bidaiari - bidaia aldizkaria
Munduari begirada

Pariseko ikonoetako bat, opari erraldoi bihurtuta


25.000 metro koadroko zilar koloreko oihala. Horixe behar izan dute azken egunotan Pariseko Garaipen Arkuan zintzilikatu diren langileek, eraikina erabat estali ahal izateko. Eta horrelaxe jarraituko du urriko lehen asteburura arte, bertaratzen direnei look berria erakutsiz.

Pariseko ikonoaren itxura aldatuz Christo artista bulgariarra omendu nahi izan du hil ondoren Frantziako hiriburuak. Izan ere, Christok eta bere bikotekide Jeanne-Claudek 60ko hamarkadan proposatu zuten Garaipen Arkua estaltzeko proiektu artistikoa, baina, hamaika oztopo zirela medio, ez da posible izan gaur arte. Azkenean, «opari erraldoi» gisa aurkeztu dute «artelana». Oparia, noski, omenaldia delako, eta erraldoia, berriz, proportzioak halakoxeak direlako: 50 metroko altuera eta 45 metroko zabalera.

Aldaketa iragankorra dela jakin arren, eztabaida piztu da gizartean, bereziki paristarren artean. Batzuek «artelana» bera kritikatu dute eta beste batzuek, berriz, proiektuan gastatu den dirutza: 14 milioi euro.

Hala ere, Garaipen Arkua ez da Christok eta Jeanne-Claudek estalitako lehen eraikina. Besteak beste, Sena zeharkatzen duen Pont-Neuf zubia estali zuten 1985ean eta, handik hamar urtera, Berlingo Reichstag-a. Ezagunak dira, halaber, Italiako The Floting Piers (2016) eta Londresko Hyde Park-eko mastaba flotatzailea (2018). (Argazkia: ThomaS SAMSON)