela 230 milioi urte sortu zen, Paleozoiko aroan, eta Euskal Herriko mendi multzo zaharrenetakoa da. Berezienetakoa ere bai, hiru tontor polit, ezberdin, berezi baititu, eta amildegi handiak. Ikuspegi dotorea eskaintzen du, batez ere Pirinioetara. Erroilbide da gailur nagusia, 832 metrorekin. Aiako harrian Erroilbide da gailur nagusia, 832 metrorekin. (Amdoni Urbistondo) Testua eta argazkiak: Andoni URBISTONDO Pirinioak dotore ikusten dira Aiako Harriko mendi multzotik egun argietan (harria, singularrean, eta ez Harriak, pluralean, usu esaten den bezala). Auñamendi zuri-zuri sumatzen da urtarrileko lehen egunetan, baita Orhiko Kukula ere, Baztango nagusiaren, Auza mendiaren bizkarrean. Pirinioentzat lehen aipamena kronika honetan, egun bizi-bizirik baitirau Pirinioak mendebaldean non bukatzen edo hasten diren argitu beharko lukeen eztabaida. Jaizkibel mendian? Bidasoa ibaian? Geologikoki Pirinioak eta Aiako Harria garai ezberdinekoak dira, baina Aiako Harria Pirinioak dira edo ez? Eztabaida horratx, hamaika iritzi daude gaiaren inguruan. Aiako Harriak hitz egingo balu, informazioz aberatsago ginateke. Euskal Herriko geologiaren azalpen osatuagoa izango genuke, gure aberrian daukagun mendi multzo zaharrenetakoa baita. Duela 230 milioi urte sortutako granitozko mole berezia da, Paleozoiko aroan. 230 milioi urte bertan! Pirinioak nola sortu ziren ikusi zuen lekuko pribilegiatua da Aiako Harria! Zaharra, bai, baina berezia ere bai. Euskal Herriko mendigune berezienetakoa, eta zergatik ez, ederrenetakoa ere bai. Gipuzkoako Donostialdea, Oarsoaldea eta Bidasoa-Txingudi eskualdeen eta Nafarroako Bortzirien artean hedatzen da Aiako Harria. Kantauri Itsasotik bederatzi kilometro eskasera dago, eta Bidasoa ibaitik gertuago, lau kilometro pasatxora. Mendi multzo tentea da oso, amildegi handiak dituena isuri guztietara. Hiru tontor nabarmen ditu, iparretik hegora: Irumugarrieta (809 metro), Txurrumurru (821 metro) eta Erroilbide, hiruretan garaiena, eta hegoen dagoena, 832 metrorekin. Errepidez bi sarbide nagusi ditu. Iparretik, Oiartzundik Irunera daraman lepotik, Elurretxe. Ingelesaren Gaztelua ere esaten zaio bide horri. Handik erraz igo daiteke Irumugarrieta gailurrera (Oiartzun, Irun eta Lesaka arteko muga dago gailurrean, hortik bere izena). Beste sarrera hegoan dago, Oiartzundik Lesakara daraman errepidean, Aritxulegi mendatean. Eta handik bi ordu eskasera dago Aiako Harriko tontor garaiena, Erroilbide: 832 metro. Toponimiak dioenez, “Erroldan Bide” izenarekin dauka zerikusia. Euskal mitologia aberatsean, Erroldanek jaurti omen zituen Hendaiako Hondarraitz hondartzako muturrera han dauden dunbarriak, haitzak. “Dunba luzea” eta “Dunba zabala” izenez ere ezagutuak (frantsesez Les Jumeaux esaten diote, “bikiak” euskaraz). Mendia eta itsasoa elkar lotuta dauden adibide ere bada Aiako Harria, babesera bueltatzen ziren arrantzaleek Aiako Harriko tontorrak erabiltzen baitzituzten, edo dituzte, etxetik gertu daudela jakiteko (mendebalderago, Zumaia parean, antzekoa gertatzen da Erlorekin). Aiako Harria mendiguneari itzuli osoa eman dakioke errepideko bi lepoak lotuz. Egun osoko txangoa da hori, ordea, eta joanekoan edo itzulerakoan hiru gailurren arteko zeharkaldia egin behar da derrigor. Zeharkaldia ez da zaila, baina erraza ere ez, batez ere hasiberrientzat, bereziki Txurrumurru haitzeko jaitsiera, Erroilbiderantz. Bigarren graduko tarte bat du, eta irtenune bat ere bai, gailurretik gertu. Eraztun edo uztai bat bada, helduleku gisa. Tarte bera, kontrako norabidean, Erroilbidetik Txurrumurru haitzeraino, errazago egiten da. Arrokan ibiltzen, edota hankak eta besoak jartzen, eskarmentua edukitzea komeni. Eta noski, haitzak bustita badaude, ez saiatzea hobe. Haitz ikusgarriak Txango lasaia izateko aukerarik onenak Irumugarrieta eta Erroilbide dira. Erroilbiden jende gutxiago ibiltzen da, eta haitz multzoan bera da garaiena, 832 metrorekin. Aritxulegi gainean ekiten zaio martxari. Arritxulo mendi aterpean utz daiteke autoa, edo tunelaren ondoan, eskuinerantz abiatzen den pistaren ondoan. Pistatik 100 metro egin eta tunel gainera igotzen den xenda bat dago. Lepoan agerikoak dira marka hori-gorri-zuriak. Horiei segi, buruz gain daukagun Enarri edo Arpetxekogaña haitza inguratuz. Aritxulegi lepoan bertan eskalada bideak daude, eta Enarri haitzean ere bai. Oso ohikoa da jendea bi horma horietan eskalatzen ikustea. Enarri inguratuta, “Tontorrak” jartzen duen seinalea ikusiko dugu, horri jarraitu, Elurretxe lepora daraman bidea ezkerrera utzita. Aurrerantzean, seinaleztapena puntu gorriak izango dira. Enarri gainean, halako goi lautada bat zeharkatzen da, alertze pinu sorta batean barrena, eta ikuspegia ederra da bertatik. Kantauri itsasoko zati handi bat, hasi Donostiatik eta Miarritzeraino. Jaizkibel bera iparrera. Lapurdiko mendiak eta Pirinioak ekialdera. Bianditz, Mendaur eta beste hegora, eta Adarramendi, Aralar, Aizkorri, Ernio eta Izarraitz mendebaldera. Bat-batean agertuko zaigu begi aurrean Erroilbide haitz dotorea. Mole ikusgarria da, benetan, igo ezina izatearen itxura duena gatozen bidetik. Adi ibili behar da tarte honetan, tentazioa haitzera hurbildu eta igotzea baita. Ez da hori egin behar. Xendaren ondoan, arroka batean bada gezi gorri argi bat, ezkerrerantz joan behar dugula esaten diguna. Jaitsi egin behar da, pinudi batean barrena, eta Erroilbide haitza inguratu. Beti Oiartzun eta Donostialdea ikusten ditugula, mendi multzoko mendebaldeko isurian barrena. Haitza inguratuta, adi berriro puntu gorriei, haiek erakutsiko baitigute zein den bide egokia. Tarteka hankak eta eskuak erabili behar dira hemen ere, eta belarra heze badago, kontuz ibiltzea komeni, baina paso errazak dira. Erroilbide gailurrera iristen garenean aitaren batean ahaztuko ditugu igoerako zailtasun txiki horiek. Bereziki ikusgarria da Txurrumurru tontorrean, ehunka metro batzuetara dagoen jendea bistaratzea Erroilbidetik. Endara aintzira bera ere oso behean geratzen da. Hamaiketakoa egin eta autora pozik bueltatzea baino ez zaigu geratuko. En el censo tiene que ver con el nombre de Se cree que fue Erroldan quien lanzó los bombos, las peñas, que se encuentran allí al extremo de la playa de Hondarraitz, en Hendaia.