DEC. 01 2023 Begirada Forever is now, Gizako piramideak egungo artearekin solasean KHALED DESOUKI (AFP) Forever is Now arte erakusketa hirugarren aldiz egin da Giza piramideen nekropolian. Sam Shendi artistaren “The Ghost Temple” instalazioa izan da ikusgai, besteak beste. Art D'Égypte enpresak antolatutako erakusketa deigarria da oso. Arte garaikideko proposamenak eta Gizako antzinako piramideak aurrez aurre jartzen ditu, solasaldi bat errazteko moduan. Izan ere, antolatzaileen ustetan, esposizioaren helburua da denborari eta betierekotasunari buruzko hausnarketa bultzatzea, historiarik gabeko etorkizunaren kontzepziorik ez dagoela erakutsiz. “Forever is now” lanean jatorri desberdineko artista talde batek antzinako munduaren eta etorkizun teknologikoaren artean nabigatzeko modua aztertzen du, betiereko monumentuen eta galtzeko arriskuan daudenen artean. Antzinako Egiptoren eragin sakona islatzen du eta gaur egungo praktika kulturalen etengabeko inklusioan oinarritzen da. Artea sortzeak aukera ematen du belaunaldi bat orainaren lekuko bihurtzeko eta hurrengoari hitz egiteko, dela antzinako egiptoarrek sortua, dela artista garaikideek sortua. “Forever Is Now” kulturarteko egitasmoa da eta antzinako Egipto historian zehar artistentzat inspirazio iturri izan dela erakusten du. «Antzinako zibilizazio liluragarri honek beti harritu nau, zientzietan, arteetan, matematiketan, justizia sozialean, garapen kulturalean eta berrikuntzan egindako aurkikuntzek sekulako eragina izan dutelako hurrengo belaunaldietan», dio Art D 'Égypto proiektuaren sustatzaile Nadine A. Ghaffarrek. «Guk gaur oraindik ulertzen ez ditugun monumentuak asmatu eta eraikitzea lortu zuen zibilizazioa da. Egiptoar kultura opari bat da gizateriarentzat, eta erakusketa honen helburua da altxor horiek nazioarte mailan erakustea, arte garaikidearekiko elkarrizketa baten bidez. Antzinako Egiptok mundu osoko artistengan izan du eragina, eta, beraz, mundua Egiptora eta Egipto mundura eraman nahi dugu artearen bidez».