Testua eta argazkiak: Andoni URBISTONDO

Aratz: handien itzalpean, beti handi

Aizkorriko gailurreria ezagunaren magalean dago Aratz. Haren itzalpean bizi da hau, baina bere tokitxoa ere badu euskal mendizaleen artean. Arabako garaienetakoa delako, 1.445 metrorekin, eta igotzen erraza. Euskal Herriko erdigune geografikotik hurbil dago, eta bista ikusgarriak eskaintzen ditu, noranahi begiratuta ere.

Aratz Altzaniako mendietan dago berez, baina mundu guztiak Aizkorriko mendikatearekin lotzen du. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean kokatzen da, zehazki. Arabako lurretan dago tontorra, eta herrialde horretako mendirik garaienetakoa da, 1.445 metrorekin. Gorbeiak, erdia Bizkaia, erdia Araba, eta Toloño mendizerrako bi gailurrek bakarrik gainditzen dute: Larrasa edo Palomares faltsua (1.454 m.), eta Palomares gailurra bera, metro bakarrarengatik (1.446 m.). Aratzeko urak Mediterraneo isurira doaz, eta horrek bere klima ondoan duen Aizkorrikoa baino lehorragoa, hobexeagoa izatea dakar. Ohikoa izaten da Aizkorriko hegia lainoek irentsita ikustea, eta Aratz lainoetatik libre. Egoera bitxia, Aizkorritik Aratz gailurrera lauzpabost kilometro baino ez baitaude, lerro zuzenean.

Aizkorriren itzalpean egonda ere, mendi handia da Aratz. Tamainaz eta altueraz. Hegora, Aiara aldera 850 metroko desnibela dauka, eta desnibel hori mendi gutxik daukate Euskal Herrian. Gasteizera bidean, Araia herria pasatu arte, apenas sumatzen da bere tontorra, baina Gasteiztik ekialdera Aratzen zaindari itxura sumatuko dugu, Arabako Lautadan barrena gatozela, kilometro askotan.

Bi abiapuntu nagusi ditu Aratzek. Araia herritik, Araban, eta Aldaola aparkalekutik, Gipuzkoan (Otzaurte lepoan hasten den pista batetik irits daiteke bertara). Gipuzkoako igoerak Arabakoak baino desnibel metatu apalagoa dauka, eta bideak ezagutzea komeni diren altxor pare bat erakutsiko dizkigu: Sandrati aterpea eta izen bereko kobazuloa edo tunela. San Adrian izena ere hartzen dute bi tokiek, eta kobazuloaren kasuan Lizarrateko pasabidea ere esan izan zaio.

Ikur dira bata zein bestea, baina kobazuloak bere horretan mantentzen du bere handitasuna, eta aterpea eraikin zatarra bilakatzen ari da etengabe, 2010ean ixtea erabaki zutenetik. Ulergaitza da, erabat, 935 metrora, Gipuzkoako mendikate ezagunenean dagoen eraikin dotore hori abandonatu izana, eta inork egoera horri erremediorik ez ematea. 2010 arte milaka izan ziren, ginen, han gauren bat igarotako euskal mendizaleak, eta ondare hori harrika botatzea salatzeko modukoa da.

Iraganean ezinbesteko geltokia zen aterpea; egun pausoa azkartzen du edonork bertako zabor gunearekin triste ez jartzeko. Aterpea atzean utzi eta berehala San Adriango kobazuloa edo tunela ikusiko dugu. Kobazulo naturala da, geologiak berez sortua, 1.000 metroko garaieran. 55 metro da luze, eta pasatzen zaren aldiro txundituta geratzen zara natura egiteko gai dena konprenitu ezinik. Gure arbasoek erabilitako pasabide ezagunenetakoa da, kostaldetik barrualdera joateko. 2015ean Donejakue Bideetako Ondare izendatu zuen UNESCO erakundeak tunela bera, eta tunela zeharkatzen duen galtzada.

Kobazulo barruan ermita bat dago: San Adrian ermita. Sandrati izenaren jatorria ulertzeko ermitak bere sorreran izan zuen izena hartu behar dugu aintzat: Santa Trinidad. Izen hori Sandrati bilakatu omen zuten pixkanaka bertaratzen zirenek. Kobazuloko bi irteeratan haizea izaten da normalean, eta sabaitik ur txorrotak erortzen dira etengabe. Zorua hezetuta egoten da sarri, eta urte batzuk atzera kate bat jarri zuten arrokako horman, erorketak saiheste aldera.

ESKARATZA ITURRIA

Kobazuloa zeharkatuta, bost minutuan Aizkorri eta Aratz mendietako bideak banatzen dituen bidegurutzera iritsiko gara. Galbiderik ez du. Mendebaldera egingo dugu, eta Aizkorriko bidea eskuinera utzi. Azkar, 300 bat metrora, adi egon, galtzada nagusia utzi eta ezkerrera egin behar baitugu, hegorantz garbi. Iturri bat dago, Eskaratza izenekoa. Seinalea garbi ikusten da, izen horrekin, eta ura benetan ederra dago, fresko-freskoa.

Igoera tentetu egiten da iturritik aurrera. Hosto zoru eta pago baso dotorean barrena, bi zabal gune zeharkatuko ditugu, buruz gain goi-tentsioko dorreak ditugula. Bigarren zabal gunean ekialdera egingo dugu apur bat, kobazulora bueltan joango bagina bezala, eta han seinalea ikusiko dugu: Aratz 3 kilometro. Ez larritu, ez baitago hain urrun. Bigarren pagadia atzean utzi, eta kasko bat igo ostean begien aurrean agertuko zaigu Aratz handia, lainoen atzaparretatik ihes egin nahian. Gertu dago Araiara joateko bidegurutzea.

GAILUR IKUSGARRIA

Azken malkarra igotzea nekoso samarra egiten da, 200 metroko desnibela libratzen baitu ia-ia. Gailurretik gertu elur zulo batzuk daude, gizakiak hozkailuak asmatu zituen arte elurra urte osoan mantentzen zuten zulo sakon eta ilunak. Aratz gailurra ikusgarria da, eta bista benetan dotoreak eskaintzen ditu, Euskal Herriko erdigune geografikotik oso hurbil baitago (Andia mendilerroan dago gune hori, 15 bat kilometrora). Aizkorriko mendilerroa eta Anboto agertzen dira harro iparrera; Gorbeia eta Arabako Lautada zabala mendebaldera; Entziako Mirutegi, Kodes eta Toloño mendikateak hegora, eta Beriain eta Pirinioak ekialdera.

Itzulerako bidea Aratz mendiko ipar isuritik egingo dugu, Aratz-zelaia izeneko parajetik. Mendia inguratzen du, eta Araiara daraman bidegurutzean bat egingo dugu igoerako bidearekin. Aratz-zelaiak gandor eta erpin politak ditu iparralderantz: Argorri (1.301 m.), Maillukate (1.322 m.). Erpin garaiena 1.367 metroraino iristen da, baina hori igotzeko ausardia gehitxo eduki behar da. Itzulerako bidea osatu, autoa hartu eta Otzaurteko bentan sabel orroak apaltzeko erabakia zentzuzkoagoa da.