Maskaradak, apirilera arte Zuberoko hamabi herritan
Urtarrilak 16-Apirilak 17
Krisi sanitarioaren eraginez hainbat hitzordu bertan behera utzi behar izan eta gero, 2021eko maskaradei bukaera eman zieten Barkoxen urte hasieran, urtarrilaren 8an zehazki. Bada, aste bat geroago, aurtengo egutegiari hasiera eman zioten Atharratze-Alozen. Eta, egoera aldatzen ez bada behintzat, udaberrira bitarte bertako gazteek prestatutako emanaldia ikusgai izango da Zuberoako hamabi herritan datozen hilabeteetan.
Barkoxeko azken hitzorduaren ondotik, Atharratzen, Pagolan eta Lexantzün izan ziren maskaradak urtarrilean (16an, 22an eta 29an), eta otsailean, berriz, honako herri hauetan izango dira, egoerak ez badu okerrera egiten: Barkoxen hilak 6an, Altzürükün 13an eta Santa Grazin 26an.
Martxoan, berriz, honako herri hauetan izango dira: Muskildin hilak 6an, Idauzen 12an, Ainharben 19an eta Alozen 26an. Apirilaren 10ean Irurin izango dira eta, azkenik, 17an, Gamere-Zihigan. Bertan eskainiko dute aurtengo denboraldiko azken emanaldia .
Azkenaldiotan, esan bezala, ohiturak aldatu behar izan badira ere, maskaradak neguan iragan ohi dira urtero. Eta herriz herri egiten dira, beti udaberria ailegatu arte.
Jakina, maskaradak antolatzea harrotasun handia da ardura duen herriarentzat. Barkoxeren kasuan, 40 aktore eta dantzari inguru engaiatu dira ekimen ederra proposatzeko.