«Yo soy aquel negrito del África tropical que cultivando cantaba..»; gutariko askok ez genekien non kokatu haurtzaroko irrati eta telebistako abesti itsaskor haren jatorria, txokolate zaporezko edari berri hartan bakarrik jartzen baikenuen gure arreta. Frankismo gau beltz luzean euskaldunok jaten eta edaten genuen ia txokolate guztia Espainiari munduan geratzen zitzaion kolonia bakarretik zetorren. Ez genekiena, akaso, kakao-arbolaren fruitu goxo hori Afrika tropikal hartako esklaboen izerdiz eta are odolez ere zipriztindua zetorrela.
Umeak, hondartza ondoan. (David DEGNER | Getty Images)
Fernando Odriozola
Bere inguruko beste herrialde askotan bezala, ez dira hainbeste urte igaro 1968an Ekuatore Gineak kolonizatzailearen kateak apurtu eta independentzia lortu zuenetik. XV. mendearen bukaeran portugaldarrak Bioko irlaz jabetu eta Formosa (Ederra) izenez bataiatu zuten. Eta 1778. urtean, Brasilgo Santa Katalina irlaren truke, portugaldarrek Espainiari eman zizkioten Ginea eta bertan kudea zitezkeen esklabotza eta komertzio eskubideak, herbeheretar, alemaniar, frantziar eta britainiarren interesen gainetik. XIX. mendean espainiarrek kakao landaketa Amerikatik Ekuatore Gineara eraman zuten; eta, harrezkeroztik, kolonia berriaren zutabe ekonomikoa bilakatu zen, kafearen eta egurraren ustiaketarekin batera. Bi mendeko kolonialismo horrek esklabotzaz gain, hizkuntza eta katolizismoa ere ekarri zituen Ekuatore Gineara.
Arraroa egiten da Afrika beltzean gazteleraz mintzatu ahal izatea bertako biztanleekin. Gizarte multietnikoa izan arren –fang, bubi, ndowe...–, gaztelera baita guztien hizkuntza egituratzailea. Herrialdea bi lurraldetan banatuta dago: Ekuatore Gineako hiriburua bertan duen Bioko irla, alde batetik, eta lurralde kontinentala, bestetik, bere garaian Muni ibairen izena hartu zuena. Eta bien artean, bi zatiak elkarrengandik batu eta aldentzen dituen Gineako golkoa.
Bioko irlako hegoaldeko azken muturra. (Fernando ODRIOZOLA)Bwiti zeremonia. (Fernando ODRIOZOLA)
Malaboko aireportuan lurreratzean, lehen ustekabea aireportua bera da, berri-berria, baliabide naturalei, petrolioari eta gasari esker nazio gazte honek duen diru botere itzelaren erakusgarri. Aurpegi eta gorputz osoan jasoko dugun bigarren zartakoa tenperatura altuak eta izugarrizko hezetasunak eragindakoa da. Etengabe izerdiz blaitzearen sentsazio hori hoteletako aire egokituarekin bakarrik etengo dugu, eta hori ere tarteka, bidaia osoan energia mozketa ugari izango baititugu.
MALABO HIRIBURUAN
Hiriburua izan arren, Malabok antzinako herri kolonial txiki baten giroa du: gehienez ere bi solairuko etxe baxuak, erritmo lasaia, izugarrizko saguzar erraldoiak zuhaitz eta palmondoetako adarretatik eskegita, goizeko hamaikak arte esnatzen hasten ez den kaleko mugimendu gutxirekin... Basile sumendiak zelatatzen du hiria, bere tontorrera maiz itsasten diren hodeiek baimena ematen diotenean.
Erdiguneko pasealekuan espainiarren garaiko azken etxe kolonialak ikusiko ditugu, kaleko eserlekuen zokaloetan On Kixoteren zenbait pasarte dituztenak
Haren gailurretik Kamerun mendia bera ere ikus daiteke egun oskarbietan Gineako golkoaren iparraldeko muturrean. Erdiguneko pasealekuan espainiarren garaiko azken etxe kolonialak ikusiko ditugu, kaleko eserlekuen zokaloetan On Kixoteren zenbait pasarte dituztenak. Presidentearen etxeari eta eraikin ofizialei ezin zaie argazkirik atera, Gobernuaren inguruko edozein mugimendu susmagarri bihur daitekeelako hemen.
Bere garaian askatutako esklabo eta atzerriko afrikar langileek eta bertako jatorrizko bubi etniakoek sortu zuten Ela Nguema auzoa animatzen hasi da eguerdian. Bertako eliza nagusian Bisila ama birjinaren inguruan bildu dira fededun batzuk. Bertako bubiek Bisila izeneko izpirituarengan zuten sinesmen handia ikusita, misiolariek bereganatu egin zuten eta bertakoen ama birjina bihurtu.
Egun, denek otoi egiten diote azal beltza eta aurpegian eskarifikazio afrikarrak dituen ama birjinari. Hilerrira hurbildu gara sinkretismoa hobeto ulertzeko, baina trumoiek eta euri zaparradak aldendu gaituzte. Izugarria da nola zerua bat-batean belztu den eta uholde unibertsala eragin duen. Kaleak urez gainezka daude eta jatetxe batean topatu dugu aterpea, zeruak ordubetera menia eskaini digun arte. Legatza euskal erara, krokodiloa, gaztelar dilistak... menua zabala da, bai.
Arratsaldeko azken orduetan Malaboko lorategi botaniko handira gerturatu gara eta bertako museoko arte afrikarrarekin gozatu dugu. Bai eta aldameneko enparantzan zutitzen diren eta herrialdeko etnia bakoitza omentzen duten Ekuatore Ginea osoko totemekin ere.
Martinez anaiak izeneko supermerkatu-kateko denda batean erosi ditugu hurrengo egunetarako gutizia eta hamaiketakoak. Eta, jarraian, Bioko irlari bira ematera atera gara gure furgonetan. Biokoren erdigune geografikoan aurkituko dugu bubi etniaren erdigune izpirituala. Moka izeneko herritxo honetan ere Bisila ama birjinaren ohorezko beste eliza eder bat dute. Bertan bizi da antzinako errege baten ondorengoa ere.
Bubi artisauek “bubi zintzarriak” lantzen dituzte hemen. Egur zurizkoak dira eta mihi baten izan ordez bi edo hiru dituzte. Zintzarriak ez dira behien lepotik eskegitzen; izpiritu gaiztoak uxatzeko erabili ohi dira. Diseinu horretan inspiratu omen zen Elgorriaga euskal txokolate ekoizlea bere logotipoa sortzeko. Haien lantegiaren izena ere ikusi dugu abandonatutako etxe baten horman. Biao lakura etorri gara oinezko txangoa egitera. Euskal baserri baten itxura du bisitarien etxeak ere, eta parkeko bi gidariek aizkoraz garbitzen digute bidea.
SAN ANTONIO DE URECARA
Hurrengo egunean San Antonio de Urecara abiatu gara. Bertako hondartzaren puntan errekak bidea mozten du eta herritxoko zamariei pasatu diegu gure motxila txikia kanpalekuraino eramateko. Harea bolkanikozko hondartza beltz amaigabea dugu aurrean. Alde batetik, Ozeano Atlantikoaren olatu bortitzek astintzen dute eta, beste aldetik, berriz, oihan ezin berdeagoak estaltzen du.
Emakume bat, merkatuan. (Diego Ramos dirator | Getty Images)
Bizpahiru orduko ibilbidea dugu aurrean eta, noizbehinka, baso trinkotik datozen ur-jauziak aprobetxatzen ditugu bainutxo bat hartu eta gaineko hezetasun eta bero likatsuak gainetik astintzeko. Hondartzatik oihan barrura jo dugu, basoan zehar irekitako buztinezko bidetxoari jarraituz, tximinoen orroak etengabe entzunez.
Moabaren Zaindaria deitutako harkaitzera heldu garenean, gure zamariek eta gidariek harritzar horri eskaintzak egin dizkiote eta Moaba ibaia zeharkatzeari ekin diogu. Itsasbehera denez eta gaur menditik ere ur handirik ez datorrenez, nahiko ondo moldatu gara ibaia zeharkatzeko. Gure motxilatxoak haurrentzako gomazko baltsa baten gainean pasatu ditugu eta gu soka bati helduta igeri eginez.
Mendi-dendetan kanpatuta, izarrak lagun, paradisu honetako bazter guztiak miatuko ditugu, hala nola Moabaren bihotza
Gaur eta bihar ametsetako ur-jauzietako putzuetan bainatuko gara, dril eta beste tximino espezie batzuen bila oihanean barrena ibiliko gara; eta haur baten ilusioarekin gau ilunari itxoingo diogu hondartzaz hondartza dortoken bila joateko. Mendi-dendetan kanpatuta, izarrak lagun, paradisu honetako bazter guztiak miatuko ditugu, hala nola Moabaren bihotza. Itsasoak kostaldeko kareharriari jandako eta bihotz erraldoi formako barrunbe ikaragarri horretan, olatuen indarrak sei-zazpi metroko urezko sistole eta diastoleak eragiten ditu bere doinu indartsu eta bereziarekin.
Luba hiriko eraikin koloniala. (David Degner | Getty Images)
Irlen arteko ferry bat hartzen. (David Degner | Getty Images)
KOLONIALISMO ESPAINIARRA
Bi egun paradisuan pasatuta, itzulerako bidean ere beste dortoka batzuen aztarnak ikusten ditugu hondartzan. Azken ur-jauzian bainu ederra hartu eta, arropak aldatuta, prest gaude Malabora itzultzeko bidea egiteko. Arratsaldea Sanpaka kakao-finkan emango dugu, Asturiaseko familia baten oinordekoen istorioak entzuten. “Palmeras en la nieve” eleberri eta pelikula arrakastatsuko kontu batzuk hemengo finkan gertatu ziren, kolonialismo espainiarra puri-purian zegoen garaian.
Ekuatore Ginea Bioko irlan eta lurralde kontinentalan banatzen da. Batean zein bestean Afrika tropikaleko paisaia nagusitzen da. (Jan Ziegler | Getty Images)Palmondo eta baratzak Malabon. (David Degner | Getty Images)
Biharamunean Ekuatore Gineako kontinenteko zonara hegan egin dugu, fang etniaren eremuetara, hain zuzen. Hemen ere paisaia guztia berdez tindatuta dago. Mongomo herritxo lasaia ez legoke egin beharreko bisitaldien artean, bertan Erromako San Petri basilikaren antzeko bat eraiki izan ez balute. Inguru hauetan jaio ziren herrialde berriak izan dituen hiru presidenteak, guztiak fang etniakoak: Bonifacio Ondó, Macias sarraskitzailea eta egungo Obiang.
Gabon herrialdearen mugatik oso hurbil, oihanaren erdian, obiangdarrek hiriburu berri bat ezerezetik sortzea erabaki dute. Milaka zuhaitz suntsitu dituzte Oyala hiriari leku egiteko. Unibertsitateak, aduanak, Washingtonekoaren tamaina eta itxura bereko kongresua, golf zelaia eta laurehun logela dituen bost izarreko hotela... horiek eta hona iristeko norabide bakoitzeko lau erreiko autobide europarra eraiki dituzte dagoeneko, nahiz eta auto bat bakarra ere ez ikusi bertatik pasatzen.
Malaboko talaiatik Kamerun sumendia ikus daiteke. (Diego Ramos dirator | Getty Images)Ureca erretserbaren ur-jauzienetariko bat. (Jan Ziegler | Getty Images)
Alen mendiko parke nazionalera iritsi gara, natura erdian beste ibilbide bat egiteko asmoz. Gurekin batera hiru nekazari-gidari datoz, aizkoraz bidea zabaltzen. Astebetera gehienez ere, oihanak berriro bere landaredia berreskuratuko du. Inguru hauetako enbor-azal zein landare asko sendabelar moduan erabiltzen dituzte. Mendiko elefanteek egundoko zuhaitzen artetik bidea irekitzen dute eta, garai batean, Alen parke honetako lurretan harrapatu zuten Bartzelonarako zoologikora eraman eta Copito de Nieve izenez ezaguna egin zen Malutatxo gorila zuria.
XVIII. mendearen bukaeran hemen ibili zen Manuel Iradier esploratzaile eta aditu euskalduna eta bere abizenarekin bataiatu zuten hiri komertzial jaio berria: Puerto Iradier, Gabon eta Ekuatore Ginearen artean, mundutik at
Gure hurrengo helmuga Ekuatore Ginearen hegoaldean dugu. Oihan itxiko ibaiadarrek sortutako delta ikusgarriaren bukaeran dago Kogo izeneko herritxo lasaia. XVIII. mendearen bukaeran hemen ibili zen Manuel Iradier esploratzaile eta aditu euskalduna eta bere abizenarekin bataiatu zuten hiri komertzial jaio berria: Puerto Iradier, Gabon eta Ekuatore Ginearen artean, mundutik at.
BWITI ERRITUALA
Gasteiztarraren ondorengoek joan den mendearen bukaeran hemen martxan jarritako ospitalea, eskola eta bestelako zerbitzuak lanean ibili dira duela gutxi arte. Mitemele, Congüe eta Muni ibaien estuarioan Bwiti errituala ezagutuko dugu gaur gauean. Gurtza afrikar hau Gabonen sortu zen eta handik inguruko herrietara zabaldu zen ondoren. Afrikar sustrai animistetan oinarriturik dagoen erritu honek kristau-ospakizunetako gai eta sinbolo batzuk batzen ditu.
Basoaren erdian dugu hitzordua. Intsektuen soinuek eta, ondoren, egundoko ekaitz baten trumoiek jarri diote soinu-banda gau beltzari. Bwiti maisuen familiak danborrak eta animalien adarrak joz hasi dute erritua, gero eta intentsitatea handiagoarekin. Iboga landarearen sustrai psikodelikoek ere laguntzen dute ziur aski.
Gutaz gain, inguruko hainbat andre eta ume gaixo ere hurbildu dira, denen aurrean bakoitzaren arazo pertsonalak apaizari kontatuko dizkiotenak ozenki. Piztutako kandelek intsentsuaren moduko usaina zabaltzen dute, dantzak, kantuak eta txalaparta dirudien danborren erritmoa areagotzen doa etengabe, eta apaiz afrikarra tarteka desagertzen da errezelaren atzean ibogaren bitartez arbasoekin harremanetan jartzeko. Aurpegi beltzak talko hautsez zuritu dituzte, etengabeko esaldi luze eta errepikakorrak kantatzen dira, trantzean sartu nahian edo. Eta zeremoniak dirauen hiruzpalau orduren ondoren, lasaitasuna. Ekaitza ere baretu egin da kanpoan.
CORISCO IRLARA
Eguzkia gogotsu altxatu da gaur eta 09:00etarako denok izerdi patsetan jarri gaitu. Txalupa motordunetan abiatu gara Corisco irlara, benga etniakoren eremuetara. Azken bi egun hauek paraje isolatu hauetan emango ditugu, kokondoen artean, egun ehun biztanle baino gutxiago duen uharte zoragarrian. Frantziarrek esklaboen portu gisa erabili zuten Corisco, egurrezko gotorleku bat altxatuz Hokko puntan.
Puntu honetatik Gabon herrialdearen kostaldea antzematen da itsasoaren beste aldean. Irina baino zuriagoa den hondartzaren muturrean halako ezpata antzeko hareazko hari luzea itsasoan galtzen da, eta gu berdin gabiltza, mundutik galduta. Ozeano honetan eta kostalde hauetan bertan gora eta behera Afrikako hainbat herritako etorkin asko eta asko, etorkizun hobeago baten bila, txalupetan ihesi dabiltzanak bezala.
Gabon herrialdearen mugatik oso hurbil, oihanaren erdian, obiangdarrek hiriburu berri bat ezerezetik sortzea erabaki dute. Milaka zuhaitz suntsitu dituzte Oyala hiriari leku egiteko. Unibertsitateak, aduanak, Washingtonekoaren tamaina eta itxura bereko kongresua, golf zelaia eta laurehun logela dituen bost izarreko hotela...