Egin planak

Selma Huxley, euskaldunen aztarnen bila, Terra Novan

Azaroak 23-apirilak 7

“Selma Huxley: euskaldunen aztarnen bila, Terra Novan. XVI. mendea” erakusketak zientzialari aitzindaria eta nazioarteko historialaria izandako emakume aparta honen bizitza ezagutzeko aukera interesgarria proposatzen du Itsasmuseumen. Euskal Herriko eta Kanadako itsas historiako pieza garrantzitsua izan zen; izan ere, XVI. eta XVII. mendeetan euskaldunek Terra Novan egindako espedizioak aztertu zituen, ezagunak ez zirenak.

Huxleyren Michael Barkham semea da erakusketaren komisarioa. Historialaria eta Cambridgeko Unibertsitatean Geografian doktorea, Michaelek oso hurbiletik ezagutzen du Euskal Herriko XVI. eta XVII. mendeetako itsas historia, gai horren inguruan egin baitzuen doktore-tesia; gainera, aditua da Terra Novako euskal baleontzi eta bakailao-ontzietan.

Lau multzo tematikoz osatuta, erakusketak aukera eskaintzen du emakume interesgarri honen bidez Terra Novako euskal balea-industria ezagutzeko. Izan ere, haren ikerketari eta lortutako artxibo historikoari esker, historiaren kapitulu berri bat berreraiki ahal izan zuen: bakailao eta balearen euskal arrantza lekuak Terra Novan, bereziki XVI. mendean.

Honako hauek dira panelez osatutako atalak: ‘Selma Huxley eta euskaldunak Kanadan’, ‘Artxiboetan barna’, ‘Berreraikuntza historikoa’ eta ‘Aurkikuntza arkeologikoak’. Selmak aurkitutako dokumentu historikoen irudiak eta erreprodukzioak ere agertzen ditu.