Ane IPARRAGIRRE (Argazkiak: GETTY IMAGES)

Budapest, Danubioko «perla»

Hamaika arrazoirengatik harritzen eta erakartzen ditu bisitariak, baina, bereziki, kalez kale helmuga zehatzik gabe ibiltzera eta bertako txokoetan nahita galtzera gonbidatzen duelako. Baita pauso bakoitzari musika egokia jartzen diolako. Budapest da, «Danubioko perla».

 

Hiriaren irudia.
Hiriaren irudia. (GETTY IMAGES)

Zalantzarik gabe, Budapestek Baltikoko «perla» hainbat ikuspegitatik ezagutzera gonbidatzen du. Aukerak anitzak dira: hiria bitan (Buda eta Pest) zatitzen duen zubi sinbolikoa zeharkatzea, bainuetxe ospetsu eta historikoren batean sartu eta erlaxatzea, munduko akustikarik onena duen auditoriumean operaz gozatzea, garagardo bat lasai dastatzea “ruin pub” atsegin batean, Andrássy etorbide luzearen alboetan dauden eraikin ikusgarriei so egotea, ilunabar berezi batekin hunkitzea Arrantzaleen gotorlekuko behatoki estrategikoan...

Noski, bere gustuen arabera aukeratu beharko du bidaiariak bisitaren abiapuntua, baina, seguruenik, asmatu egingo du Budaren muinoa hautatzen duenak. Gainera, oinez igo nahi ez duenak funikularra erabil dezake. Nolanahi ere, muinorako bidean, Gellert bainuetxeko eraikin ikusgarria topatuko du -ospetsuenetakoa, baina baita turistikoena eta garestiena ere-, eta, behin Gellert mendiaren gailurrean, hiriburuaren irudi panoramikoa ikusi ahal izango du begiratoki pribilegiatu batetik, Askatasunaren Monumentuaren eta haren gotorlekuaren (Ziudadelaren) ondoan.

Panoramikaz gozatu ondoren, hainbat aukera ditu bidaiariak: gotorlekuan sartu eta Bigarren Mundu Gerrako bunkerra bisitatzea, Ziudadelan pasieran ibili eta bertako harresiak lasai zeharkatzea edo Budako Gaztelura hurbiltzea, Hungariako Galeria Nazionala, Budapesteko Historia Museoa eta Széchenyiko Liburutegia hartzen dituen eraikin dotorera, hain zuzen.

Danubioko zapatak

Hurrengo geldialdia Parlamentua izan liteke, “Danubioko Zapatak” gunera hurbildu aurretik. Seguruenik, hiriko punturik bisitatuena eta ikusgarriena da. Bertakoek diotenez, Danubio ibaiaren ertzetan fusilatutako juduei oinetakoak kentzeko agintzen zieten, beren gorputzak ibaira erori aurretik. Guztira, hirurogei burdinazko zapata pare dira, pasealekuan zehar barreiatuta. Artelanak Gyula Pauer eskultorearen eta Can Togay zinemagilearen sinadura du.

Ibaiertzean ibiltzen dena Kateen Zubi famatura iritsiko da, Buda eta Pest lotzen dituen sinbolora, alegia. Handik oso gertu, Váci Utca kale jendetsuan, Budapest ezagutzeko beste ezinbesteko geldialdi bat dago: Merkatu Nagusia, leku aproposa Hungariako elikagai tipikoak erosi eta dastatzeko, besteak beste, txahal gulascha.

Sinagoga Handia hurrengo geralekua izan liteke. Munduko bigarren sinagogarik handiena da eta bertan daude Hungariako Juduen Museoa, Goldmark aretoa, Heroien Tenplua eta Raoul Wallenberg Memoriala.

Garagardo bat «ruin pub» batean

Bisitaren ondoren, atsedenaldia egitea komeni da. Hainbat aukera daude, bakoitzaren gustuen arabera. Batzuk Városliget parkean sartzen dira; “Hiriko parkea” izenez ezaguna da eta bertan daude Vajdahunyad gaztelua, Széchenyiko bainuetxea eta aurpegirik gabeko “Anónimo” eskultura ezaguna, idazle anonimo guztiei eskainia. Beste batzuek, ordea, nahiago dute ruin pub direlakoak bisitatu. Abandonatutako industria-pabiloi handiak dira, sormen eta originaltasun handiz gazteek taberna atsegin bihurtu dituztenak. Bitxikeria bat: Lonely Planet-en arabera, Szimpl Kert munduko hirugarren tabernarik onena da.

Behin indarrak berreskuratuta, hiriko beste aldean zain dago Andassy etorbidea, Hungariako hiriburuko kale nagusia. Bi kilometrotik gora izan arren, oinez egitea gomendatzen dute, batez ere, hainbat eraikin interesgarri presarik gabe aurkitu ahal izateko. Lehenik, Opera Nazionala ikusiko dugu. Eraikin errenazentista da, aparteko akustika duena eta historiako musikari hungariar ospetsuenei eskainitako museoa hartzen duena. Eta, ondoren, Beldurrezko Etxea eta Oktogo eta Heroien plazak. Azken honetan Milurtekoko Memoriala dago, hainbat estatua dituen monumentua, Budapest sortu zuten tribuetako zazpi buruzagien ikur direnak.

Agur arrantzaleen gotorlekuari

Eta, agurtzeko ordua iristean, Budapestek askotariko proposamenak eskaintzen ditu: San Esteban basilikako ia ehun metroko kupulara igotzea, eta Danubion zeharreko bidaia egitea; Matias eliza kuriosoa bisitatzea, bizikleta gainean galtzea Margarita uhartean -Buda eta Pest arteko geldiune baketsu zoragarria-, hiriko dozenaka kobazuloren artean pare bat aukeratu eta esploratzea -Pálvölgyi eta Szemlohengy, adibidez- eta, batez ere, hiria goitik zaintzen duen Halasbastya-ra (Arrantzaleen gotorlekua) hurbiltzea arratsean. Gaztelu formako terraza gotortu bat du eta, zalantzarik gabe, egunari eta Hungariako hiriburuari agur esateko leku ezin hobea da.