Roge Blasco (Argazkiak: Ana Maria Briongosek utzitakoak)
Interview

Ana Maria Briongos: «Fisika ikastea erabaki nuen uste nuelako ez zegokiola emakume bati»

Ana Maria Briongos.
Ana Maria Briongos.

Ana Maria Briongos (Bartzelona, 1946) idazle orientalista ospetsuenetako bat da. Aitzindaria da bakarkako emakume bidaiari gisa. 1968ko abenduan, Espainia frankistatik Indiarantz ihes egin zuen, gazte-errebeldiaren garai hartan boladan zegoen hippyen bideari jarraituz. Inork aurkituko ez zuen leku bat topatu nahi zuen. Diru gutxirekin mugitu zen eta ez zekien noiz itzuliko zen.

Bartzelonan ontziratu zen Beiruterako bidean, autobusez jarraitu zuen Damaskora, Bagdadera eta Teheranera, eta, behin Kandaharrera iritsi zenean, gelditu egin zen. Mohammadzai klanak hartu zuen, eta, paxtun ohiturak agintzen duen bezala, babestu egin zuten.

Hainbat aldiz itzuli zen Bartzelonatik Afganistanera. Farsi hizkuntzak liluratu zuen. Teherango Unibertsitatean Persiako Hizkuntza eta Literatura ikasteko beka eman zion xah-aren Gobernuak, eta ia hamarkada batez Iranen eta Afganistanen lan egin zuen enpresa-aholkulari eta interprete gisa. Zenbait bidaia-liburu idatzi ditu Afganistani buruz (‘Un invierno en Kandahar’), Iranen inguruan (‘La cueva de Ali Babá’ eta ‘Negro sobre negro’) eta Indiako herrialdeaz (‘¡Esto es Calcuta!’). Azkenaldion, urtean hainbat hilabetez bizi izan da Berkeleyn, non alaba eta bi biloba bizi diren.

‘Mi cuaderno morado. El viaje más largo’ du azken Lana. Bertan Kaliforniako bizilagunekin izandako esperientziari buruzko kontakizun interesgarriak eta bere biografia zatiak uztartzen ditu: ikasle garaian frankismoari aurre egiten, trantsizioan kataluniar progresiako lagun artista eta intelektualekin izandako harremana eta emakume batek Ekialdean bizitako istorio fantastikoak.

Munduko bideak eskola izan dira zuretzat?

Balio izan didate burua zein bihotza zabaltzeko, askotariko jendea ezagutzeko eta denok berdinak garela eta gauza berberengatik sufritzen dugula konturatzeko eta, azkenean, oso ondo ulertzen dugula elkar, politikariez eta haien zurrunbiloaz harago.

Zure alaba Anna gaztelania irakaslea da Berkeleyn. Bertan bizi da senarrarekin eta bi seme-alabekin. Zure bisitak bi eta hiru hilabete bitartekoak dira eta estudio bat alokatzen duzu. Nola aldatzen zaizu bizitza?

Leku batean bizitzen jartzea eta, bizilagunak eta dendariak ezagutuz, auzo-bizimodua egitea gogoko duen bidaiaria izan naiz. Horrela, sareak sortzen dira, bata bestearekin tartekatzen direnak eta bizitza osoan irauten dutenak. Kalkutan gertatu zait, Afganistanen, Iranen eta, azkenaldion, baita Kalifornian ere.

Familiako arrazoi batengatik iritsi nintzen Estatu Batuetara. Gela bat alokatu nuen Berkeley hiriko etxe batean. Bertakoak ezagutzen hasi nintzen haur-kotxeari bultzaka nenbilela. Mundu berri bat zabaldu zitzaidan, existitu zitekeenik inoiz pentsatuko ez nukeena, nire eremu geografikoa Asia eta Ekialde Hurbila izan delako. Bat-batean, Amerikan nago, abentura berri batean murgilduta, aparteko abentura, ezagutu dudan jendeak zerikusi handia duelako nire gaztetasunarekin; nire belaunaldiko jendea delako eta arrazoi berberengatik borroka egin genuelako.

Zure bizilagun batek, Pat-ek, kontzertuak antolatzen zituen San Frantziskoko Fillmore Auditoriumean, Grateful Dead, Bob Dylan edo Carlos Santanaren urrezko garaian.

Banda handi hauen ‘road manager’-a izan zen. Bere abenturak kontatzen zizkidanean niretzat garai bat berpizten zen, Grateful Dead eta beste kaliforniar talde batzuen jarraitzailea izan nintzelako. Nire auzokoek oso gogoan zituzten oraindik.

Berkeleyn Ipar Amerikako ohiko etxeak daude, lorategidunak. Oso indibidualistak dira. Zaila al da adiskidetasuna lortzea?

Ez dago burdin sarerik, ezta hesirik ere, baina baimenik eskatu gabe jabetza pribatuan sartzea bururatzen bazaizu, gaizki atera zaitezke. Lagun bat egitea denbora kontua izaten da. Bizitza honetan zorioneko izan naiz, aberatsa izan naizelako ez dirutan, denboran baizik. Egunero paseatzen nuen eta harremanak ehuntzen nituen. Presaka ibili izan banintz, ez nukeen aukera hori izango.

Bidaia-filosofia hori hasieratik hartu zenuen, Kandaharren geratu zinenetik?

Kandaharren geratu nintzen zer gertatu zain. Jendearekin harremanak eta konplizitateak sortu behar izan nituen, denborarekin mantentzen diren horietakoak. Kandaharrekoak desagertuz joan ziren gerra basati baten ondorioz, baina Kabulekoek jarraitzen dute 50 urte geroago. Guztiak atzerrian erbesteratuta badaude ere, elkar bisitatzen jarraitzen dugu. Eta maitatzen.

Frankismo garaian 21 urte bete arte ez zinen adin nagusikoa, eta, emakumea izanda, aitaren edo senarraren zaintzaren mende zeunden. Nolakoa izan zen zu emakume gisa askatzeko, independentea izateko eta bide propioa hartzeko prozesu hori?

Garai hartan, emakumeak koldar samarrak zirela uste nuen, ibilbide propioa izatera ez ausartzeagatik. Fisika ikastea aukeratu nuen emakume bati ez zegokiola uste nuelako. Ni karrera hori egiteko gai nintzen, eta lortu nuen, baina ez dut sekula horretan lan egin, nire bidaia-bizitza liluragarriagoa izan zelako eta denbora gehiago eskaini niolako.

1968an Espainiako egoera politikoa itogarria zen, itxia eta tristea. Unibertsitatean ikasleak espedientatzen zituzten eta lekuz aldatzea erabaki nuen. Gazte asko Ekialdera zihoazela banekien eta ni ere animatu nintzen.

Bidaia iniziatiko atsegin, interesgarri eta indartsua izan zen. Afganistanera iritsi nintzenean, paradisua iruditu zitzaidan. Ezagutzen nuenaren aldean, erabat ezberdina. 2.000 urte atzera egitea bezala izan zen. Kandaharren nengoen, inkomunikatuta, inork ni ikusi edo kritikatu gabe. Pazientzia izaten ikasi nuen, gertukoaz eta txikiaz gozatzen, gerturatzen zitzaidan pertsona bakoitzaz. Afganistango kultura apartekoa iruditu zitzaidan, mundua ikusteko modua gure logika kartesiarretik ateratzen zen.

Hirian barrena ibiltzen nintzenez, azokako jendearekin harremanak egin eta haien etxeetara joaten nintzen. Gainera, emakumeen eremuan sartzen uzten zidaten, bakarrik nindoalako. Negua pasatzeko leku bikaina eta atsegina izan zen.

Indiarako bidaia asko atzeratu zen, Afganistango eta Irango gizartean buru-belarri sartu baitzinen Kalkutan denboraldi batzuk igarotzea erabaki zenuen arte. Egonaldietako batean zure ama Luisa Guadayolek lagundu zintuen 85 urterekin, eta otsaila eta martxoa aukeratu zenituen, hiri horretan klima atseginena den garaia.

30 urte inguru behar izan nituen Indiara iristeko. Rabindranath Tagoreren sorlekua da Kalkuta, pedagogoa eta 1913ko literaturako Nobel sariduna. Espainian izan zen Irakaskuntzako Erakunde Librearekin lotura izan zuten landa-eskolak sortu zituen. Nire ama maistra izan zen, eta Gerra Zibilean, Tagoreren lana irakurri zuenean, lasaitu ederra hartu zuen. Kalkutara eraman nuen eta aire zabaleko zuhaitz baten azpian egiten diren eskola hauetara joateko aukera izan zuen.

Zein leku berezi atsegin duzu Kalifornian?

San Frantziskora joaten naizen bakoitzean, Colombus Avenue-ko City Lights liburu-dendatik pasatzen naiz, 1953tik Beat Generation-eko idazleek ospetsu egin zuten topaleku literarioa. 19 urte nituela, Allen Ginsbert, Jack Keouac, Gregory Corso, Diane di Prima eta Lawrence Ferlingetti poetak ezagutu nituen. Bere atea irekitzen dudanean, sentitzen dut bidaia egiten dudala gazte eta buhame ginen garaietara.
 

OHARRA:
Elkarrizketa hau Bidaiariko erredakziora bidali eta egun gutxira, Ana Maria Briongos gaixotasun baten ondorioz hil zela jakin nuen. Gogoan dut Altafullako Bidaiari eta Idazleen Topaketako bisita-koadernoan 2023ko uztailean idatzi zuen ohar hau:

«Munduko bideak eskola bat dira, non espiritua epeltzen den eta tolerantzia eta elkartasuna finkatzen diren. Ematen eta hartzen ikasten da, etxeko ateak eta espiritua zabalik edukitzen eta, batez ere, partekatzen.

Gauza gutxirekin gozatzen ikasten da, daukaguna baloratzen, austeritatean zoriontsu izaten eta oparotasuna ospatzen.

Entzuten eta behatzen ikasten da, eta baita maitatzen ere.

Horregatik bidaiatu dut nik gaztarotik, eta horregatik jarraitzen dut eta jarraituko dut bidaiatzen gorputzak eusten dion bitartean». ROGE