bidaiari - bidaia aldizkaria

Fournier Museoan, kartak, historiaren lekuko

Arabako Fournier Karta Museoaren ateak zabaldu aurretik sumatzen da magia, bisitariak teilatuan lauko kopa erraldoia ikusten duenean eta sarrera parean, berriz, lurrean erdi ezkutatuta, hiruko bastoiarekin topo egiten duenean. Gainera, Bendaña jauregiko fatxadak berak argitasun magikoa islatzen du, eguzki-izpiak kristal eta burdinazko zutabe artetik irristatzen direnean.


Ezagutu kartei soilik eskainitako munduko museo bakarrenetako bat. Teknika, historia, artea, magia... harrituko zaitu!». Horixe dio Arabako Fournier Karta Museoaren webgunearen ongietorri mezuak. Eta, egia esan, halaxe gertatzen da bisitaria Bendaña jauregira hurbiltzen denetik bertatik. Jakina, kartak dira museoko protagonistak, baina sarreratik beheko solairura, patiora, sartu bezain pronto, ez dira kartak bisitariaren arreta erakartzen dutenak, bertan ikusgai dagoen makineria baizik.

Izan ere, karten bilakaeraren ibilbide historikoa eskaintzen du museoak, baita ibilbide teknikoa ere, XV. mendetik hasi eta gaur arte. Beraz, historian zehar kartak ekoizteko erabilitako inprimatze teknikak azaltzen dira: xilografia, offset-a, metalezko matrizeak, litografia... Sala erdian dago kokatuta piezarik deigarriena, urdin kolorekoa, handia, errotatiba txiki baten antzekoa. Eta haren inguruan, sakabanatuta, beste hamaika pieza ikusgarri. Guztiak dira Fournier enpresan erabilitakoak.

Goiko solairuak, berriz, kartaz josita daude, azalpen interesgarriz eta datu zein pasadizo historikoz txukun-txukun inguratuta. Hainbat tokitako karta sorten bilduma dago ikusgai, bai Gasteizen egindakoak bai munduko hamaika lekutatik ekarritakoak. Hori bai, txoko batean aipamen berezia egiten dio Gasteizen Heraclio Fournierrek sortu eta haren iloba Félix Alfaro Fournierrek jarraitutako karta enpresaren historia eta garapenari. Izan ere, iloba izan zen museoaren bildumaren sustatzailea.

24.000 ALETIK GORAKO FUNTSA

Guztira, 24.000 aletik gorako funtsak ditu egun museoak. Bost kontinenteetako karta sortak ditu, teknika diferenteak erabiliz hainbat garaitan ekoiztutakoak. Dena dela, bilduma osoaren aukeraketa bat soilik dago erakusgai eta, gainera, beira-arasetan babestuta, tenperatura, hezetasuna eta argiztapena kontrolatuz kontserbazio egoera egokia bermatzeko.

Formatuak, koloreak, inprimatze teknikak, jatorriak... Bai eta irudiztatutako gaiak ere. Sorta bakoitza berezia da, ezaugarri propioak ditu, besteengandik bereizten duena. XV. mendetik gaur egunera arteko bilakaera, noski, ikusgarria izan da. Eta hori guztia islatzen du egoki museoak. Bistan da karten aniztasunak eta bildumen osaerak aditzera ematen dutela mendeetan zehar zenbat joko izan diren munduko hainbat eta hainbat tokitan.

Nolanahi ere, badira bisitariak bereziki liluratzen dituzten karta sortak; adibidez, Indiako ganjifak, borobilak eta kolore biziekin eskuz apaindutakoak, eta olerkigintza ikasteko ere balio duten karta japoniarrak.

Bildumako karta zaharrenetarikoak ikusteko lehen solairura igo behar da. Bertan daude, besteak beste, Erdi Aroko Proventzako kartak eta Rhin Garaiko paper orri aleman bat. Halaber, bisitariak Espainian XIX. mendean litografiatutako lehen aleak ikusi ahal izango ditu.

Bigarren solairuko aretoek, berriz, sorta ugari biltzen dituzte, gaika banatuta: historia, heraldika, kostunbrismoa, literatura, geografia, musika, mitologia, astronomia, igarpena, magia, tarota...

MUSEOAREN JATORRIA

Museoaren jatorriari ere eskaintzen dio atal berezia erakusketa iraunkorrak, batez ere Heraclio Fournierrek Gasteizen sortutako enpresaren historia eta bilakaerari. Haren biloba, Félix Alfaro, 1916an hasi zen karten bilduma egiten, hainbat erosketa eta bildumazaleen eta norbanakoen dohaintzaren bitartez handituz joan zena. 1970. urtean enkante batean Thomas De La Rueren bilduma eskuratu izana garrantzi berezikoa izan zen, ordura arte Londreseko British Museum-ean zegoen bilduma eskuratuta, Europan kontserbatzen diren karta zaharrenetakoen ale batzuk lortu baitzituen.

Bilduma San Kristobaleko fabrika zaharreko instalazioetan egon zen erakusgai, 1984an Arabako Foru Aldundiak erosi zuen arte. Eskualdatzearen ondoren, garaiko Probintzia Museoan (egungo Arte Ederren Museoa, Augustin-Zulueta jauregian) kokatu zen bilduma baina, espazioa txikiegi gelditu zenez, 1994an, Bendaña jauregian kokatu zen museoa. Gaur arte.

Bendaña jauregia arrieta-maestutarrek eraiki zuten XVI. mendearen erdialdeko urteetan familiaren orube batean, Erdi Aroko dorre baten hondakinen gainean. Familia horien armarriak ikus daitezke oraindik eraikinaren zenbait lekutan. Bai kanpoaldeko itxura, bai barrualdeko egitura eta patio argitsua liluragarriak dira. Magikoak.