bidaiari - bidaia aldizkaria

Atyla, itsasoarekin hitz egiten duen ontzia

Gaueko ordu txikietan, behin guardia amaituta, bere arnasketa erritmiko eta sakona entzuten dut. Itsas izaki baten barren-barrenetik irtendako arnasketa dirudi; Jonasekin egin bezala, irentsi nauen balea batetik kasu. Egurra izaki biziduna dela esaten dute. Nik neuk behintzat, bene-benetako, taupakari sentitzen dut ontziaren zuakerretan; basoetatik jaio, ibai baten erriberan forma hartu eta amets bat betez itsasoarekin hitz egitera botatako Atyla ontziaren barrunbeetan.

Atyla itsasoaren irudia.

Maiatza zen Atyla ontzian itsasoratzeko proposamena jaso nuenean, eta, noski, berehala sentitu nuen betidanik itsasoak nirekiko eragindako lilura. Handinahi samarra litzateke nire aldetik nire burua marineltzat hartzea, baina egia da aukerarik txikiena dudanean itsasora jotzen dudala, ontziaren lorratza atzean utzi asmoz. Ozeanoa niri arimako polo guzti-guztiak indartsu erakartzen dituen iman baten parekoa da, itsasoaren anil bizi eta zabalak askatasun eta abentura espazio bat irudikatzen baitu niretzat.

Aitortu beharra dut: erromantizismo ia idealizatu batek zipriztindutako espazioa da niretzat itsasoa. Horrez gain, nire mugak gainditzeko aukera ere ematen dit itsasoak, non eta errealitatea nagusitzen den inguru batean: alde batetik, elementuek beraien inposatutako errealitatea, eta, bestetik, askotan ezagutu ere egiten ez diren norberaren mugek eta indarguneek inposatutako errealitatea.

Behin proposamena jasota, tentazioa handiegia zen. Gainera, ordura arte eginda nituenekin alderatuta nabigazio oso ezberdina zen: historiaz betetako bideetan barna egin beharreko nabigazio ozeanikoa zen, Kanariak, Azoreak eta Bilbo lotzen zituena, Atlantikoa triangelukatuz iraganean Europa eta Amerika arteko bidaietan eskala izandako artxipelagoetan barna. Itsasoz, itsasoz eta itsasoz betetako nabigazioa zen, kostarik begi bistan izan gabeko egun amaigabez. Erreferentzia bakarra lau puntu kardinalak barnebiltzen dituen ortzi muga zirkularra izango zen.

Proposamenak beste erakargarri handi bat ere bazuen: Atyla ontzia. Izan ere, ez da inolaz ere ohiko itsasontzia: 30 metro luze da eta 16 metroko bi masta altxatzen dira itsasontziaren bizkarretik, sokateria eta belak hedatuz eta XVIII. mende amaierako ontzietan inspiratutako goleta ederra marraztuz. Bertan nabigatzeak maniobrak iraganeko marinelek bezala egitea esan nahi du, 400 metro koadro bela muskulu hutsen indarrarekin zabaltzea, pilotu automatikoa ez izatea, gau eta egun lema eskuan izatea, etengabe begiak konpasean eta begirada brankan mantentzea. Azken batean, Atyla ontzian itsasoratzea ez da bidaia lasai baterako gonbidapenari baietza esatea, Poseidon berak botatako erronka onartzea baizik.

Azoreetara bidean

Erronkari heldu eta Atyla ontziko tripulazioko kide izatea onartzeak begirada irekia izatea eskatzen du, sorpresak zein errutinak jasateko prest izatea, une bakoitzean egin beharrekoa egitea, kideez gozatzea baina bakardadea ezagutzeko prest izatea. Guztia, gainera, ababorreko eta istriborreko karelek mugatutako espazio murritzean.

Atlantikoaren erdian galdutako Atyla bezalako itsasontzi batean, urdin amaigabea desafiatzea norbera desafiatzea da. Izan ere, behin ontziratuta, ez dago atzera bueltarik, eta porturatzeak bidean talde lanean aritzea eskatzen baitu, enpatiaz jokatzea, arduraz, pentsamendu kritikoz baina diziplinaz. Askotariko adin, motibazio, nazionalitate, izaeradun kideekin bizi behar da, kultur aniztasunean; hori bai, beste ontzi batzuetan ez bezala, hurbiltasuna da nagusi, hierarkiak ontziak behar bezala funtzionatzeko beharrezkora mugatzen baitira, Atyla ontziak pertsonentzat nabigatzen baitu.

Tenerifetik urriaren 27an irten ginen, ipar-mendebalderanzko norabidea hartuta. Itsaso kizkurra eta ipar-ekialdeko haizea bidaide, 2.000 itsas miliako zeharkaldia genuen zain, hau da, 3.700 kilometro, horietako 2.800 baino gehiago lurra ikusi gabe egin beharrekoak.

Zeharkaldiko lehen etapak Azoreetara eraman gintuen. Eguzkia eta hogei korapilo bitarteko haize iraunkorra lagun, zortzi korapiloko abiadura hartu genuen; gila txikiko gure ontziarentzako, abiadura egokia. Zeharkaldi ia guztia belak irekita egin genuen, bai trinketa, bai nagusia, bai trinket-gabiatxoa, bai bi foke. Deserosotasun bakarra Eolok istriborreko hegaletik ontzia astintzen zuten hiru metro arteko olatuak altxatzen zituela izan zen. Azkenean, itsasoak astebetez ontziaren kroskoarekin haur batek bere txintxirrinarekin bezala jolastu ondoren, antizikloiaren uharteetara heldu ginen.

Zorionez, ontziratu eta gero ordaindu beharreko faktura laburra da: bi eguneko zorabioa. Gorputza ohitu bitartean, hiltzea desio duzu. Ondoren, beste egun pare batez luzatzen da dolua, beldur forman. Hori bai, momentu txarrak ahaztu eta orduak gozamen huts bihurtzen hasten dira jarraian, inguratzen zaituen urdinarekin liluratzeko gonbidapena. Hala ere, itsasoak beti gogoratzen dizu lurrean erraz asko egin ohi den edozein jarduera modu imajinaezinean korapilatzen dela behin ontziratuta. Hori jakiteak sukaldariekiko gure miresmena areagotzen du, su kulunkatzaileei aurre egin eta eskifaiari eguneko hiru momentu ederrenetakoak eskaintzeko gai baitira.

Orduak aspertzeko aukerarik gabe igarotzen dira; zaintza eta garbiketa txandak, irakurketaz gozatzeko uneak, gure barnera bidaiatzekoak, itsasontzia prest izateko eginbeharrak, arrantzaz gozatzeko parada, klaseak, ortzi muga liluraz begiztatzearen pribilegioa, hizketaldiak... Guztia, gure barne sentimendu kontrajarrien borroka etengabean: behingoagatik «lurra!» oihukatzeko grina eta ozeanoan galduta jarraitzeko desioa, biak bizi dira gugan indar berdinarekin.

Ortzi mugatik harago, Kantauri itsasoa

Bost ilargiko eskala labur baten ostean, irailaren 8an, Azoreak utzi genituen norabide berria hartuta; ipar-ekialdea, hau da, Iberiar penintsula. Aurretik 13 egun eta 1.200 itsas miliako etapa luzea genuen zain. Urriaren 16an, azkenean, Galiziako kostaldea ikusi eta Coruñan bota genuen aingura. Hurrengo goizean, Ortegal lurmuturra igarota, Kantauri itsasorantz abiatu ginen azkenean zuzen-zuzenean. Nabigazioa harrigarriki lasaia izan zen, iparraldeko eta ipar-ekialdeko haizea eta itsaso barea lagun; pentsa, motorra eta guzti jarri behar izan genuen martxan. Ontzian nagusi zen patxada hausten zuten bakarrak tarteka ikusten genituen izurde eta pilotu-izurde hegaluzeak ziren, edo urrutira entzuten genituen baleak.

Lasaitasuna nagusi denean itsasontzi baten lema hartzea askoz atseginagoa bada ere, beti da behar-beharrezkoa arreta mantentzea eta esperientziak ematen duen abilezia izatea. Ontzi bat gidatzeak zolitasuna eskatzen du beti, eta Atyla bezalako belaontzi batek, gainera, bere apeta propioak ditu. Lemaren gurpila eskuartean izan duzunean soil-soilik esan dezakezu belaontziaren pultsua eta ahotsa sentitu dituzula. Ontziak olatu bakoitzarekin, korrontearen bultzada bakoitzarekin, haizeak noranzkoa aldatzen duen bakoitzean, hitz egiten baitu, hasten baita taupadaka. Eta ontziaren ahotsa, taupadak entzuten ez badituzu, belak ez dira behar bezala orekatuta izango eta ontzia ez duzu behar bezala gidatuko.

Azken finean, ontziaren barrunbeei kasu eginez gero, askoz ere errazagoa izango da mastan gora igotzea trapara heldu eta belazurrunekin eta sokekin borrokatzeko, edo, besterik gabe, aurrez aurre duzuna behar bezala ikusteko; edo branka-haga ondoko txokoren bat hamaka bihurtzea fokeetakoren bateko oihalean kuzkurtzeko, brankak olatuak nola apurtzen dituen eta aparrak nola zipriztintzen zaituen sentituz.

Haizea eta lurraren garrantzia

Atyla ontzian bezala eskuz eta egurrez nabigatzeak itsasoarekiko eta itsasoko jendearekiko sakon-sakoneko errespetua sentitzea eragiten dizu. Bereziki hainbeste denbora ematen duzunean planetaren biribiltasun hutsak inguratuta, paisaia erradial, garbi, urruneko eta betierekoak. Ortzi muga atsekabe eta esperantza bilakatzen da aldi berean, datorrenari deia, norabait heltzeko ametsa. Ortzi mugara begiratu eta badakizu inoiz ez zarela bertara helduko, baina haratago beti altzo bero eta abegikor bat zain duzula susmatuko duzu. Eta azkar asko ikasten duzu belaontzietan nabigatzen dutenek bi gauza maite dituztela beste ezeren gainetik; mugitzen dituen haizea eta zain duten lurra, heldu eta gero berriz ere atzean utzi nahiko duten lurra.

Behin ontziratuta, txiki eta umil ibiliko zara noraezean itsasoaren mugagabetasunean, hori bai, urdinkara hutsari beldurrak, kezkak, zalantzak gaindituta aurre egiteak emandako zorroztasunak eta adoreak ahaldunduta. Eta iraganean itsasoaren misterioetan gidari bakar izarrak hartuta barneratzen zirenak ohoratuko dituzu, baita eguneko ogia irabazteko egun itsasoaren oldarraldiak sufritzen dituztenak ere.

Kantauri itsasoak ezohiko baretasunarekin hartu gintuela baliatuz, erritmo onean eta lasai-lasai nabigatzeko modua izan genuen. Asturiasko eta Kantabriako kostaldeak suzko arratsak lagun utzi genituen atzean, Europako mendietako profil koskadunekin gozatuz. Ekialdera urdina arrosa bihurtzen zen, eta, gaua heltzean, ilargiak diamantezko zuri eta okre koloretan egiten zuen dirdira. Euskal Herria gero eta hurbilago genuen, eta, azkenean, urriaren 20an, Bizkaiko Zubiaren filigrana ferrikoen azpitik igaro ginen.

Atyla etxean zen. Ia hilabete ontziaren xuxurlak lagun izan ostean, poza melankoliarekin uztartu zen. Poza, lagun eta senideak berriro ikusteko irrikagatik; nostalgia, ontzia atzean utzi beharragatik, etxe eta abentura izandako belaontziari agur esateagatik. Egia bihurtutako ametsa izan zen bidaia, barre algaren, lan gogorraren, bakardadearen, konfidentzien... laguntasunarekin intentsitate osoz bizitakoa, guztiaren eta ezerezaren erdian, mundutik eta bere presetatik kanpo hamarkadak eman izanaren sentsazioarekin. Zalantzarik ez dago bidaiari bezala esperientzia paregabea dela Atyla ontziak eskaintzen duena; esperientzia pertsonal gisa, berriz, altxor pirata bat balitz bezala betiko gordetzen da. Agian horregatik, oraindik ere lurra nire oinen azpian kulunkaka sentitzen dut, baita itsasoa ez dela nire begiradatik urrundu, ezta kresal eta egur zaporea nire larruazaletik ere.

Irrika baten emaitza

Atyla ontzia irrika baten emaitza da: Elkanok bezala munduari itzulia modu tradizionalean eraikitako ontzi batean emateko ametsaren fruitua, zehazki, XVIII. mende amaierako goleta batean. Amets hori izan zuena Esteban Vicente izan zen, eta, ontziaren lehen piezak egiteko, jaioleku duen Soriako basoak ibili zituen material egokien bila. Ontziari forma emateko, baina, ontziola bat behar zuen eta Lea ibaiaren ertzak aukeratu zituen. Hala, Lekeition eraiki zuen ontziaren kroskoa; ondoren, Erandion eraiki zuten masteria. Azkenean, 1984an, Atyla nabigatzeko prest zen, azkenean munduari itzulia emateko ametsa zapuztu egin bazen ere.

Hala, zenbait urtetako bidaia hasi zuen Atlantikoan eta Mediterraneoan barna, askotariko proiektuetan murgilduz. 2015etik, ontziak Bilbo du egoitza nagusi, bertako Itsasmuseum museoarekin lortutako akordio bati esker. 2016an, gainera, Atyla International Training Ship Fundation sortu zen, Bizkaiko hiriburuan egoitza duen irabazi asmorik gabeko erakundea. Nabigazio eskola bezala funtzionatzen du, hazkunde pertsonalerako eta bizitzarako gaitasunak lortzeko eskola gisa. Bertako eskaintza guztientzat eskuragarria izatea bermatzeko, beka programa bat ere abian du fundazioak.