La Encartada museoa, industria-iraultzaren harribitxia
Mende batez artilea manipulatu zuen hainbat artikulu ekoizteko, horien artean bere txapel ezagunak. Egun batean, makinak isildu egin ziren. Eta gelditu erabat. Argiak itzali ziren eta ateak itxi. Aitzitik, makineria ez zuten lekualdatu, eta ia-ia martxan zeudenean bezala ikus daiteke. Horrexegatik, Euskal Herriko industria-museo ospetsuenen artean dago La Encartada.
XIX. mendeko ehun-fabrika zaharra industria-museo bihurtuta. Horixe da Boinas La Encartada, industria-iraultzaren benetako harribitxia, jatorrizko makineria ia osorik kontserbatzeaz eta, beraz, iraganerako bidaia bitxi bat –Bizkaiko industriaren urrezko garaira– eskaini ahal izateaz harro dagoena. Museoak egun kontserbatzen dituen bilduma teknologikoko piezen artean aipatzekoak dira 1910eko turbina bat, 1892ko selfaktina eta 1907ko ehungailu jacard batzuk.
1892an sortu zenetik 1992an behin betiko itxi zen arte, La Encartada SA lantokiak artilea manipulatzen jardun zuen; beraz, mende batez aritu zen hainbat artikulu ekoizten: txapelak –bere produktu izarra–, mantak eta oihalak, eskularruak, bufandak, biserak, matazak, harilkaiak...
LANGILE-AUZO TXIKI BAT
Mexikon dirutza egin zuten bost bizkaitarrek -horietako hiru Balmasedakoak- fabrika eraikitzea erabaki zutenean hasi zen La Encartadaren abentura. Urteak joan urteak etorri, instalazioak handituz joan ziren, inguruan langile-auzo txiki bat sortu arte. Etxeak eraiki zituzten, eta baita batzuetan eskola bihurtzen zen kapera bat ere.
Multzo osoa da industria-altxorra, baina zenbait sektoretan bildumaren zatirik deigarriena eta baloratuena da XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako makineria aparta, gehiena pieza ingelesez osatutakoa. Gaur egunera arte kontserbazio egoera ezin hobean iristeaz gain, museoak jatorrizko ekoizpen prozesu integraleko elementu guzti-guztiak mantentzen ditu, lehengai gordinaren harreratik hasi eta paketatze eta bidalketa prozesuraino. Makinen erdiak baino gehiagok primeran funtzionatzen dutela egiazta dezakete bisita gidatuetan parte hartzen dutenek.
Egia esan, La Encartadak bisitari asko izaten ditu urtean zehar. Izan ere, ERIHk (European Route of Industrial Heritage), industria-ondarearen Europako elkarterik garrantzitsuenak, Anchor Point gisa sailkatu zuen, hau da, garrantzi historikoko eta turismoa erakartzeko toki. 2019an izan zen.
LANTEGITIK MUSEORA
Bisita egin ondoren, hainbat arrazoi aipatu zituzten Europako elkarteko ordezkariek izendapena onartzea erabaki zutenean: lantegia eraldatu eta museo bilakatzeagatik; lantegiaren kontserbazio egoera bikaina delako; eskaintzen duen egitarau anitzarengatik; aldi baterako ekitaldiak eta erakusketak antolatzeko zerbitzuak eskaintzen dituelako; moda-topaketak antolatu eta talentu berriei bultzada ematen dietelako; jendeari emandako zerbitzuengatik; eta makinak martxan jartzen dituztelako.
Aipamen horiek guztiek erakusten dute Bizkaiak industria-iraultzaren lehen etapetako faktoria baten ehungintza-adibiderik onena eta osoena duela. Ez dago Europa osoan hain zaharra den jatorrizko makineria osorik, guztia sasoi berekoa, hasieratik ezarritako leku berean eta, gainera, bisitatzeko aukera eskaintzen duena.
Museoaren kokapena ere ez da nolanahikoa: Cadagua ibaiaren ertzeko paraje eder batean dago. Izan ere, ur korronteek jartzen zituzten martxan lantegiko makinak.