JAN. 05 2024 Urederra, harribitxi urdin turkesa, Urbasa mendilerroan Nafarroa eta Gipuzkoa artean estrategikoki kokatuta, Urbasa mendilerro karstikoak xarma berezia duten hamaika txoko hartzen ditu. Deigarrienetakoa da, zalantzarik gabe, Urederraren iturburua -«ur ederra»-, benetako kolore- eta soinu-ikuskizuna eskaintzen duena. Eli TXAPARTEGI Getty Images Bakedao abiapuntu egokia da Urederrako iturburura hurbiltzeko, 19 kilometro egin ondoren Ega ibaian itsasoratzen denera. Ibaiaren ibilguaren paraleloan doan bidezidorretik aurrera egiten dutenek gozatu egingo dute ehunka urteko haritz eta pago artean, ur-jauziz eta turkesa koloreko putzuz zipriztinduta. Eta hori guztia, Lokiz mendilerroaren magaletara begira. Aldez aurreko erreserba egin ondoren -duela zenbait urtetatik erreserba natural honen edukiera mugatua delako-, badira ibilbidea hasi aurretik iturburuaren goiko aldera gerturatzea erabakitzen dutenak, zehazki Urbaba begiratokira (Pilatosen balkoia ere deitua). Kareharrizko pareta ikusgarria da, anfiteatro itxurakoa, nondik ibaiaren silueta sigi-sagatsua ikus daitekeen, txori baten ikuspegitik. Urederrak zeharkatzen duen harana miresteko lekurik aproposena da. BEGIRATOKIA, HASIERATIK Altuera pribilegiatu horretatik erraza da putreak, sai zuriak, miruak eta beste hegazti harrapari batzuk behatzea, haitzetako tolesduretan sortutako zuloetan babesten direnak. Eta zorionekoenek, akaso, ugatzaren hegaldi dotoreaz ere gozatu ahal izango dute. Egia esan, begiratokia ibilbidearen azken puntua da, bere erraietatik, bere labar arrokatsutik, jaiotzen baita Urederra. Ehun metro baino gehiagoko ur-jauzia du abiapuntu. Gertatzen dena da puntu estrategiko horretatik, goitik, irudi ikusgarria lor daitekeela, ibaiaren ertzetik lortzen ez dena. Iturburuaren ikuspegia, jakina, oso desberdina da. BAKEDAOTIK Edonola ere, ibilbidea hasi aurretik iturburuko ur-jauziaz goitik gozatu izan arren, gomendagarria da txangoa Bakedaotik abiatzea. Batzuk informazio eske hurbiltzen dira turismo-gunera, bertan ibilbidearen mapa txiki bat eros daitekeelako, baina gehienek ez dute beharrik, bidea behar bezala seinaleztatuta eta egokituta dagoelako egurrezko pasabide eta eskaileren bidez. Seguruenik, iturburua lehen aldiz bisitatzen duena guztiz liluratuta geldituko da uraren tonu turkesa ikustean; izan ere, berde-urdin kolore berezia du, fenomeno karstiko berezi batek eragindakoa, adituen esanetan. Dirudienez, ura arroken pitzaduretatik iragazten da eta lur barrutik sortzen da etengabe. Gainera, turkesa koloreak kontraste deigarria sortzen du, batez ere udazkenean, berdez, marroiz, gorriz, horiz eta okrez tindatutako landaredia zipriztintzen duenean. UDAZKENEAN, BEREZIA Hain zuzen ere, okre koloreko paletagatik, askok udazkena aukeratzen dute aberastasun ekologiko handiko paradisu natural hau bisitatzeko. Beste batzuek, ordea, urtze garaia nahiago dute, ibaiak ur asko eraman ohi duelako. Nolanahi ere, kontuan izan behar da emariak eramaten dituen sedimentuek eragotzi egiten dutela haien tonalitate turkesa bereziaz gozatzea. Bidezidorrak aurrera egin ahala, eta pasabideen, harmailadien, ibairako begiratoki txikien eta zurezko zubien artean altuera hartuz doan heinean, putzuak eta ur-jauziak gero eta emaritsuagoak dira, eta, ondorioz, zaratatsuagoak. Bidea ibaiarekiko paraleloan doa, alboan goroldioz, huntzez eta likenez estalitako arroka handiak eta itxura dotoreko zuhaitzak dituela, hala nola, ehun urteko pagoak, haritzak, zumarrak, haginak, urkiak, hurritzak eta astigarrak. ITURBURUA, TRIKUHARRIAK ETA PAGADIA Eta, ibilbidearen amaieran, zarata burrunbatsuak eta ibaiaren emari oparoak zirku handitik indarrez erortzen den Urederraren zaldi-buztanaren hurbiltasunaz ohartarazten dutenean, seguruenik bisitariak begirada altxatuko du, oraingoan, behetik gora, Pilatosen Balkoian amaitzen den horma erraldoia eta Urederraren lehen jauzi ikusgarria miresteko. Nolanahi ere, iturbururainoko ibilaldiaz gozatu ondoren, bada Urbasa-Andiara bisita luzatzea erabakitzen duenik, parkeak eskaintzen dituen beste bideekin lotuz. Bi dira bereziki jende gehien erakartzen dutenak: Pagadi Sorgindua eta Urbasako Trikuharriak. Azken honek Pilatosen Balkoiaren goialdean du abiapuntua; hain zuzen ere, Urederraren iturburu den zirku harritsuan. Hamabi kilometro luze ditu eta historiaurreko aztarnez zipriztinduta dago. Beraz, plan polita Urederrako iturburuko bisita bukatzeko.