Egin planak

Getxophoto: jolasa ardatz nagusi, ‘Play’ lelopean

Ekainak 6-30

Getxophotok nazioarteko 22 artistaren lanak erakutsiko ditu hilabetez. Hemezortzigarren edizioan, jolasa izango da ardatza, ‘Play’ lelopean. Tartean da Alejandra Carles Tolra argazkilariaren irudia (goikoa).

Maria Ptqk komisarioak berak azaldu zituen aurkezpen ekitaldian aurtengo gai nagusia hautatzeko eta egitaraua osatzeko arrazoiak: «Jolasa bizitzaren bazterreko alderditzat jotzen da, baina ikertu dutenek ezetz diote, bizitzaren erdigunean dagoela. Haurtzaroan ez ezik, gerora ere baditugu jolaserako baliatzen ditugun espazio mugatu batzuk, ikasteko, sorkuntza lantzeko baliatzen duguna. Gizartearen miniaturazko bertsio bat sortzen dugu bertan, eta bizikidetza, mugak eta arauak ikasten ditugu horrela. Aberastasun hori du jolasak».

Algortako erdigunea, Ereagako hondartzako pasealekua eta Romo-Areeta ingurua izango dira jaialdiak hartuko dituen hiru alderdi nagusiak. Nobedadea da La Kantera skateparkera ere iritsiko dela jaialdia lehen aldiz. Han ikusgai izango da Luisa Dorr artista brasildarraren Imilla argazki seriea. Gainera, gune berria aukeratzean argazkien gaia kontuan izan dute antolatzaileek, soineko tradizional ikusgarriak jantzita Bolivian skatean aritzen den emakume talde baten erretratuak direlako.