APR. 05 2024 Almadiaren museoa, antzinako ofizioari omenaldia Urtero, udaberrian, Burgik harrotasunez ospatzen du bisitari gehien erakartzen dituen tokiko ekitaldia: Almadiaren Eguna. Bertako zein kanpoko ehunka lagun biltzen dira herrian, almadiazainen antzinako lanbideari jai giroan omenaldi ikusgarria eskaintzeko. Alabaina, aitortza ez da egun bakarrera mugatzen, hortxe zabalik baitago urtean zehar Almadiaren Museoa. Testua: Ane IPARRAGIRRE Argazkiak: FOKU Zalantzarik gabe, nafar herriaren historiaren kapitulu garrantzitsu baten protagonistak dira almadiak. Denbora luzez basoa izan zen herriko diru iturri nagusia. Zuhaitzak moztu ondoren, egurra ibaian behera eramaten zuten erosleen lekuraino, ondoren manipulatzeko. Eta, horretarako, almadiak erabiltzen zituzten. Zorionez, Nafarroako Pirinioetako antzinako lanbide horren memoriak bizirik dirau, batez ere Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteak egindako lanari esker. Hain zuzen ere, almadiazainen trebezia eta ogibidearen tradizioa iraunarazteko egindako ahaleginaren fruituetako bat da Almadiaren Museoa. XX. mendearen erdialdean desagertu ziren almadiazainak, errepideen eta garraiobideen bilakaeraren ondorioz eta, bereziki, Esako urtegiaren eraikuntzaren eraginez. Desagertu ziren, bai, ibaietatik, baina memorian tinkaturik jarraitzen dute museoan. Udaletxeko bi solairu zabaletan kokatuta, hainbat gairen inguruan egituratuta dago: mendiko bizitza, janzkera, emakumearen papera, Almadiaren Eguna... Pinu baso baten birsortzearekin agurtuko du museoak bisitaria; hortik abiatuko da prozesuaren deskribapena: basoaren ustiapena, almadiaren eraikuntza eta jaitsiera ibaian behera. ZER, NOLA, NON Museoan, jakina, oso ondo azaltzen da almadiak zer diren: luzera berdineko egur enborrez osatutako baltsa bat, landare soken bidez (zume basatia gehienetan) elkarri lotuta, puntan eta atzealdean arraunak dituela, baltsa ibaiaren ibilgutik ahalik erosoen zuzentzeko eta gidatzeko. Almadiazainen historia interesgarriaren berri ere izango dute museora hurbiltzen direnek: Erdi Aroan garraio mota hori Pirinioetan gehien erabiltzen zutenak Aragoikoak baziren ere, XVII. mendetik aurrera nafarrak jarri ziren zerrendaburu: urtean mila baino gehiago jaisten ziren Erronkaritik. Esca eta Irati ibaietan zehar, Aragoi ibairantz joaten ziren eta, ondoren, Ebrorantz. Azkenik, astebeteko bidaiaren ostean, Zaragozara iristen ziren. Almadiazaina izateak bizimodu arriskutsu eta abenturazalearekin lotura zuzena zuen, batzuek bizitza galtzen baitzuten ur-lasterrek, harriek, zurrunbiloek eta udaberriko izotz urtzeek eragindako istripuen ondorioz. Hori guztia primeran islatzen da almadiari eta almadiazainei buruz museoak eskaintzen dituen argazkietan, argitalpenetan, dokumentuetan, filmetan eta ikus-entzunezko erreportajeetan. Bertan, garaiko jantziak eta garraio berezi horiek egiteko erabiltzen ziren hainbat tresna eta erreminta gordetzen dira. Gainera, museoaren bisita ibilbide sinple batekin osa daiteke, ‘Burgi, ofizioen herria’ izenekoarekin, non parte hartzaileak tamaina errealeko almadia, ogi labea, ikaztegi bat, Erdi Aroko hozkailua eta karobi bat ikusi ahal izango dituen. Almadiazaina izateak bizimodu arriskutsu eta abenturazalearekin lotura zuzena zuen, batzuek bizitza galtzen baitzuten ur-lasterrek, harriek, zurrunbiloek eta udaberriko izotz urtzeek eragindako istripuen ondorioz