OCT. 07 2022 Orbaibarreko erromaniko pagano, enigmatiko eta basatia Izaki natural bat eta udako solstizioan argi-ikuskizun bat eskaintzen duten elizak, tenplu kristau batean jai paganoa… Paganismoa, enigmak eta artea ezkutatzen dituzte Orbaibarreko (Valdorba) tenplu erromanikoek. Sar gaitezen ezarritako ordenaren aurka elizak ere matxinatu ziren eremu basatian. Eristaingo San Joan Bataiatzailaren eliza. Andrés ORTEGA Testua: Gaizka MARTINEZ Argazkiak: Andrés ORTEGA Bailara batek ateak ireki dizkigu oharkabean Iruñea eta Tafalla artean. Nafarroako azken herri horretatik hamar kilometro eskasera, sorbaldaren gainetik begiratzen digu Puiuk, arranditsu, haranaren parte dela ukatuz-edo. Nafar erdialdean gaude, Ager eta Saltus Vasconum-aren arteko arragoan. Erreserba natural zabal batek babestutako paisaia honek udazken partean lortzen du distirarik handiena; hain zuzen ere, urre, arre, gorri eta berdetasun tonuek “Nabarra”ri zentzu osoa ematen diotenean. Sarrerako xuxurla telurikoa nabarmenagoa zaigu orain. Gogoan diren uholde suntsitzaileenetako batzuen ondorioz, Santsoain ibaia orbain ireki bat da gaur NA-5110 errepidearen aldamenean. Kondearen mendiak eskuinera utziko ditugu, artzainen bideak erabiliz pasiera xumeak egiteko bikainak. Aurrerago, goian, Santsoain eta ehiza-haragietan espezializatutako Coto de la Valdorba jatetxea; eta, aurreraxeago, ezkerrera, Makirriain, Santa Katalina parrokia protogotikoarekin eta jauregi-eraikuntza ugarirekin. Koltza zelaiak Orbaibar osoan zehar zabaltzen dira. Jagoba MANTEROLA (ARGAZKI PRESS) Orbaibar betea da hau, isila eta lasaia. Joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieran hona iritsi ziren Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi musikariak, entsegu eta emanaldi egun luzeetatik atseden hartzera. Errepideak hamar kilometro egiten dituenean, Olletan, seme-alabak hazi eta, “Baldorba” idazpurupean, toki hau mendeetako ezkutalekutik atera zuen kantaren letra sortu zuten, Lertxundiren ahotsak gero euskal iruditerian sartu zuena. Halarik ere, paisaia bukoliko, harrizko etxe eta kanpai afonikoez haraindi, aise azalduko zaigu bidean izaera basatiagoa duen natura -azkonar, kastore, orkatz edo basurde eran- edota jendarte borrokalariago bat. Bere historia eta herriak nekez kabitzen dira kantutegiak gorde dien doinu malenkoniatsuan. Alde honetara hurbildu da Rotten XIII hardcore taldea, Lertxundiren tonu atsekabetu kanonizatuari “Oi!” oihu batekin desafio eginez eta kronikek diotena eta bertokoen aiurria hobeki atzemanez. Zekenkeriaren aurkako bitxi erromanikoa XII. mendekoak dira 200 kilometro karratu baino gehixeagoko bailara honek gordetzen dituen aberastasun arkitektoniko eta errebelde nagusiak: Jaka, Loarre eta Biarnoko eskolen eraginpean eraikitako estilo erromanikoko 30 tenplu. Landa-erromanikoa deritzon honen gailurrean, Etxanoko Santi Petri, Eristaingo San Joan Bataiatzailearen parrokia-eliza, Katalaingo Kristo Santua, Orisoaingo Tourseko San Martin eta Olletako Jasokundeko Andre Mariaren eliza. Kalexketako hormigoi zurixkak argitzen du azken hau eta, XXI. mendeko hirigintza bihozgabeaz inguraturik den arren, erromanikoaren harribitxi honek iraganera eramaten gaitu oraindik ere. Arrapietas eta Zenandia errekatxoen eta hiru zubiren artean -horietako bat erromaniko estilokoa, zaharberritua erabat- egotea ere laguntza ederra da. Olletako jauregi-gunearen ataria da gustu handiz berritutako pareta bakarreko frontoi txikia. Kantxatik, tenplu erromanikoaren hormak teilatuarekin txirikordatzen dituen xake-itxurako moldea ikusten da erraz. Hegoaldean, berriz, sakristia hartzen duen eraikinaren gainean, hainbat motibotako harburutxoak ageri dira herabeki. Iparrean, atarian, hainbat garaitako hilarriak irteten dira zolatik eta, portada apalean, kapiteletako landare-motiboek hainbat giza irudiren agur lotsagabeak ezkutatzen dituzte. Zekenkeriaren aurkako kapitela, Olletako Andra Mariaren eliza barruan. Andrés ORTEGA Habearte koskorraren barruan -asteburuetan irekita egon ohi da-, jada ez dira gure zain hormetan Ebanjelioan doktrinatzen zuten Erdi Aroko pintura koloretsuak, Nafarroako Museora eraman baitzituzten gorde eta erakusteko. Agertuko zaizkigu, ordea, landare-dekorazio, eguzki-disko, giza buru eta infernuko eszena beldurgarrietako kapitel gehiago, oraindik ere kolore hondarrekin. Haien sinbolismoagatik, nabarmentzekoak dira lepotik zintzilik poltsa handiz zamatutako pertsonaia zikoitz batzuk, demonio batzuek egurtuta. Tenpluaren akustika ezin hobean, haien izu-oihuen oihartzuna entzun dezakegu oraindik. Paradoxikoa oso, Elizak bere onurarako bereganatu izana seigarren bekatu kapitalaren halako kondena erakusten duen eraikina. Izaki pagano baten begiradapean Geure pausoetan gibelerat, N-121 errepidera itzuliz, Orbaibarreko “hiriak” ditugu zain: Barasoain eta Garinoain. Bien arteko muga NA-5100 errepideak margotzen du eta aurrera doan sakonunean hainbat herritara hurbilduko gaitu: Iratxeta eta bere aletegi erromanikoa -garaiko eraikuntza zibil bakarrenetakoa-; Orisoain eta mendeetan zigilatuta egon den erromaniko aurreko kripta; edo garai batean auzo-batzarrak egiteko erabiltzen zuten Katalain, Orbaibarraren erdigune. Barasoaingo Angel tabernaren etxeko janari merke eta tradizionalak indarberrituta, aise ikus ditzakegu monumentuok. Iratxetako San Esteban eliza, aletegi erromanikoaren arkupeetatik. Gotzon ARANBURU Autoz handik bost minutura, ezezaguna bezain enigmatikoa den Eristaingo eliza bisitatu behar da nahitaez -Orbaibarreko Garapenerako Elkartearen bidez (www.valdorba.org) bisitaldia hitzartzea hobe-. Soltxagatik gertu dagoen baserri txiki bateko bakardadean abandonaturik, X. eta XI. mendeen artean eraiki zuten, ziurrenik hilobi erromatar bateko materiala probestuz. Hala, bere hormen kanpoaldean txertaturik, hilarri erromatar bat eta aldare moduan “Sol invictus" sakrifizio-mahai bat aurkitzen ahal ditugu. Eristaingo San Joan Bataiatzailearen eliza, elurturik. Andrés ORTEGA Dena den, Eristainen misterio nagusia bertako hormetan agertzen zaigu margolan moduan. Garinoaingo alkate ohi eta Astrolabio Románico elkarteko kide Javier Intxustaren arabera, «harrigarria da» elizan nagusi den fresko teknikaz sorturiko pintura-irudikapenaren kasua, «sinbolismoz betea eta begi hutsez izaera profanoarekin lotzen duguna». Aurpegi atsegineko izaki bat, zeinaren bizarretatik bi landare ateratzen baitira, mahatsondoaren xirripa eta kanpaiak gogorarazten dituztenak eta habeartearen erdiko aurre erromanikoa behar duen arkuaren bi aldeetatik isurtzen direnak. Horrek guztiak, dio adituak, «kristautasunaren aurreko mito baten irudikapenaz hitz egiten digu, natura menderatzen duen jaun basati batez». Kristau galbaheak, baina, Basajaun izan zitekeena, edo erromatar Bako jainko jai eta zurrut zalea, San Joan Bataiatzaile bihurtu zuen. Eristaingo San Joan Bataiatzailearen elizaren barruan, izaki pagano eta naturalaren irudia. Andrés ORTEGA Erreferentzia mitologikoez eta erromatarrez gain, koloredun pinturetan ezkutaturik, Erdi Aroko antzerki-gidoiak daude bertan, deabru-kiliki batekin nola jantzi edo Aste Santuko ospakizun zaratatsu eta beldurgarri bat -hilkutxekin eta hildako gisa mozorrotutako aktoreekin- nola antzeztu azaltzen digutenak. Jaia udako solstizioa ospatzeko Urrutiago, errepidearen alde batean, Mairagako urtegia baino lehentxeago, sortzen da Etxanoko Santi Petri, gaur egun desagertutako jauregi baten eliza izan zitekeena eta, Orbaibarreko guztien artean, baseliza “iraultzaileena”. Lehenik, ezohikoa den moduan, eki-mendebaldera begira dago eta portada iparralderantz dauka. Apartekotasunak habeartearen kanpo eta barruko argiztapenarekin du zerikusia, nahiz eta eraikinaren egiturak barruan efektu akustikoak ere lortzen dituen. Antzerki emanaldi bat balitz bezala, ikuskizuna urtean behin jazotzen da, udako solstizioan: tradizio paganoentzat, egun magikoa. San Joan bezperan bisita gidatuak antolatzen dira orain, teilatu-hegalaren azpitik irteten diren harburutxoak banan-banan eguzkiak nola argiztatzen dituen miresteko. Arkitektonikoki paregabea dela adierazteaz gain, fenomenoak sakontasun politiko, sozial eta espirituala uzten du agerian. Izan ere, portadako eta teilatuko harburutxo horietan ez dago kristau irudirik, ludikoak eta profanoak baizik. Buruak festa pagano bateko partaideak dira: musikariak, dantzariak, biluzik eta mozkor dauden gizon eta emakumeak, bihurrikariak… baita hezitako hartz bat ere! Etxanoko elizan, ardoa edaten eta musika jotzen duten harburutxo bi. Andrés ORTEGA Biluzik eta jai bat ospatzen ari diren gizon eta emakume bana irudikatzen duten harburutxoak, aurrean. Eskuinean, bihurrikari bat. Andrés ORTEGA Andrés Ortega "San Pedro de Echano. El misterio del templo" liburuaren egilearen ustez, eliza horren diseinua pertsona ikasi baten izaera libre eta pribilegiatutik eratorriko litzateke, katolizismoaren arau zorrotzak zalantzan jartzeko gai zen eta horretarako askatasuna zuen. Bailara honetako monumentu eta biztanleengan atzematen ahal dugun askatasun hori bera.