NOV. 03 2023 Ainuak, jazarritako identitatea berreskuratzen Japoniako iparraldeko eskualdeetako aborigenak, ainuak, beren identitatea babesteko borrokan ari dira, hamarkadetako kultura-genozidioaren ondoren. Japoniako Parlamentuak 2008an onartu zuen ainuak «bere hizkuntza, erlijioa eta kultura dituen herri indigena» gisa aitortzea. 2020an irekitako museo batek haien milaka urteko historia biltzen du, egun, desagertzeko zorian dagoen herri bat biziberritzen ari delarik. Museoan ekitaldi bereziak antolatzen dituzte. Testua: Josep Solano. Argazkiak: J.S eta Rodrigo Reyes Marin Duela hamarkada gutxira arte basatitzat jotzen zen herria da, Japoniako iparraldeko uharteetan kokatua. Lurralde hori izan da azken milurtekoetan bere etxea. Ainuek harrotasunez eta duintasunez eusten diote gaur egun galzorian dagoen beren hizkuntza eta kulturari. Japoniako Parlamentuak 2008an onartu zuen ainuak «beren hizkuntza, erlijioa eta kultura dituen herri indigena» gisa aitortzea, eta kultura hori sustatzeko ahaleginak egiten ari da, bai gizarte bai turismo mailan. Arlo publikoan, ordea, ez da hori islatzen Hokkaido uhartearen zati handi batean, zeina lehen Ezo deitzen zen, 1868an independentzia lortzeko saiakera demokratiko bat egin ondoren. Baina erronka horren erdian itxaropen- eta erresilientzia-itsasargi bat sortu da: Ainu Kulturaren Berpizkunde eta Garapenerako Zentro Nazionala. Ainuek, sarritan “Japoniako aborigenak” deituak eta duela milaka urte hasitako historia aberatsa dutenek, erronka garrantzitsuei egin behar izan diete aurre historian zehar, Lurretik ezabatuak izateko mehatxuei, hain zuzen. Zentro honek, gaur egun, itxaropen-itsasargi bat sortu du herentzia aberats hori zaindu eta suspertzeko. Bizitza tradizionala Upopoy parkean dago, Shiraoi hirian, Sapporotik hegoaldera, ordu bat baino gehixeagora. Zentroak museo bat du, ainuen bizitza tradizionala nolakoa zen erakusten duten erreprodukzio zehatzak, milaka urteko kultura hori garatzeko bilera- eta tailer-aretoak. Parkerako sarrera, “ainu espiriturako bidea”, baso- eta animalia-eszenen grabatuz inguratutako bidexka bitxia da, musika tradizionala entzunez bisitaria harrera nagusira eramaten duena. Ainuen Museo Nazionala zentroa bisitatzeko abiapuntua da. Bertan, atentzioa ematen duen lehen gauza da errotuluak ainueraz, japonieraz eta ingelesez daudela, bai eta tarteka txineraz eta koreeraz ere. Erakusketa-areto nagusiak ainuen historia beren ikuspegitik aurkezten du. Erakusketak sei gai ditu: “Gure hizkuntza”, “gure unibertsoa”, “gure bizitzak”, “gure historia”, “gure lana” eta “trukea”. Ainuen sinesmen-sistemaren eta haren erritu tradizionalen alderdi garrantzitsuak aurkezten ditu erakusketak, haien historiari, kulturari eta artisautzari buruzko film laburren proiekzioez hornituta. Museoak ainuen langintza tradizionalak ere erakusten ditu. Izan ere, ehiztari-biltzaile primitibotzat hartu ziren urte askoan, baina ekoizpen-baliabide sofistikatuak erabiltzen zituzten. Horrek azken erakusketara garamatza: herri honek nola egiten zuen merkataritza eta nola aritzen zen bere bizilagunekin beste truke edo hartu-eman modu batzuetan. Bereziki liluragarria da hartz-kumeari buruzko erakusketa, zeinean agertzen den nola hazten eta zaintzen zuten urtebetean zehar, ondoren berau hil eta erritualki jateko, era horretan bere arima zerura bidali eta beste hartz jainko batzuei mezuak eramateko. Museoko arduradunetako batek, Shirourik, azaldu du zentroa «aukera handia» dela komunitatearentzat, Japoniako Gobernuak hizkuntza eta kultura berpizteko emandako laguntzari esker. «Zeelanda Berriko maorietatik ikasi behar dugu, haiek indigenen kultura eta historia ikas dezaten eskolak ezarri baitituzte»; hala ere, ez da bereziki baikorra hizkuntzaren biziraupenaren inguruan. Kanpoko parkean ainuen etxe tradizionalen eta komunitatearen eguneroko bizitzako beste egitura batzuen erreprodukzioak daude, XIX. mendearen amaierako ainu herri baten berreraikuntza balitz bezala. Bisitariak egurrezko etxebizitza txikietan sar daitezke. Gainera, tailer praktiko batzuk proposatzen ditu, non bisitariek tokiko artisauen gida batekin ikas baitezakete ainu-arteei buruz: zeramikak, ehunak eta zurezko objektuak. Lorategi botaniko bat, haurrentzako parke bat eta jatetxe bat ere baditu. Jatetxeak aukera zabala eskaintzen du: ainu plater tradizionalak eta sukaldaritza japoniarra. Oso antzinako jatorria Historialari batzuen arabera, zibilizazio hau XII. mendean hasi zen, baina ainuak lehenago ere kokatuak ziren jada Sakhalin uharteak, Ezo uharteak eta Kuril uharteek osatutako hirukian, hain zuzen Kristo aurreko hogei mila eta hamar mila urteen artean, gure planetako azken glaziazio-aroan. Kamchatka penintsularen eta egungo Hokkaidoren artean zegoen “izotzezko zubi” baten bidez iritsi ahal izan ziren. Kamchatkan eta Siberiako ekialdeko zenbait lekutan, oraindik badira gauza askotan ainuen antza duten talde etniko txikiak. Milurtekoetan zehar, ainuak harreman sinbiotikoan bizi izan ziren Ezoko naturarekin eta izadian inspiratutako erlijioarekin. Erlijio horrek, alderdi askotan, sintoismo japoniarra gogorarazten du, non espirituek “kami” izena hartzen duten eta biziduna eta bizigabea den guztian bizi diren. XIII. mendetik aurrera, uhartera wajin-ak iristen hasi ziren, “yamato herria” esaten zaienak; historiaurrean Japonia kolonizatu zutenak dira eta gaur egun Japoniako etniaren gehiengoa osatzen duen tribuetako bat, hau da, gaur egungo japoniarrak. Shakushain-en matxinada Wajin-ak Honshu uhartetik zetozen, Japoniako artxipelagoko irla nagusitik, eta pixkanaka lurraldeaz jabetzen hasi ziren, 1669an Shakushain matxinatu zen arte. Japoniako agintarien kontrako matxinada izan zen, Ainu Shakushain liderrak gidatua, Matsumae klanaren aurka; wajinen merkataritza eta gobernu interesak ordezkatzen zituen azken horrek. Eta, geroago beste altxamendu batzuk gertatu ziren arren –hala nola Menashi-Kunashirena 1789an–, Lurrari hain lotuta zegoen herri honen amaieraren hasiera izan zen hura. 1868ko hasieran, Japoniako Ezoko Errepublikak independentzia aldarrikatu zuen, Ameriketako Estatu Batuen antzeko eraketarekin. Paradoxikoki, Japonian sistema demokratikoa izan zuen lehen tokia izan zen, garai hartan herrialdea egitura feudal zorrotz baten pean baitzegoen, gerrako jaunen laguntzarekin eta enperadorearen mende. Errepublika hasiberri horrek, hamabost hilabete baino gehixeago iraun zuenak, ainuera hizkuntza ofizialtzat hartu zuen japonierarekin batera, baina Japoniako Armadak berriro esku hartu eta ez zen errepublikaren arrastorik utzi. Uhartearen izena ere aldatu zuten, Hokkaido izena emanda. XIX. mende amaieran, Japonia modernizatzeko prozesua hasi eta mundura zabaldu zenean, ainuak, beren bizimodu tradizionalarekin lurrari lotuak, barbarotzat eta basatitzat hartu ziren, gainbeheran zegoen kulturatzat eta gutxiago zen herritzat, eta horregatik desagertzea merezi zutela. Gobernu zentralak neurri zorrotzak hartu zituen kultura hori suntsitzeko, ainuera erabiltzea debekatzetik hasita: haurrek, eskolan, japonieraz baino ezin zuten hitz egin eta ikasi. Eta, garai hartan, ainu kulturaren errealitatea oso aberatsa izan arren -eta hala izaten jarraitzen du-, bai mito eta erritualetan, bai poesia-testuetan, dantzetan, musikan, bai zur- eta ehun-artisautzan, arazo nagusi bat zeukan, hots, ez zegoela horretaz guztiaz deus idatzita, ainuerak ez baitzuen idazkera propiorik eta kulturaren transmisioa ahozkoa baino ez baitzen. Testuinguru horretan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, ikusita beren lurraldearen zati bat Sobietar Batasunaren eskuetara igaro zela eta Japoniak historiako goraldi ekonomikorik handiena bizi zuela, gobernuek ez zuten jakin zer egin ainuekin eta modernitaterako egokiak ez ziren haien tradizio “arraroekin”, eta baztertu eta mespretxatu egin zituzten. Horren ondorioz, ainuek beren hizkuntzari, identitateari eta tradizioei uko egin zieten, are Tokio eta halako hiri handietara emigratuz. Beste potentzia kolonial batzuei begiratuta «XIX. eta XX. mendeetan ainuekin gertatu zena beste potentzia kolonial batzuk beren talde indigenekin egiten ari ziren horretan inspiratu zen: lurrak konfiskatzea, eskolak eta barnetegiak erabiltzea haiek asimilatuak izatera behartzeko eta japoniar kultura eta japoniera ikastera behartzeko, ainuera ez erabiltzeko eta ehiza- eta bilketa jarduera eta zeremonia tradizionalak debekatzeko», azaldu du Jordan Ballard-ek, gaian aditua den atzerritar bakarretakoa, ikasketa indigenen ikertzailea eta Hokkaidoko Unibertsitatean doktoregaia denak. Japoniako agintariek ainuei eman dieten aintzatespen hori herri hori desagertu ez dadin nahikoa ote den galdetuta, Ballardek honakoa dio: «Neurriak hasiera ona dira eta ainuei askoz ere lege- eta finantza-marjina handiagoa ematen diete beren kultura babestu, zaindu eta sustatzeko, baina oraindik gai asko daude eskubide kolektiboei dagokienez, bereziki ehiza- eta arrantza-eskubideei buruz, eta horiei heldu behar zaie». Aditua baikor ageri da kultura honen etorkizunari dagokionez. «Ainu komunitateko kide asko beren kultura eta praktika kulturalak sustatzen, zaintzen eta babesteko lanean ari dira; beraz, harrituko nintzateke laster desagertuko balitz». Historialari batzuen arabera, zibilizazio hau XII. mendean hasi zen, baina ainuak lehenago ere kokatuak ziren jada Sakhalin uharteak, Ezo uharteak eta Kuril uharteek osatutako hirukian Ainu kulturaren errealitatea oso aberatsa izan arren, arazo nagusi bat zeukan, hots, ez zegoela horretaz guztiaz deus idatzita, ainuerak ez baitzuen idazkera propiorik eta kulturaren transmisioa ahozkoa baino ez baitzen