Ane Iparragirre

Meteora, «airean esekita»

Leku berezi eta ikusgarri honetan arkitektura bizantziarrak eta naturaren edertasunak bat egiten dute. (Getty Images)
Leku berezi eta ikusgarri honetan arkitektura bizantziarrak eta naturaren edertasunak bat egiten dute. (Getty Images)

Airean esekita. Horixe esan nahi du Meteorak. Greziaren erdialdean dago, Tesaliako zabaldian, Pinios ibaiaren haranean. Izan ere, halaxe daude, airean zintzilik bezala, harkaitz garaien puntan eraikitako monasterioak, arroken jarraipena balira bezala. Unescok 1988. urtean Gizateriaren Ondare izendatu zuen leku berezi eta ikusgarri honetan arkitektura bizantziarrak eta naturaren edertasunak bat egiten dute.

Geologikoki, honako azalpena du fenomenoak: duela 60 milioi urte, itsas hondoak gora egin zuen, lurrazalaren mugimenduen eraginez, eta hareharrizko geruza lodi hartan hainbat faila eraiki ziren. Ondoren, urak, haizeak eta muturreko tenperaturek forma eman zieten gaur egun ikusten diren hareharrizko eta konglomeratuzko zutabeei. Arrasto horizontalak ikus daitezke haitz horietan, itsaso prehistoriko batek utzitako markak.

Eta historiari dagokionez ere, lekuak badu bere berezitasuna: fraide aszetak Meteorako haitzetan bizitzen hasi ziren IX. mendetik aurrera, lurretik 500 metrora egon zitezkeen zuloetan. Baina XIV. mendean, haitzetan gora egin zuten fraideek, turkiarren eta albaniarren erasoetatik ihes egiteko. Orduan hasi ziren harkaitzen puntan monasterioak eraikitzen. Hogeitik gora eraiki zituzten; gaur seik baino ez diraute zutik.