JAN. 06 2023 Egin planak Azpeitian izango da 2023ko Bertso Eguna: egun osoko plana martxan URTARRILAK 28 Bertsozale Elkarteak aditzera eman zuenez, 2018tik ibiltaria da Bertso Eguna, urtero aldatzen da lekuz, eta 2023koa Azpeitian egingo da udalaren eta herriko zenbait elkarteren laguntzarekin. Egun osoko plana antolatzen ari dira, pandemia aurretik egin ohi zen bezala. Horrela, 11.30ean elkartu eta kalez kaleko poteoa egingo da, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14.30ean, bertso bazkariak egingo dira Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan. Gainera, gustu guztiak asetzeko moduan, mota ezberdineko bertso saioa eskainiko da elkarte bakoitzean: libreko saioak, bertso saio musikatuak edo gaiekin eta bertso jarriekin osatutakoak. Arratsaldean poteoa izango da, eta 21.00etan afaria eskainiko da Elikagunean. Afalostean izango da bertso ekitaldia Elikagunean bertan.