SEP. 03 2021 Egin planak Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren 37. edizioak munduko musikak gerturatuko ditu Bizkaiko udalerrira irailaren 22tik 26ra bitartean. Besteak beste, Amparanoia, Carlos eta Xurxo Nuñez eta Fabian Carbone ariko dira Muxikebarri zentroan. Jaialdiak honako ildo tematiko hauek izango ditu oinarri: familiaren transmisioaren garrantzia folk musikan, emakumearen rola eta Astor Piazzolla tango musikari handiaren jaiotzaren mendeurrena. Aurten, kontzertu nagusiak 19:00etan hasiko dira, Muxikebarrin. Bertan izango da, adibidez, Amparanoia irailaren 24an, “Himnopsis colectiva” azken lana aurkezten. Irailaren 25ean, berriz, doinu zelten txanda izango da, Carlos Nuñez gaita jotzailea Xurxo anaiarekin ariko baita. Beste bikote baten laguntza ere izango dute: Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpa nafarrek osatutakoa, hain zuzen ere. Halaber, biharamunean, irailaren 26an, jaialdiak Astor Piazzolla omenduko du. Horretarako, Carbone Tango Ensemble taldeak “Cyclical Tango” ikuskizuna eskainiko du.