MAY. 06 2022 Kivu lakua, egunerokotasuna arrisku bihurtuta Afrikako kostaldeko beste laku eta ibai askok bezala, Kivu aintzirak salgaiz eta pertsonaz betetako zurezko kanoen irudi ikusgarria eskaintzen du. Ekaitzei, eshorei –tornadoak eragiten dituzten haize bortitzak– eta txalupa gainkargatuen kaskoak kupidarik gabe kolpatzen dituzten olatu zakarrei aurre egiten diete egunero ehunka merkatarik eta biztanlek. Batzuetan helmugara iristea lortzen dute, baina beste batzuetan, gehiegitan, hondoratzeek itsasaldia zapuzten dute eta bidaia tragedia bihurtu. Ane IPARRAGIRRE (Argazkiak: Moses SAWASAWA) Egunsentian eta ilunsentian jendetza zalapartatsuaren irudia etengabe errepikatzen da, adibidez, Gomako kostaldean, Kongoko Errepublika Demokratikoan, zehazki Kivu lakuaren iparraldeko eta hegoaldeko ertzetan. Egurrezko ontzietan pilatutako banana- eta manioka-zakuen artean ahokatuta, bidaiariek portu onera irits daitezen erregutzen dute zeruari so. Jakin ongi dakite bidaia ez dela segurua eta hondoratzea gerta litekeela, askotan gertatzen den bezala. Alabaina, ez omen dute beste aukerarik. «Dena ondo atera da», dio pozarren bidaiarietako batek, Jeannine Mutanjik, Gomako Kituku portuan lehorreratu denean. Buzi-Bulenga uhartean ontziratu zen. «Igandean –kontatu du– kanoa irauli egin zen, eta bi lagun hil ziren». Txalupak iristen diren ertzetik gertu, Bukavun duen bulego txikian eserita dago Dido Balume «komisarioa». Gogorarazi du zenbait segurtasun-neurri eta arau batzuk ez direla errespetatzen. Adibidez, «egurrezko ontziek ezin dute gauez nabigatu, argirik eta seinalerik ez dutelako» eta «salbamendu-jakak eramatea derrigorrezkoa da». Dena dela, inork ez du jaka laranjarik janzten. Oso garestia da. «Jaka batek 25 dolar balio du. Nik 20 eskatu nituen», esan du Mapendano Fandiri 38 urteko Idjwiko kanoa-gidari batek. «Baina ezin zaio jaken prezioa garraio-txartelarenari gehitu, jendeak ez baitu gehiago ordaindu nahi». Eta ordutegi-arauak ere ezin omen dituzte bete: «22:00etatik aurrera nabigatzen dugu, karga 06:00etan entregatu eta probintziako hiriburuetako merkatuak fruta, landare, oilasko, indioilar, egur-ikatz eta beste merkantziaz garaiz hornitu ahal izateko». Zeharbideek 3.000 eta 6.000 franko kongoar arteko kostua dute pertsona bakoitzeko, ibilbidearen arabera, eta merkantzia pisuaren eta tamainaren arabera kobratzen da, 1.000 eta 3.000 franko artean. «Ohiko itsasontzia baino merkeagoa da baina, dena den, ez dago itsasontzirik; beraz, ez dugu aukerarik», azaldu du 44 urteko Jean Hazihishek. Kalehetik iritsi zen Gomara, non hondoratze batek ehun hildako eragin zituen 2019ko apirilean. Nolanahi ere, Kivu aintzira, 2.700 kilometro karratuko hedadura eta 500 metroko sakonerarekin, planetako lakurik arriskutsuenetakoa da, baina ez kontrolik gabeko zeharkaldi horiengatik, baizik eta barnean, itsaspeko geruzetan, 60 milioi metro kubiko metano eta 300 karbono dioxido baino gehiago aurkitu dituztelako, eta horiek askatzeak izugarrizko hondamendia eragingo lukeelako. Sumendien erupzioek –Nyiragongoko azkenak, esaterako–, lur-jausiek eta lurrikarek hondamen ikaragarria eragin lezakete berandu baino lehen.