You have accessed a news of payment and have consumed a click of your personal account.
Eli Txapartegi
Egiptoko Museo Handia, proiektu faraonikoa
Gizako nekropolitik bi kilometro mendebaldera, Egiptoko Museo Handia (Grand Egyptian Museum/GEM) hartuko duen eraikina dago, zibilizazio bakar bati eskainitako munduko museo arkeologiko handiena izango dena. Ofizialki oraindik inauguratu ez bada ere, bere egitura ikusgarria harro eta dotore ageri da basamortuko ordokian.
168.000 metro koadroko azalera du museoak. (Fadel DAWOD | Getty Images)
Heneghan Peng Architects irlandar estudioak proiektatutako eraikina deigarria da oso. Batetik, tamainagatik (168.000 metro koadroko azalera) eta 600 metroan zehar Gizako piramideak gogorarazten dituen fatxada nagusiagatik, eta, bestetik, leku bakar batean Egiptoko monumentu, arte eta historiaren ondare zabala bilduko duelako. Beraz, museoak hartuko dituen pieza asko bezain kolosala da helburua.
Guztira, 100.000 pieza baino gehiago bilduko ditu, tartean inon ikusi ez diren 25.000 inguru. Dagoeneko, batzuk behin betiko lekuan kokatuta daude, baina oraindik artelan asko falta dira behin betiko bilduma osatzeko. Hala ere, azken hilabeteotan, proiektuaren arduradunek museoaren ateak zabaldu dituzte, hasieran pribilegiatu batzuei eta, ondoren, publiko zabalari. Gehienak liluratuta geratu dira bai ikusi dutenarekin, bai bertako giroaren eraginez irudikatutakoarekin.
Badira museoan marrazkiz betetako aretoak. (Sayed Hassan | Getty Images)
Eskailera handira sartzeko arkua. (Sayed Hassan | Getty Images)
Sarrera igaro bezain laster suma daiteke museoaren handitasuna. (Sayed Hassan | Getty Images)
ESKAILERA HANDIA
Inaugurazio ofizialaren aurreko jardunaldi horietako bat Eskailera Handiaren irekiera ekitaldia izan zen. 64 metroko luzera duen egitura ikusgarria da, bisitaria erakusketa-aretoetara bideratzen duena. Hantxe, eskaileraren oinean, abiatzen da bidaia kronologikoa faraoien lurraren historian zehar.
Fatxada nagusiko ate triangeluar monumentala zeharkatu bezain laster, Ramses II.a agertuko zaie, aurrez aurre. 83 tonako faraoia da. Bi une berezitan bakarrik argiztatzen dute bere aurpegia eguzkiaren izpiek, antzinako tailugileek diseinatu bezala: jaiotze eta koroatze datetan.
Emakume bat eskailera handiaren estatuak gertutik begiratzen. (Sayed Hassan | Getty Images)Bisitari taldea, eskaileretako artelanen artean. (Sayed Hassan | Getty Images)
Ramses II.aren estatua handia, 3.200 urte ingurukoa, 2006ko abuztuan eraman zuten Kairoko Ramses plazatik Gizako ordokira eta, zaharberritze-prozesu luze baten ondoren, museoaren sarreran kokatu zuten 2010ean.
Bisitaren altxor arkeologiko erakargarri eta interesgarrienetakoa Tutankamonen Galeria izango da, azken belaunaldiko erakusketa-teknologia erabiliz lehen aldiz erakutsiko dena
Nolanahi ere, bisitaren altxor arkeologiko erakargarri eta inte-resgarrienetakoa Tutankamonen Galeria izango da, azken belaunaldiko erakusketa-teknologia erabiliz lehen aldiz erakutsiko dena. Galeriak faraoiaren bilduma osoa hartuko du, 4.000 objektu ingururekin. Alabaina, oraindik ez da Tutankamonen altxorraren xehetasunik eman eta, seguruenik, sekretua ez da argituko museoak ateak behin betiko zabaldu arte.
Museoan ikusgai dauden zenbait pieza. (Sayed Hassan | Getty Images)
Pieza txikiak ere badaude ikusgai museo berrian. (Sayed Hassan | Getty Images)
Aitzitik, museoaren hamabi erakusketa-aretoak erakutsi dituzte, hiru ardatz tematikotan antolatutako piezak eta objektuak biltzen dituztenak: gizartea, erregetza eta sinesmenak. Ardatz bakoitzak, gainera, kronologikoki antolatutako lau areto ditu, Erresuma Zaharretik hasi eta Greko-erromatar garairaino, Erresuma Ertainetik eta Erresuma Berritik igarota.
Helburua da tradizio historikoa eta teknologia aurreratua uztartzea, museoak eskainitakoa pieza erakusketa soila izan ez dadin
Aldi berean, Keops, Kefren eta Mizerinorekin lotutako ibilbide sinbolikoa proposatzen dute aretoek, bidaiaren helmugan piramideak azaltzen baitira kristalezko irudian. Helburua da tradizio historikoa eta teknologia aurreratua uztartzea, museoak eskainitakoa pieza erakusketa soila izan ez dadin.
Orain arte ezagutarazitako xehetasunak pixkanaka-pixkanaka, tantaz tanta, argituz joan dira azken urteotan. Inaugurazio ofizialaren behin betiko data oraindik ez da ezagutzen. Izan ere, askotan atzeratu da zenbait arrazoirengatik. 1992an erabaki zuen Egiptoko Gobernuak museoa eraikitzea, eta 2004an hasi ziren lan horretan.
Hasierako asmoa 2022an zabaltzea zen, urte sinbolikoa zelako: J.F. Champollionek idazkera hieroglifikoa deszifratu zueneko bigarren mendeurrena eta H. Carterrek Tutankhamonen hipogeoa aurkitu zueneko mendeurrena betetzen ziren. Baina, harrezkero, inor ez da ausartu berriz data bat aipatzera, batzuk aurtengo udaberriaz hitz egiten duten arren.
Eraikinaren tamaina, pieza kopurua, egindako inbertsioa, denbora... Dena kolosala da. Aurreikuspenak bezain faraonikoa: urtean 5 milioi bisitari espero dira.