MAY. 06 2022 Lleida eta Pobla de Segur artean Lakuen trena Lleida eta Pobla de Segur lotzen dituen tren zahar historiko honetan bidaiatzea lurraldearen edertasun eta ikusgarritasunean erabat murgiltzea da, lleidar Pirinioaurreko itzelezko aintziraz, basoz eta mendi malkartsuz beteriko inguruan. Sergi REBOREDO Lleida da abiapuntua. 308 serieko 10817 diesel tren-makina zaharra, 1968an Babck Wilcox-ek eraikia, da bagoiak arrastatzen dituena. “Yeyé” ezizenez ezagutzen zen, kulunka-mugimendu bereizgarria zuelako, gaur egun indarrean jarraitzen duen bereizgarria. 1999. urtera arte egon zen martxan karga-bagoiak garraiatuz, eta 2001ean berreskuratu zen. Bere ahizpa bikia (10820) harekin lotuta doa, malda handietan potentzia handitzeko. Konboi zaharrak Lleidan hasten du bere ibilbidea, Segre ibaiaren ertzeko muino batean kokaturiko hiri atsegin, bizi eta alaian. Hiri inguruko lautadan fruta-zelai zabalak dira nagusi. Eta muino baten gainean, Seu Vellako multzo arkitektonikoa, Lleidako katedralik zaharrena, zutitzen da harro eta begirale. Gure tren ahaztezina hirigunean dagoen Lleidako geltokitik abiatzen da; hirigune historikoaren iparraldean dago, Segre ibaitik ez oso urrun. Txilibitu baten soinu metalikoak iragartzen du goizeko 10:40an gure irteera. Tren-makinatik datorren ke grisaxkako hodei zabal batek estaltzen du geltokia. Lehen zatia Segre ibaiaren albotik doa, eta fruta-arbolak ikus ditzakegu alde banatan. Trenak aurrera egiten duen bitartean, pixkanaka-pixkanaka, atzean eta gelditu gabe uzten ditu Vilanova de la Barca, Vallfogona de Balaguer, Térmens eta Alcoletge. Tren-makinak garaiko bost bagoi arrastatzen ditu, 6000 seriekoak, urrun geratu den denbora batekiko nostalgia, sentsazioak eta perspektibak sortzen dituztenak. Kafetegi-bagoi batek eta posta-furgoi batek osatzen dute konboia. Bagoi horiek 50eko hamarkadan eraiki ziren Espainian, eta botila-berde kolorez margotuta eta horiz errotulatuta daude. Barnealdeak bereizitako bi klase ditu. Horietako batean, konpartimentu itxiak daude, garai hartan eraiki ziren bezala: egurrez forratuak eta elkarren parean dauden eskaizko lau eserlekuko bi ilara dituztela. Bestea 80ko hamarkadan berritu zuten, eta departamentu itxiak kendu eta diseinu modernoko 56 eserleku zabal eta eroso jarri zituzten. Balaguer, lehen geltokia Goizeko hamaiketan sartu da trena Balaguerreko geltokian, ibilbidearen zati hau soilik egitea erabaki duten turistak jasotzeko. La Noguerako hiriburuak (hau ere Segreren ertzean kokatua) bere auzo zahar ederra dauka. Arkupeak dituen plaza handi bat dago bertan, zeinean astero 800 urteko historia duen azoka ezaguna egiten den. Interesgarriak dira, halaber, Santa Mariako kolegiata, kanpandorre altu bat duena eta Sant Domenec, klaustro xume bat duena. Bost minutu geroago, berriz txistua aditu eta trena martxan jarri da. Edertasun harrigarria duten 58 zubi eta 40 tunel ditugu aurretik. Lakuen Trena 2007. urtetik dago martxan, iberiar zabalera zuen eta 89 kilometroko burdinbide bakarra zuen tren linearen azpiegitura aprobetxatuz. Trenbide hark Lleida eta La Pobla de Segur lotzen zituen, eta 1951n sortu zen, nahiz eta hasiera batean Okzitaniako Saint Gironsera (Frantzia) iritsi nahi zuen. 2005az geroztik, linea hori Kataluniako Generalitatearen Trenbideek kudeatzen dute. Segreko lautada atzean utzita Balaguerretik La Pobla de Segurreraino doan tartean, ezinezkoa da begirada leihatilatik apartatzea. Tarterik ederrena da. Segreko lautada atzean utzi, eta Montsec-en sartuko gara. Bertan kareharrizko mendikatea dago eta Mont-rebei eta Terradetseko haitzarte ikusgarriak, ur bareko dozenaka aintzirak osatzen dituzten xafla urdinez inguratuta. Gure trena horietako lauren artetik sigi-sagan doa. Eskuinaldeko eserlekuetan estrategikoki eserita joatea komeni da, bista onenak izateko. Lehenbizi, Sant Llorenç de Mongai urtegiaren ertzetik pasatuko gara. Zume negartien berdea andere-mahatsen gorriarekin uztartu eta ibilbideko paisaia erromantikoenetako bat sortzen da. Kayak, eskalada eta mendi-ibiliak egiteko leku aproposa da. Gainera, lezkadi ugariei eta ur-maila konstanteari esker, urteko zati handi batean uretako hegazti espezie asko hartzen ditu. Hurrengo urtegia Camarasakoa da. 20 kilometroko hedadura eta 624 hektareako azalera du. Pirinioaurrearen sarrerako atea da. Harkaitzez inguratutako presa 1920an eraiki zuten, Bartzelonako metropoli-eremu osoa argiztatzeko. Gaur egun zerbitzua ematen eta energia garbia sortzen jarraitzen du. Zenbait kilometro egin ondoren, Terradets-eko urtegira iritsiko gara. Bideko ederrenetako bat da Terradets, ibaiertzeko basoz inguratua. Tremp haitzartetik udalerri horretako arroko lautadarainoko tartea hartzen du. Azkenik, trena sigi-sagan doa Sant Antoni aintziraren ertzetatik. Kataluniako ur gezako eremu handiena hartzen du lakuak, 972 hektarea eta 86 metroko sakonerarekin. Gozatua da inguru hau bereziki udaberrian bisitatzea, dena berdez janzten denean, eta laku eta urtegiak urez gainezka daudenean, piriniotar mendietako elurra urtzearen ondorioz. La Pobla de Segur, ibilbidearen amaiera Lleidatik abiatu garenetik ia bi ordura, 12:35ean, trena La Pobla de Segur-eko geltokian sartu da. Ibilbidearen amaierara heldu gara. Orain, tren berean itzuli nahi dutenek 17:00ak arte itxaron beharko dute itzulerako bidaia egiteko. Denbora tarte ederra, inguruko gastronomia tipikoa dastatu ahal izateko -esaterako, coca de recapte delakoa, tipula, tomatea eta piper erreak dituen talo modukoa, sardinekin, butifarrarekin edo hirugiharrarekin-; Pobla de Segurreko sekretu modernistez gozatzeko, Salàs de Pallars-eko Museo Dendak bisitatzeko; Vall Fosca-ra joan eta Kataluniako produkzio hidroelektrikoaren hastapenak ezagutzeko; edota Tremp, Isona eta Llordà-ko gazteluaren berezitasunak deskubritzeko. Iraileko larunbatetan Trenaren Merkatua egiten dute geltokiko plazan bertan; hau ere artisau- eta nekazaritza-produktuak dastatzeko toki aparta. Terradets-eko urtegia Pobla de Segurretik 30 kilometro hegoaldera joanda Terradets-eko urtegia dago, Montsec mendilerroak babestuta. Toki ezin hobea, bertan aterpetu eta hortik Pallars Jussà eskualde ederra esploratzeko. Urtegiaren ertzetik hiru kilometro pasatxoko bidea dago xendazaleentzat atonduta, eta ibaiertzeko basoan eta aintzira ondoko kanaberadietan biltzen den fauna eta flora askotarikoekin kontaktua izateko aukera aparta eskaintzen du. Begiratoki bikainak daude bertaratzen diren uretako hegaztiak eta migratzaileak eta turistarekin uzkur diren igarabak ikusteko, haiek gu ikusi gabe. Lehen begiratuan aintzira naturala dirudien arren, 1935ean eraiki zuten, azpiegitura hidroelektriko bat jasotzeko. Bertako urek Sant Miguel de Cellers monasterioa irentsi zuten; antza denez, 1170ean Pallars Jussà-ko konde-kondesak fundaturiko monasterioa. Gento lakuko teleferikoa L’Estany Gento-ko teleferikoa, Vall Foscako teleferikoa ere deitua, Aigüestortes Parke Nazionalerako eta San Maurizio aintzirarako sarrera da. Hamalau minutuan 450 metroko desnibela gainditzen da, 2.200 metroko kotara igoz; hortik makina bat txango egin daitezke paraje ikusgarri hau osatzen duten 32 lakuak ikusteko. Igogailu hori Kataluniako Indar Elektrikoak S.A.k (FECSA) eraiki zuen 1981ean, aintzirara sartzeko aurretik zeuden bi funikular eta bide estuko trenbidea ordezteko, eta, hartara, pertsonak, ibilgailuak eta eraikuntzarako materialak Sallente-Estany-ko zentral hidroelektriko itzulgarriaren punturik gorenera eramateko. Gailurrean, Gento lakuaren oinetan, 1911n eraikitako trenbide zaharraren errailetan barrena doan bidexka hasten da. Sei kilometro inguruko bidea da, birgaitua eta Kataluniako bide berde politenetako bat dena. Ibilbidea tunelez beteta dago, eta oraindik ikusgai daude Capdellako zentral hidroelektrikora iristen ziren bideen hondarrak. Zidorra ia laua da eta hiru bat orduan egin daiteke. Pirinioak Kantauri itsasotik Mediterraneo itsasoraino zeharkatzen dituen GR11 ibilbidearen zati bat da, eta, zehazki, Vall Fosca, Espot eta Vall de Boí lotzen ditu Riqüern haranean barrena. Capdellara itzultzean, interesgarria da Zentral Hidroelektrikoaren Museoa bisitatzea, Espainiako lehena. Haren sorrera, historia eta Kataluniako elektrifikazio-prozesuaren berri jakingo dugu bertan, baita une hartako gizartean izan zuen eragina ere. Kontuan hartu behar da zentralaren eraikuntzan 3.000 pertsona baino gehiago aritu zirela, herrialdeko hainbat tokitatik iritsiak. Lan faraonikoa, tunel eta galerien bidez Pirinioetako 15 laku lotzen zituena, gero 3,3 metro kubiko ur segundoko erortzen uzteko, 840 metroko altuerako desnibel kanalizatuan. Nuestro inolvidable tren parte de la estación de Lérida, situada en el centro urbano, al norte del casco histórico, no lejos del río Segre. El sonido metálico de un silbato predice nuestra salida a las 10:40 de la mañana