bidaiari - bidaia aldizkaria

Guam irla, Mikronesiako harribitxia Pazifikoaren erdian

Ozeano Barean dagoen irla txiki bat da Guam (Guahan chamorrueraz, bertako hizkuntza indigenan), baina inguruan diren uharteetako handiena da. Ez alferrik, Mikronesia deritzo Asia eta Amerika artean diren artxipelagoei. Horietako gehienek Estatu Batuekiko lotura estua eta akordio zehatzak dituzte, batzuk independenteak dira, eta beste batzuk Washingtonen menpe dira administratiboki ere, Guam kasu.


“Amerikan eguna hasten den lekua” esaldia erabili ohi dute irla aurkezteko; Estatu Batuetan ekialderen dagoen lekua baita. Hain ekialdera eze, uhartea ez baitago Ameriketako kontinentean, Ozeanian baino. Are gehiago, irlak hurbilago du Asia Ipar Amerika baino. Guamen astelehen goiza denean, igande eguerdia da oraindik Kalifornian. Hurbilen dituzten hiriak Tokio, Seul eta Taipei dira; ez da harritzekoa, beraz, asiar turistak jasotzea batez ere. Tumon badian, aireportuaren parean, japoniera da nagusi. Itsasoak ur-kolore ederrak ageri ditu, eta harea zuri-zuria da, hotel handiek desitxuratzen dute pixka bat horren txoko ederra, baina noski, duty-free saltokiek ere erakartzen dute turista mota bat.

Kontinente gehienen eragina ageri du Guamek: Espainiaren eta Gaztelaren menpe eman zituen 300 urte, Pazifikoaren erdian dagoen geltoki garrantzitsuenetakoa zelako Koroaren agintepeko galeoientzat Mexiko eta Filipinen artean. Erdibidean baina bietatik urrun. Hain urrun ze, 1898an Espainiaren eta AEBetan arteko gerra piztean Kuban, eta estatubatuarrek Filipinak eta Puerto Rico okupatu ostean, Guamera iritsi ziren.

Bertako gobernadoreak, gertatzen ari zenaren berririk ez zuela, desenkusatu egin zitzaien AEBetako militarrei behar bezalako harrerarik ez egiteagatik, oharkabean ailegatu zirelako. Biharamunean jakin zuen auzia zertan zen, eta errenditu egin zen. Ordutik, Estatu Batuen menpe dago uhartea, II. Mundu Gerran Japonian okupatu zuenean salbu. Irlako txoko askotan gerrako oroitarriak eta monumentuak daude, Pazifikoko Gerraren parke historiko nazionala (War in the Pacific National Historic Park) 8. errepidean hegoalderantz joanda dago, irlaren mendebaldean. Asan hondartza, estatubatuen lehorreratze nagusiaren gunea izan zen 1944ko uztailean. Egun harea eta belarrezko leku lasaia da, eta ikusgai daude torpedoak eta beste oroitarri eta monumentu batzuk.

METROPOLIEN NAHASTEA

Uhartearen jatorrizko izena Guahan da chamorrueraz, gerora espainiarrek Guaján eta estatubatuarrek Guam deitu diote. Antzeko zerbait gertatu zen Hagåtña hiriburuarekin: espainiarren mapetan “Agadña” edo “Agaña” ageri da; AEBek konkistatzean ñ hori galdu eta Agana izan zen XX. mendean zehar, harik eta, duela mende laurden, irlako Parlamentuak chamorruerazko izena eta idazkera berreskuratzea onartu zituen arte. Ordutik, Hagåtña izendapen ofiziala dauka irlako hiriburuak.

4 kilometroko ibilbide batek (Hagåtña Heritage) Guameko leku historiko ikonikoenak zeharkatzen ditu. Bertan da, esaterako Dulce Nombre de Maria katedral-basilika; Kepuha buruzagiak 1669an Luis Diego de San Vitores apaizari Guamgo lehen eliza katolikoa eraikitzeko eman zion lurretan. Ibilbideko beste gune ikoniko bat Plaza de España da; mendeetan zehar kultura-, erlijio- eta gobernu-jardueren erdigune izan da. 1660ko hamarkadan, Espainiako gobernu kolonialak leku hau aukeratu zuen Plaza Principál bezala. Leku historikoen artean honakoak ere aipagarriak dira: Azotea, gobernadorearen jauregitik geratzen den azken zatia; Almacen Arches, 1736an eraikitako errege-biltegiaren sarrera izan ziren arku hirukoitzak; eta Chocolate House eraikin txiki biribila, bai Espainiako bai AEBetako administrazioek meriendak antolatu ohi zituzten bertan.

Ibilbideko gune aipagarria da San Antonio zubia ere, uhartean zutik dirauten harrizko zubietako bat da. 1800ean eraiki zuten Agaña ibaiaren gainean (1946an ibaia desbideratu zuten). Zubiaren aldamenean Sirena estatua dago, Guameko itsaslamina ospetsua. Angel Santos Memorial Parkean, zortzi latte harri ere badaude; Guam eta gainerako Mariana uharteetako zutabeak antzinako eraikuntzen oinarri gisa erabili ziren 800 urtetik XVIII. mendera arte. Antzinako chamorroek zur eta lastozko etxeen oinarrietarako baliatzen zituzten latte harriak.

CHAMORRO KULTURA

Chamorroak dira egun ere Guameko biztanleen gehienak, baina erdiak baino gutxiago dira orain, eta filipinarrak ia indigenak beste dira. Asia ta Ozeaniako beste herri batzuetatik eta AEBetatik etorritako jendeek osatzen dute gainerako biztanleria. Aireportura iritsitakoan ingelesarekin batera ageri den chamorroerazko esaldietan zerbait ezagun egin zaigu, mikronesiar hizkuntza berez oso arrotza izan arren: espainieraren eragin handia dauka, bai hiztegian, bai esamolde arruntetan. Hala ere, desagertzeko zorian egon da, egun ahaleginak egin arren biziberritzeko. AEBen menpe emandako lehen lau hamarkada kolonialetan hizkuntza erabat debekatu zen, ingelesa inposatu zen administrazioan eta eskolan oso gogor egin zuten bertako hizkuntzaren aurka. Espainieraren eraginetik kanpo, baina, hizkuntza biziberritzeko aukera ere egon zen. Euskaldun batek eragin handia izan zuen horretan: frai Roan Dornaku Olaetxea beratarrak chamorruera ikasi eta goitik behera eraberritu zuen.

Chamorro Village-ko gaueko azoka Hagåtña hiriburuko tokirik bisitatuenetakoa da. Turistikoa da baina merezi du ilunabarreko txangoa egitea bertara. Gainerakoan, Guameko hegoaldean goza liteke chamorru herriaren bizimodu lasaia (ospakizunen batekin topo egin ezean! Irlako 19 herriek egutegi katolikoaren arabera antolatu ohi dituzte ospakizunak, eta kultura indigena ezagutzeko aukera paregabea izaten da). Turismotik, armadatik edo AEBetako ohiko bizitzatik urrunduta patxadaz bizi den eremua da Guam hegoaldea.

IBILBIDE BAT KOSTALDERAINO

Taleyfac-ek marka lezake eskualdera sarrera, espainiarrek eraikitako harrizko zubiarekin. Errepidea kostaldetik urrundu egiten da hegoaldeko muturrerantz abiatzeko, eskumatara, une batean, begiratokia dago, eta merezi du geratzea. Parean, Sella badia ageri da. Atzean, berriz, inguru mendi eta oihanek oso ikuspegi ederra eskaintzen dute, baita aurreraxeago dagoen Cetti badiako begiralekutik ere. Oinezko ibilbide bat kostalderaino doa, behinolako chamorro herri bateraino. Hegoaldeko mendiei erreparatuz gero, berriz, Mt Jumullong Manglu mendiko gurutzeek eman digute atentzioa. Ostiral Santuan bertaraino egiten dute prozesioa sinestunek.

MEMORIA BIZIA

Umatac badian lehorreratu zen Magalhaes 1521ean, izen bereko herrian monumentua dauka portuges nabigatzaileak, San Dionisio elizaren hondakinen ondoan. Herria berez atsegina da, baina bistarik onenak ikusteko Nuestra Señora de la Soledad-eko espainiar gotorlekua egon zen lekuraino igotzea komeni da, badia guztia magalean duela. Aurreraxeago, Merizok Guameko hegoaldeko muturra adierazten du; kanpandorre dotorea dauka, eta San Dimas elizan 1944an japoniarrek exekutatutako 46 chamorro herritarren oroitarria dago.

Inarajan herriko sarreran, ume eta gazteak Salugula igerileku naturalean bainuan aurkitu ditugu. Hemen ere, japoniarrek exekutatutako herritarren oroitarria dago. Handik gertu, itsasaldean, Chamorru Cultural Village banbu eta lastoz egindako etxe txikien gunea da. Chamoru bizitzaren berri ematen da bertako gastronomia eta artisautzaren bidez.

Ekialdetik berriz ere iparraldeko bidea hartuta, Tarzan Falls eta Talafofo urjauziak daude. Inguruan ibilbide ugari daude antolatuta, eta zubi eseki batetik ere ikuspegi bikaina hartzen da. Inguru honetako hondartzetako harea iluna da. Uhartearen erdialdean, geografia estutu egiten da Pago Bay-n, hegoaldeko eremu zabalaren ordez eremu txikia eta gero eta urbanizatuagoa ageri zaigu Hagåtñara bidean doan errepide estutik.

Iparralderantz, Two Lovers Point-etik ikuspegi bikaina dago. Aurrerago, Ritidian Point Guameko iparraldeko muturrean dago. Inguruan ez du eraikuntzarik, AEBetako armadak hartutako lur eremu zabal baten amaieran dago, oihanak ozeanoarekin bat egiten duen lekuan. Paradoxikoki, gune militarra izateak turistikoki askorik garatzea eragotzi dio, eta jatorrizko itxurari eustea neurri handi batean. Hala ere, Guam ez da handia, eta litekeena da beste familia batzuk ere bertan izatea, asteburuetan batez ere.