bidaiari - bidaia aldizkaria
Interview
Mamen Etxaniz

«Bidaiak bizitzen jarraitzearen zentzua du»


Mamen Etxanizek (Azpeitia, 1961) energiaz eta gozamenez aprobetxatzen du bizitza. Txikitatik bizikleta, eskia eta mendizaletasuna praktikatu izan ditu. Bergarako kooperatiba batean lan egin ondoren, 2017an aurre-erretiroa hartu zuen eta, ospatzeko, Chicagotik Kaliforniako Santa Monicara doan 66. ibilbide ezaguna zeharkatu zuen pedalei eraginez. Guztira, 3.450 kilometro 35 egunetan.

Harrezkero ez da gelditu; hamaika espedizio antolatu ditu. Bizikletaz Greziatik Azpeitira joan zen (2018ko udan) eta hurrengo urtean Himalaia mendikatean ibili zen Nepal aldean. Transpirenaika oinez egin du (2020ko uda). Bizikletaz ibili da Irlandan, Bolivian, Argentinan, Frantzian, Marokoko Atlasean, Espainiako Itzulian. Zeharkaldiko eski gainean Japoniako Hokkaido uharteko mendietan zehar ibili da, Norvegiako Zirkulu Polar Artikoaren gainetik eta Finlandiako Laponian ere ibili da pulkari tiraka. Horrez gain, txango txikiak egiten ditu Pirinioetan edo Teruelgo Mendi Hutsetan. Jakan etxea du eta, Gipuzkoara itzultzen denean, itsasoaren ondoan egotea gustatzen zaio; horregatik Debako hondartzan egin dugu hitzordua.

Pertsona hain urduria izanda, zer suposatu zuen zuretzat aurre-erretiroa hartzeak?

Askeago bidaiatzeko aukera dut, itzuleraren dataz kezkatu gabe. Orain herrialde batean bisaren epea bukatu arte antola ditzaket egonaldiak. Normalean hiru hilabete uzten dizkizute. Eta hori, ni bezalako pertsona batentzat, erabateko zoriona da. Gauzak nahi bezala eta nahi dudan denbora erabiliz egiteko unea noiz iritsi zain egon naiz denbora luzez.

Zergatik konbinatu dituzu txikitatik bizikleta, eskia eta mendia?

Eskertu egin behar dut kirol tradizio handiko Euskal Herrian bizitzeagatik. Aita (Patxi Etxaniz) Gipuzkoa osoan ibiltzen zen bizikletan eta garai hartan jendea harritu egiten zen. Txikia nintzenean, aita imitatzen nuen eta alde guztietara ihes egiten nuen bi gurpilen gainean.

Asteburuetan, neguan, Aralar mendilerrora joaten ginen, familian, Seat 600 batean, iraupen-eskia egitera. Anaia bat zuen Frantzian eskiak neurrira egiten zizkiguna.

2009an bizikletaz eta oinez ibili zinen, 40 egunez, Lhasa eta Katmandu lotzen dituen Adiskidetasunaren Ibilbidean eta, gainera, Everesteko kanpamentu nagusian egon zinen. Nola moldatu zinen munduko sabaian?

Himalaia mendikatea erreferentziazkoa da mendizaleentzat, surflarientzat olatu perfektua den bezala. 1980ko hamarkadan Azpeitiko alpinistek Annapurna, Jannu eta Everest mendiak egin zituzten. Nire herriko jendea Himalaian ikustea inspirazio iturria izan zen niretzat, eta galdetzen nion neure buruari: «Ostras! Zergatik ez nik?».

Nepalera joan nintzen lehen aldia montzoi ondoko garaian izan zen. Txarra egin zuen, baina hango aukerez jabetzeko balio izan zidan. 2009an berriz itzuli nintzen, Everesteko kanpamendu nagusira oinez heltzeko ametsa betetzeko. Eta lortu nuen, bai Tibeteko aldetik, bai Nepalgo aldetik. Gainera, Annapurnako kanpamentu nagusian ere egon nintzen. Aldi berean, konturatu nintzen Nepalgo goi mailako herrietakoek oso erraz eskaintzen dizutela ostatua. Hortik etorri zitzaidan ideia Great Himalaia Trail-era joateko hamarkada bat geroago, jada aurre-erretiroa hartuta.

Ideia izan zen 2019ko udazkenean Nepalgo Himalaia zeharkatzea, bertako gidari batekin. 1.110 kilometro, 70 egunetan. Nola egokitzen zara fisikoki ibilaldi hain luzeetan eta altura horietan?

Beldur nintzen gorputzak “nahikoa da” esango ote zuen, baina prestatuta nengoen, lehenago bizikletarekin entrenatu nuelako. Lehenengo hilabetean zortzi edo hamar orduko ibilaldiak egin nituen eguneko. Gero Katmandura jaitsi ginen, indarberritzeko eta bigarren hilabeteari aurre egiteko, eremu garaiagoa baita. Ordurako lasai eta pozik nengoen, egokitzapena eginda nengoelako eta inguruaren jabe nintzelako.

Ibilbidea hiru zatitan banatu zenuen, bat hilabete bakoitzeko. Nondik doa bidea?

Normalean zeharkaldi guztiak ekialdetik mendebaldera egiten ditut, eguzkiak bizkarretik laguntzea eta aurpegian ez jotzea gustatzen zaidalako.

Indiako Sikkimen mugatik gertu du abiapuntua. Kanchenjunga oihanetik eta te sailetatik pasatzen da, Everest ingurura iritsi arte. Bigarren etapan Langtang eta Manaslu haranetara iristen zara. Hirugarrenean, berriz, Annapurna, Dolpo, Jumla eta Far-Western Region zeharkatzen dituzu, herrialdearen mendebaldeko muturrean. 5.416 metroraino igotzen da bidea, baina, oso indartsu geundenez, azkar eta oso gustura egin genuen.

66. Bidea bizikletaz zeharkatuz estreinatu zenuen aurre-erretiroa. 3.450 kilometro izan ziren 35 egunetan, 2017ko udazkenaren hasieran. Zergatik aukeratu zenuen Ameriketako Estatu Batuetako errepide ospetsu eta klasiko hau?

Garai batean bai, baina orain ez da lehen bezain erabilia. Herrialdearen zati handi bat lasai zeharkatzeko modukoa da. Normalean udaberrian egiten da, udan tornadoen arriskua dagoelako.

Missourin eta Kansasen jendea dago herrietan; Texasen eta Mexiko Berrian, aldiz, ez dago inor, pelikuletako mendebalde zaharrean bezala. 40 edo 70 kilometro egin ondoren, gasolindegi batera iristeko irrikaz zaude, norbaitekin topo egiteko. Motel bat agertzen zenean, esaten nion neure buruari: «Hemen geratuko naiz; bestela, salduta zaude».

Arizonan, Coloradoko arroilaren parean, zibilizazioan sartzen zara berriro, Santa Monica kaian bidaiari amaiera eman arte.

Bizikletaz Europako hegoaldea egin duzu, Greziatik Azpeitira. Eta berriki Ipar Lurmuturrera iritsi nahi zenuen, baina Bruselako aterpetxe batean lapurtu egin zizuten. Nork pentsatuko zuen!

Azpeitian etxetik irten eta Donibane Garazira joan nintzen EuroVelo 3 hartzera, Santiago de Compostelatik Norvegiako Trondheimera doan distantzia luzeko Europa barneko bizikleta sarea. 1.300 kilometro inguru egin nituen ia errepiderik ukitu gabe. Gozamena izan zen! Parisen izan nintzen, baina Bruselan bizikleta eta ekipajea lapurtu zizkidaten, txirrindulari jantziarekin bakarrik utziz. Dena den, laster ekingo diot berriro bideari.

Mendiko eskia egiteak leku idilikoak ezagutzeko ere balio izan dizu, hala nola Japoniako iparraldeko Hokkaido uhartea edo Norvegiako fiordoetako Lyngen...

Japonian Yotei sumendian egon ginen, Niseko inguruko Shikotsu-Toya parke nazionalean. Hokkaido Siberiatik hurbil dago (Tokiotik mila kilometrora) eta, beraz, hotzak elur bikaina sortzen du, sei eta zortzi metro bitarteko geruzekin; flotatzen ari dela sentitzen du eskiatzaileak. Bertako biztanleak ainuak dira, hizkuntza eta nortasuna dutenak. ‘Onzen’ak, ur termikoko bainu publikoak, lurralde honetako bereizgarriak dira. Sentipen bitxia eragiten du bainatzeak, batez ere elurra ari duen bitartean. Lyngen Zirkulu Polar Artikoaren gainetik dago. Elur hauts ona dagoenean, mendi gailurretik irristatuz itsasoraino jaitsi zaitezke.

2023ko martxoan zeharkaldi bat egin dut pulkekin Urho Kekkonengo Parke Nazionalean, Finlandiako Laponian. Bi astez autosufizientea izan behar duzu babeslekuak erabiliz. Muino asko daude eta mando baten antzera 30 kiloko lera arrastatu behar duzu. Laponiara itzultzeko zorian nago espedizio berri batera.

60 urte baino gehiago izanda, gauza inportantea izan behar du zuretzat espedizio berrietan parte hartzeak. Pertsonak, kulturak eta geografiak ezagutzeaz harago, zer zentzu du bidaiak?

Bizitzen jarraitzearen zentzua du. Goizean jaikitzen zarenean, ilusio bat behar duzu, urdailean kilimak egingo dizkizun proiektu bat. Abiatzerakoan, beti izaten duzu urduritasuna; emozio hori ez da diruz ordaintzen. Bidaia antolatzeak ematen dizun bizitzeko gogoa, buruan sortzea eta burutzea… Hori dena bizitza da niretzat.