Eivissa, bestelako txokoen bila
Mende erdi baino gehiago da Eivissa arrantzale eta artzainen uhartea goitik behera aldatu zuten lehen turistak iritsi zirela. Hippyek, turismo masiboak gero eta Europako diskoteka ezagunenetakoen kokagune izateak eragin itzela izan du irlako bizimoduan eta paisaian. Baina uharteak txoko paregabeak ditu oraindik, Eivissa hiriko alde zahar liluragarritik irlaren iparraldeko gune naturaletaraino.
Kanpoan Balear Uharteak izenez ezagutu ohi ditugu Mediterraneo mendebaldean katalanez mintzo diren irlak. Katalanez berriz, “Illes” baino ez dira, uharteak. Izan ere, egun autonomia erkidego bat osatu arren, historikoki elkarrengandik oso bereizitako eta aparteko nortasuna duten lekuak izan dira: Mallorca da handiena eta historian erresuma ere izan zuena. Haren ipar-ekialdera Menorca dago; izenak berak adierazi legez, bata uhartediko irla handia eta bestea txikia dira. Biengandik urrunago eta penintsulatik hurbilago Pitiusak daude; Eivissa da bertako handiena eta populatuena.
Aldameneko Formentera txikiarekin lotura estua daukan gisa berean, askoz urrunagoa da Mallorca eta Menorcarekiko harremana. Eivissera ere, katalanaren aldaera, oso desberdina da mallorkeratik. Tamalez, hizkuntza makalen dagoen uhartea da, iritsi eta berehala konturatuko garen legez, espainiera da nagusi Eivissa hiriburuan, eta gune turistiko nagusietan ere italiera, alemana, frantsesa edo ingelesa bertako hizkuntza baino gehiago entzun ohi dira. Barnealdean edo sasoi turistikotik kanpo bidaiatuz gero, sarriagotan entzungo dugu, hori bai.
Bestalde, Balearretako bizitasun handiena eta martxa gehien daukana izatearen fama ere badu Eivissak. Europako DJ garrantzitsuenak hartu dituzten diskoteka handiek famatu dute irla, aurretik hippy kulturak egin zuen legez. Hegazkina lur hartzera doala, leihotik Sant Francesc de s’Estany-ko gatzagetako distirak eta koloreek adierazten dute bertan dagoela aireportua, eta hamarkada gutxian erabateko jauzia eginda ere, hortxe bertan dagoela arrantzale eta artzainen Eivissa tradizionala, mendeetan Mediterraneoko herrien eta merkatarien geltoki izan den irla.
Leku gutxik daukate Eivissak bezala nabarmentzen zaien hiribururik, gainera. Dalt Vila edo Eivissa hiriaren alde zahar eta malkartsuak berehala ageri du bere harresi, galtzada-harrizko kalexka, plaza eta bihurguneetan zergatik den Unescoren munduko ondare. Ataratik sartu eta Dalt Vilan gora gotiko katalanaren erakusle den katedraleraino, oso leku atsegina da egunez eta paregabeko bistak eskaintzen ditu hirira eta Mediterraneora Formenteraraino, alde batera portua eta bestera Ses Figueretes hondartza txikia. Itsasoz etorritakoan ere harro ageri da hiri zaharra harkaitzean gora ongietorri egiten; Platja d’en Bossako hondartza luzearen amaieran erreparatuz gero, Carregador dorrea ere ageri da, irla piraten jomugan zegoen sasoiak gogoan. Gauez, berriz, fresko eta atsegina da Dalt Vila, mokadu bat hartu, zeozer hartu edo gau luze baten abiapuntu izateko. Behean, hirian, taberna, saltoki, eta gainerako lekuekin batera, badira gune kultural garrantzitsu bi: Arte Garaikideko Museoa, eta feniziar nekropoli bat bisitatu daitekeen Puig des Molins-eko museoa.
Iparreko txangoa
Santa Eularia des Riu da ekialdeko kostaldean gora joanda ageri zaigun beste herri handia, Cala Llonga ederra atzean utzita. Leku atsegina da herria, horma zuriko eliza dotorearen magalean, hondartza luze bati begira. Aurreraxeago oraindik turismoak bereganatutako Es Canar hondartza egon arren, oro har, hemendik iparralderantz irlako tarterik basatiena ageri da, kalak, pinu eta almendrondozko baso mediterraneoa eta barrualdean diren herrixkekin, etxaldeek pikondoak eta olibondoak dituztela.
Bazterrotara 60 eta 70eko hamarkadetan iritsi ziren turistek ere gaurdaino datorren arrastoa utzi zuten. Santa Eularia des Riu-tik hurbil uharteko azoka hippy ezagunenetakoa dago, Punta Arabí-n; asteazkenero izaten da udan. Beste azoka ezagunena Las Dalias da, Sant Carles de Peralta herriaren kanpoaldean, larunbat-igandeetan egunez izaten da uda sasoitik kanpo. Udan, berriz, gaueko azoka egiten dute igande, astelehen eta astearteetan. Herriko Bar Anita taberna instituzio bat da hippy kulturaren zaleentzat.
Eivissako beste txoko askotan ere izaten dira azokak, eta komeni da bakoitza noiz izaten den dakarren egunerokoa izatea (interneten zein turismo-bulegoan jaso liteke). Iparraldeko txokootan gabiltzala, badago turista gutxiago biltzen dituen azoka txiki bat ere ostegun gauetan Sant Miquel de Balansat herrian. Artisauen lanak ezagutzeko aukera izateaz gain, ball pagès Eivissako dantzak ikusteko txoko paregabea ere bada, eta musika-emanaldia izan ohi da.
Uhartearen iparralde honetan kala lasaiak daude, baina hemen bideak bihurgunetsuak dira kostaldera hurbildu ahala, eta merezi du zinez gune turistikoagoetako jendetzaren ondotik txoko patxadatsuei ere tartea egitea. Cala Xarracan has liteke, harrizko kalan bainatu eta Portinatxeko hareatzaraino jarraitu. Inguruetan bidezidor ugari daude, eta Es Portixolerainoko ibilaldi ederra ere egin daiteke, nahi izanez gero. Barnealdean, berriz, Sant Joan de Labritja herri ederra dago. Berez da atsegina, bere etxe zuriekin; gainera, igandeetan azoka izaten dute. Igandea izanik, badago Sant Carles eta Sant Joan-etik gertu jende ugari erakarri ohi duen beste txoko bat: Benirràs kala. 90eko hamarkadan gerraren aurka piztutako hippy txokoa asko handitu zen eta itxi ere egin zuten, baina oraindik izaten dira giro mistiko horretan murgiltzera joaten direnak igandero.
Hegoaldeko kalak
Irlaren mendebaldeko kostaldera iritsita, Sant Antoni de Portmany turistikoa dator hegoalderantz egin ahala. Ez da denen gustuko lekua, hondartza zabal batean antolatutako uharteko gune turistiko garrantzitsua izanik, baina kala zoragarri askoren erdi-erdian dago herria. Hala, lau kilometro iparraldera dago Cala Salada; askorentzat Eivissako txoko kuttunetakoa da, kalaren jarraian datorren Cala Saladetarekin batera.
Sant Antonitik hegoalderantz berriz, irlako postalik ezagunenak aurkituko ditugu: Cala Comte, Sa Conillera eta Illa des Bosc parean dituela; auto-zirkulazioari ere mugak jarri behar izan zaizkio udan biltzen den jendetzaren ondorioz. Goizean goiz etortzea da aukera udako egunetan, baina egia da ilunabarrak direla lekuari xarma berezia ematen dioten elementuetako bat, eguzkia Mediterraneoan gordetzen ikusiz. Askoz turista gutxiago egon ohi dira 11 kilometro hegoalderago dagoen Cala Vedellan. Bihurgunez bihurgune egindako bidean, ia bertan daukagu Eivissako irudirik magikoena: Es Vedrako kareharrizko harkaitz erraldoia, ia 400 metro ozeanoaren gainean jasoz. Asko dira Es Vedraren inguruan kontatzen diren kontakizunak. Cala D’Hoortetik ikuspegia luzaroan gordetzen direnetakoa da. Eta bai, hemen ere ilunabarra itzela da, Es Vedra itzaliz doala begiratuz.
Esan dugu, uhartea txikia da eta hemen ere Eivissa hiriburutik ordu erdira baino ez gaude autoz. Bidean, Sa Caleta-n dugu geltokia: mendebaldeko kaletatik desberdina izateaz gain, bere harri gorri eta eremu lehorrarekin, arrantzaleen etxolak ere bilduta daude badiaren alde bietara, gaineko muinotik, turkesa koloreko urak ikusteaz gain feniziar herrixkaren gune arkeologikoa bisitatzen den bitartean.