JAN. 07 2022 Ekuador: txango bat planetaren erdigunean Hego Amerikako herrialdeetan txikienetakoa da, baina ezin ahaztu, kontinente erraldoi batez ari garela: Iberiar penintsularen erdia da, azaleran, Ekuador. Quito hiriburuan hasi eta amaitzen den ibilbide honek lurralde liluragarri honen bazterrik berezienetara garamatza, Andeetatik Amazoniara, lurralde garai lehor eta hotzetatik eremu tropikal euritsura, eta atzera ere gora, kitxua herrien bideetan barrena. Quito hiriko irudia. (FABRICIO Burbano | Getty Images) Urtzi URRUTIKOETXEA (Argazkiak: U.U eta Getty Images) Kontinenteko beste edozein herrialdetan hainbat aste beharko lirateke antzeko ibilbide bat egiteko, seguru asko barne hegaldiren batekin eta ibai eta ibaiadarretan barna txalupaz hainbat ordutako bidaia eginda. Guk, berriz, Galapago uharteetarako bidean, egun gutxi batzuetan geldialdia egin genuen gure planetaren erdiguneko lerroaren herrialdean, irletaraino joan eta kontinentea ez bisitatzea pena zelakoan, bisita labur batean izanda ere. Haran baten luzeran, 2.800 metrora dagoen hiria da Quito, Latinoamerikako beste askoren antzera, mendien magalean hazi diren auzuneek itxura zirraragarria ematen diote eremu urbano guztiari. Behean, hiri zaharrean murgilduta, berriz, barrokoaren altxor batekin egiten duzu topo. Inken Tahuantinsuyu hiriburuaren gainean eraikia, XVI. mendean, Gaztelako hirien egituran, bere plaza eta eraikin erlijiosoekin. Ez, alferrik, Unescoren Munduko Ondareen zerrendan sartu zen lehen hiriburua da Quito. Mendebaldera, teleferikoak Pichincha sumendiraino igotzeko aukera ematen du. Bazterrotan falta ez dena, izan ere, sumendiak dira; hiriburua utzi eta gutxira ulertzen da zergatik izendatu zuen Alexander von Humboldtek “sumendien etorbidea” Andeetako goi-ordekan doan 200 kilometroko tartea, Quitotik hegoalderanzkoa. 44 dira guztira bidearen alde batera eta bestera dauden sumendiak, horietatik 15 inguru aktiboak dira. Cayambe, Antisana, Iliniza Sur... ikuspegi ikusgarria da bidearen alde batera eta bestera, Pazifikoaren edo Amazoniaren artean harro jaikita baina, zalantzarik gabe, Cotopaxiren tontor koniko elurtua da indar berezienarekin altxatzen nabarmentzen dena, 5.897 metroko garaieran. Aktiboa den sumendietako bat ere bada; bost urte baino ez dira azken erupziotik, eta parke nazionaleko arduradunek jakinarazten dute azken orduaren berri. Errepide nagusitik urrundu eta Cotopaxiren magalean egindako bidea liluragarria da erabat, beti kondorra zelatan dugula. Azoka indigenak Goi-lautadako errepide nagusirako itzulerak Pujili herrian harrapatzen gaitu, eta zorionekoak gara, azoka eguna baitute. Herriko merkatuan eta inguruko kaleetan ortuariak eta bestelako produktuak daude salgai igandeetan eta asteazkenetan; inguruko herri indigenetatik etortzen dira goizean goizetik, eta topagune garrantzitsu bihurtzen da herria. Pujiliraino salgaiak eramaten dituzten herri horietako batzuk igaro ditugu mendian gora doan bidean. Artzainak eta llamak ere ageri dira. Mendebalderantz joanda, bidea Pazifikora jaitsi aurretik, Quilotoako sumendiaren krater ikusgarria bisitatzeko aukera dago. Orain artekoak baino tontor apalagoa da (ia 4.000 metroan dago, edozelan ere, baina goi-lautadan ibilita xumeagoa dirudi), baina arnasa kentzeko ikuspegia eskaintzen dute aintzira biribilera ematen duten begiratokiek. Sumendien etorbidera itzulitakoan, Chimborazo erraldoia da begien bistan agertzen den hurrengo mendia. Herrialdeko handiena da, 6.267 metro ditu eta ia ekuatorean egonik, Lurraren erdigunetik urrunen dagoen lekua da planeta osoan. Bidean aurrera segi liteke Cuenca hiri ederreraino (trenez egitea ere aukera paregabea da), baina Chimborazoko ikuspegiaren ondotik dator ezkerrerantz garamatzan bidegurutzea, Amazoniara bidean. Oihanera Paisaia erabat aldatzen da kilometro gutxian. Egun euritsuak ere ekarpena egiten dio irudi horri, arroilan etengabe beherantz doan errepide bihurgunetsuan barna. Baños kenduta ia ez dago aipatzeko hiri edo herri handirik bidean, baina ur-jauziak eta turismo aktiborako iragarkiak etengabeak dira Pastaza ibaiaren ertzetik doan bidearen bazter guztietan. Pailon del Diablo ur-jauzia da, ziur aski, ikuspegi bikainena erakusten duena, oinezko txangoan eskaileretan behera ibaira doazen uren indarrarekin txunditu ostean. Mera herrira iristean, arroila amaitu eta Pastaza ibaia ere handi zabaltzen da. Amazoniaren handitasuna datorkigu begien aurrera; emari itzela dakar eta meandro bihurriak marrazten ditu oihanean, Perura bidean. Han, Amazonasen emari nagusia den Marañon ibaiarekin bat egiten dute bai Pastazak bai hurrengo helmuga dugun Napo ibai zabalak ere. Coca hirirainoko tartean, izen bereko ibaiaren urek Napo ibaiarekin bat egiten duten lekuan, oihan zabaleko kilometro asko daude aurretik. Edozelan ere, ia errepidearen amaieraraino iritsita, hondeamakinak eta bidea zabaltzen duten egitasmoak ageri dira, Amazoniako konkistaren lasterketa balitz bezala. Eta ezaguna denez, asfaltoak oihanari irabazitako kilometro bakoitzean giza presioa biderkatzen den eremua eratzen da; egiaz, asfaltorik ere ez da behar hastapeneko errepide irekiaren kasuan. Edozelan ere, bidea nabigazioa izango da hemendik aurrera aldi baterako. Gura duenarentzat, oihanean barna joateko aukera zabala dago, Yasuni parke nazionaleraino, esaterako. Gure helmuga hurbilago dugu; Puerto Misahualli ondoan emakumeek gidatutako Shiripuno komunitate indigenatik Amazoonico izeneko proiekturaino goaz: zaurituta edo gatibu atzemandako animaliak sendatzeko eta berriz ere basa-bizitzara ohitzeko egitasmo interesgarria da. Ez dago zehazki Napo ibaiaren ertzean, baina hor abiatzen da gure nabigazioa. Hondartzak eta irla ugari daude bidean Araujoren lotura guneraino. Ibai horretan gora dago Amazoonico. Munduko erdigunea Sekulako gozatua da hain eremu laburrean horrenbesteko kontrastearekin topo egitea. Andeetako eremura itzultzeko, bide tarte luzeena dugu orain aurretik; besteak beste, tropikotik goi-lautadaraino garamatzan errepidean gora eginez; Baeza hiritik Papallacta mendaterainoko ia 40 kilometroko igoera arteza da. Goraino iritsita, merezi du bertako ur termaletan atseden hartzea, Andeetako hotzetan eta sumendien ikuspegiarekin. Ez dugu herrialde eder honetatik alde egin gura bertako azoka ezagunena bisitatu gabe. Askoz turistikoagoa da asteazken eta larunbatetan joanez gero, baina egutegia hala egokitu ez, eta ia turistarik gabe bisitatu ditugu merkatuko txokoak. Kitxua (kichwa, hizkuntzaren iparraldeko aldaerari deitzen dioten horrela) entzuten da, inon baino biziago baitago bazterrotan. Artisauek, saltzaileek eta herriko eta inguruetako biztanleen grinak mendeetako asimilazioari aurre egiteko komunitate antolatua erakusten dute. Proba txiki baterako tartea izan dugu Otavalon: ekuatorearen marratik iparrera igaro garenez, iturriko ura erlojuaren orratzen noranzkoan mugitzen da harraskan, orain arte beste alderantz egiten zuen bitartean. Bien erdigunea irudikatzeko, La Mitad del Mundo (munduaren erdia) izeneko gune turistikoa dugu zain Quito kanpoaldean: 30 metroko monumentu handi bat da, Ekuadorreko kulturak, herriak eta ezaugarriak azaltzen dituen parke baten erdian. Arazoa da XVIII. mendeko neurketen arabera kokatutako monumentua ez dagoela berez 0 latitudean, harengandik 240 metro iparraldera baino. Egiazko 0’ 00’ 00” gunea ere bisita daiteke, aldameneko Inti Ñan museoan, baina zer diren gauzak, gehienek nahi izaten dutena monumentu ikusgarrian eta handik irteten den marra horian argazkia egitea da. Eta argazki horrek adierazten du 700 kilometro baino gehiagoko txango eder honen amaiera ere. El siguiente monte que aparece a la vista es el Chimborazo. El más grande del país, con 6.267 metros y casi en el ecuador, es el lugar más alejado del centro de la Tierra en todo el planeta.