bidaiari - bidaia aldizkaria
Interview
Garbiñe Arroyuelo eta Ander Arandia
Bidaiariak

«Tandemez bidaiatzea bikote-terapia ona da, psikologoek patentatu beharko luketena»

Garbiñe eta Ander, Tetuango medinan. (Ander Arandiak utzitakoa)

Garbiñe Arroyuelok (Bilbo, 1987) eta Ander Arandiak (Alegia, Gipuzkoa, 1989) hankak eta bihotza elkartu dituzte tandemez Boli Kostaraino iristeko. Ibilgailu hori, bizikleta bikoitza baino gehiago, bikote-terapia izan da. 250 egunez (2022ko irailetik 2023ko maiatzera) Gipuzkoatik Abidjaneraino joan ziren.

Bizimodua tandemean igarotzeak egun osoa kalean egotera behartu zituen, eguraldiaren eta gertaeren menpe. Inoiz ez zekiten nor ezagutuko zuten eta non egingo zuten lo egun gogor baten ondoren. Garai lehorra aukeratu zuten, basatza saihesteko, baina bero handia jasan behar izan zuten.

Mauritaniako mugara iristen, Saharako basamortuan. (Ander Arandiak utzitakoa)

Ander 23 urtez azpiko Gipuzkoako txapeldun izan zen txirrindularitzan 2009an. Afrikara abiatu aurretik, Garbiñek eta biek zeharkaldi bat egin zuten elkarrekin Bordelera, bakoitza bere bizikletarekin.

Tandemean nola moldatzen ziren probatzeko, Igeldo mendira igo ziren. Esperientzia oso positiboa izan zenez, berehala erosi zuten bat Alemaniako merkatuan. Wagner izena jarri zioten.

Bidean, Zilarraren Bidearen zati bat jarraitu zuten Tarifara iristeko. Tangerrera iritsi ziren, Atlas mendikatea eta basamortua zeharkatu zuten eta Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Senegal, Ginea Bissau, Ginea Konakry, Sierra Leona eta Liberia igaro zuten Boli Kostan sartu arte.

Hiru erronka gainditu dituzte: tandemean pedalei eragitea, bikote gisa elkarrekin bizitzea eta eremu zorrotzetan mugitzea

Hiru erronka gainditu dituzte: tandemean pedalei eragitea, bikote gisa elkarrekin bizitzea eta eremu zorrotz batzuetan eta Sierra Leona eta Liberia bezalako herrialdeetan mugitzea, non oinarrizko produkturik ere ez dagoen.

Garbiñe, Estela eta Estefania alaba besarkatzen. Bissauko familiak asko lagundu zien gastroenteritisa izan zutenean. (Ander Arandiak utzitakoa)
Zergatik aukeratu zenuten tandema?

Garbiñe.- Bidea %100ean bikote gisa partekatu behar genuenez, pentsatu genuen horretarako tresnarik egokiena tandema zela. Ander Gipuzkoako txapelduna denez, teknika gehiago du eta lehiatzera ohituta dago. Nik ez nuen zerikusirik bizikletarekin. Berak azkar joateko beharra zuen eta nik, aldiz, nahiago dut bidean loretxoak hartzen ibili.

Beraz, eztabaidak izan dituzue erritmoa markatzeko orduan?

Garbiñe.- Bai, noski, baina ez gara ezertaz damutzen. Tandemera lehen aldiz igo nintzenean esan nuen: «Hau terapia izugarria da, psikologoek patentatu beharko luketena». Egia esan, bikote-ariketa serioa da.

Ander.- Automatikoa da; aldapa igotzen hasten zarenean, eztabaidatzen hasten zara. Ez da kasualitatea.

Lompoulera iristen, Senegal iparraldean. (Ander Arandiak utzitakoa)
Balaztak erabiltzen dituenaz fidatu behar duzu?

Ander.- Aurrean doana da kapitaina; berak du norabidearen aldaketen eta balazten kontrola. Atzekoak konfiantza osoa eta erabatekoa izan behar du.

Garbiñe.- Atzeko eserlekuan joateak sutara egurra botatzea eskatzen du, pedalei indar handiz eragitea.

Egoera gatazkatsuak gainditu behar izan duzue?

Garbiñe.- Afrikako kontinentean pobrezia asko dagoenez, berehala sor daiteke liskarra.

Ander.- Ginea Konakryn estatu kolpe bat izan zen 2021ean, eta oraindik ondorioak jasaten ari dira. Sierra Leonan eta Liberian gerra zibilak izan dituzte, eta ebola ere pairatu dute. Egoera zorrotza aurkitu dugu, klima nahiko hezea, tropikala, eltxoekin eta elikagai eskasiarekin.

Itsuen Eskolan, Boli Kostan. (Ander Arandiak utzitakoa)
Deigarria iruditu al zaizkizue emakumeen egoeraren aldaketak zenbait muga zeharkatzerakoan?

Garbiñe.- Mauritanian ez nuen harremanik izan emakumeekin; bigarren mailan daude. Gizonen begiradapean sentitu nintzen. Senegalerako sarrera, aldiz, sekulakoa izan zen; kolore gehiago dago, emakumeak irekiagoak dira, musika entzuten da eta kaleetan dantzatzen da. Oro har, ikusten duzu 24 orduz egiten dutela lan. Grabatuta gelditu zait emakumeek duten indar fisikoa, nola eramaten duten ur-ontziak buru gainean... Batzuk haurdun ikusi ditugu bananak eta beste frutak kargatzen. Aurrera egiten dute nola edo hala. Bidean aurrera egiteko indarra ematen zidaten.

Ginean (Konakry), Sierra Leonarekin mugan. (Ander Arandiak utzitakoa)

Nolakoa izan zen basamortuan egotearen sentsazioa?

Garbiñe.- Errespetu handia eragiten du; non sartzen zaren argi izan behar duzu. Aurrera egiten duzu, baina ez duzu halakorik sentitzen, begien parean dena oso berdina delako. Une batean basamortuko giroan erabat sartzen zara eta magikoa iruditzen zaizu. Azken etapetan, ozeano batean tandemarekin nabigatzen ari ginela zirudien. Kaktusak koralak ziren; harea, laranja; argia, aldakorra. Gogorra izan zen, baina oroitzapen polita dut.

«Une batean basamortuko giroan erabat sartzen zara eta magikoa iruditzen zaizu. Azken etapetan, ozeano batean tandemarekin nabigatzen ari ginela zirudien»

Non egiten zenuten lo?

Garbiñe.- Kanpadenda eramaten genuen. Guztira, 120 kilo ziren, tandemarekin eta ekipajearekin. Penintsulan, Zilarraren Ibilbideari jarraitu eta asko erabili genituen erromesen aterpetxeak. Marokon riad-etara joaten ginen; ostatu bihurtutako eraikuntza tradizionalak dira, oso merkeak eta gosari onak eskaintzen dituzte. 15 euro ordaintzen genuen gaua. Jende gutxi bizi den lekuetan, berriz, kamioilarientzat egokitutako zerbitzuguneak dituzten gasolindegietan hartzen genuen atseden. Lorategiak dituzte eta batzuetan igerilekuak ere bai.

Ander.- Abiatu aurretik, Getxoko EKI fundazioarekin jarri ginen harremanetan. Plaka fotovoltaikoak jartzen ditu Sierra Leonako moja eta apaizen misioetan. Proiektuak bisitatu eta, bide batez, komentuetan hartu gintuzten kalitatezko atsedena eskainiz. Janari ona, dutxa, ohea eta eltxo-sarea ziurtatuta genituen. Haientzat balentria bat zen bizikletaz iritsi izana. Dohaintza bat uzten genuen.

Boli Kostan. (Ander Arandiak utzitakoa)
Osasuna aldetik, zer moduz ibili zarete?

Ander.- Errespetu asko genion malariari. Liberian nengoela, hotzikarak sentitzen hasi nintzen. Biharamunean, zorionez, mikroskopioa zuen osasun-zentro batean artatu ninduten, eta positibo eman nuen. Garaiz konturatu ginenez, malaria desagertu zen tratamendu batekin eta sendatu egin nintzen. Garbiñeri ez zaio ezer gertatu; osasun arazo guztiak nik izan ditut. Penintsulan, liztor batek eztenkatu ninduen, Marokon enpasteak dantzan izan nituen teari botatzen dioten azukrearen eraginez, Senegalen beherakoak...

Ikasle talde batekin, Boli Kostan, non lo egiten utzi zieten. (Ander Arandiak utzitakoa)
Nola gainditzen dituzue neke-uneak?

Garbiñe.- Une batzuk oso gogorrak izan ziren akiduragatik, beheraldiagatik, haserreagatik, oinarrizkoena ere ez izateagatik, faltan sumatzen nuen… Oso zuhurra naiz, gustatzen zait jakitea zeri heldu behar diodan; beraz, lasaitu egiten nintzen etxetik zenbat kilometrora nengoen eta itzulerako txartela nola lortu jakinda, baina herrialde guztiek ez zuten hegaldi-konexio onik.

Garbiñe tipula bat zuritzen Diasian, Ginean. (Ander Arandiak utzitakoa)
Non dago orain tandema?

Ander.- Abidjaneko hegazkina hartzeko tandema desmuntatu egin genuen. Eta, iritsi bezain laster, berriro muntatu nuen. Orain Alegin dago, nire gurasoen garajean. Bikote-terapia bat egin nahi duena jar dadila harremanetan gurekin.